
Usurbilgo Udalak zaintza baliabide berritzaile bat jarriko du martxan, udazkenetik aurrera, Egurtzegin: bizi osorako etxebizitzak, zaintza behar duen pertsona eta bere zaintzailea bertara elkarrekin bizitzera joateko. Horren inguruko xehetasunak aletu dituzte Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak eta Maider Azurmendi Matiako saretze komunitarioko arduradunak.
Solaberrietak azpimarratu du gaur egungo gizartearen erronka nagusietako bat zaintza dela, «gizartea zahartzen» ari delako eta bakardade egoerak areagotzen direlako. Ohiko egoitza ereduei alternatibak bilatzeko beharra nabarmendu dute, eta bizi osorako etxebizitzak aukera egokia izan daitezkeela uste dute, bereziki bakarrik eta laguntzarik gabe bizi diren pertsonentzat. Ildo horretatik, ohiko egoitza ereduari beste alternatiba bat bilatzeko beharra nabarmendu du Azurmendik: «Egoera gero eta anitzagoak ari dira sortzen, eta horrek etxebizitza aukera eta eredu desberdinen beharra jartzen digu mahai gainean». Usurbilgo Udalak zaintzaren ikuspegitik etxebizitza politikak aurrera eraman nahi izan ditu, eta Lakuari herria etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu gisa izendatzea eskatu dio.
Etxebizitza plan berri hau, laguntza edo zaintza beharra duen pertsonari eta bere zaintzaileari zuzenduta dago bereziki, beren bizi-proiektuarekin jarraitzeko aukera izan dezaten. Onuradunak, mendekotasun mailaren nahiz adinaren arabera, ordenantzan zehaztutako hiru kolektiboetakoak izan daitezke, eta egoera berezietan, gizarte-langileek erabakiko dute. Etxebizitza bakoitzean gehienez hiru pertsonak bizi ahal izango dute, eta errentak ez du diru-sarreren %30 gaindituko, gastu orokorrak barne. Errentaz gain, zaintza zerbitzuengatik kuota bat ere ordaindu beharko da.
Halako sei etxebizitza daude, eta Matiarenak dira, jabetzan: Udalak eta Matiak alokairu kontratua sinatu dute, seitik lau usurbildarrei eskaini ahal izateko. Udalak, era berean, alokairuan eskainiko dizkie herritarrei, eta horien erabilera, esleipena eta baremazioa arautzeko ordenantza landu berri du.
Esleipena Gizarte Zerbitzuek egingo dute irizpide desberdinak kontuan hartuz, eta kontratua bost urterako izango da. Etxebizitzak guztiz irisgarriak eta hornitu gabe daude, altzari propioak eramateko; bina logela eta komun dituzte, eta espazio komun bat partekatzeko aukera ere bai. Ordenantza uztaileko osoko bilkuran onartuko da, eta alegaziorik ez badago, izen-ematea irailaren amaieran edo urriaren hasieran hasiko da. Ate ireki berria urriaren 2an egingo da.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
