NAIZ

Gasteizko jaietan «Etxera» aldarria kalera aterako du Sarek

Gasteizko jaien bueltan egitaraua antolatu du Sarek aurten ere, uskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea aldarri. Uztailaren 25eko eta abuztuaren 5eko ekimenen berri emateko agerraldia egin dute eta datozen egunetan plazaratuko dute Etxera karpako egitaraua.

Agerraldia egin dute egitarauaren berri emateko.
Agerraldia egin dute egitarauaren berri emateko. (Raul BOGAJO | FOKU)

Gasteizko jaietarako egitaraua aurkezteko agerraldia egin du Sarek, Zeledonen jaitsierarako aste gutxi falta diren honetan. Aurten ere euskal preso, iheslari eta deportatuen auziaren konponbidea izango dute aldarri, «ezin dugulako ahaztu urtetako gatazkaren ondoren, oraindik askatu beharreko korapiloak ditugula eta, jakin badakigu oraindik ere, indar handia duten intertziek gatazka eta sufrimenduzko iraganera eraman nahi gaituztela, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen», adierazi dute.

Horretarako, jaien aurretik, uztailaren 25ean, eta behin jaiak hasita, abuztuaren 5ean, ekimenak antolatu dituzte eta haietan parte hartzeko deia luzatu diete herritarrei. Urtero egin ohi duten ekitaldia izango da uztailaren 25ekoa. Santiago egunez, senideek, blusek eta neskek lagunduta, hitzordua dute 12.00etan Foru Plazan, «etxerako garaia dela» aldarrikatzeko.

Horrez gain, abuztuaren 5an ‘Etxera Eguna’ antolatu dute, egun osoko egitarauarekin: bazkari herrikoia, material salmenta eta urteroko kalejira egingo dituzte. Andra Mari Zuriaren plazatik abiatuko dira 20.30ean eta txosngunean bukatuko dute ibilaldia, ekitaldi batekin.

Halaber, gaurko agerraldian aurreratu dute datozen egunetan emango dutela Etxera karpan jaietan antolatu duten egitarauaren berri.

‘Etxera’ aldarri izatetik lorpen kategoriara igarotzea nahi dute, «denok pozik sentiaraziko gaituen aurrerapausoa» izango delakoan. Izan ere, azpimarratu dutenez, «denok gara irabazle» eskubideen urraketa eta salbuespen eta mendeku politikak bukatzen direnean, «ekuazio politikotik kanpo sufrimendua uzten dugunean».