Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Gordailua, 10 urtez ondare arkeologiko eta paleontologikoaren kontserbazioaren erreferente

Gipuzkoako Lurralde Historikoko Ondasun Arkeologiko eta Paleontologikoen Gordailu Zentroak hamar urte bete ditu funtsezko erreferentzia gisa, eta egun berezi hau ospatzeko prentsa agerraldia egin dute Irunen. 

Arrikrutzeko lehoia, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan aurkitu daiteke.
Arrikrutzeko lehoia, Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan aurkitu daiteke. (Jagoba Manterola | FOKU)

Goizane Alvarez, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kulturako diputatuak, zentroaren lana goraipatu du ostiral goizean Irunen emandako prentsaurrekoan. «Gordailua ez da biltegi hutsa; ezagutza sortu, jaso eta belaunaldi berriei iragana hurbiltzeko tresna aktiboa da», adierazi du. 2011n sortua eta 2014tik ofizialki bere eginkizun estrategikoa aitortuta, Gordailuak Gipuzkoako ondasun arkeologiko eta paleontologikoa jasotzen, zaintzen eta ikertzen du, etorkizuneko belaunaldiei transmititzeko helburuarekin. 

Hamar urte hauetan, 150.000 aztarna berri katalogatu, berrantolatu eta kontserbatu dituzte, eta guztira gutxigorabehera 700.000 pieza inguru gordetzen dituzte gaur egun. Tartean Lezetxikin aurkitu zuen Jose Migel Barandiaranek giza-aztarnarik zaharrena gordetzeaz gain, Euskal Herriko objekturik berezienak ere aurkitu daitezke. Hori gutxi balitz, Arrikrutzeko lehoiaren eskeletoa erakutsi du Sonia San Jose arkeologoak, Oñatin dagoen haitzuloan aurkitu zuten eta iberiar penintsulan osorik dagoen bakarrenetarikoa da eta Europa mailan ere horrelako eskeletorik ezin omen da aurkitu.

Zentroaren lana funtsezkoa izan da esparru publikoan ondarearen kudeaketarako, eta, Xabier Querexeta teknikariak adierazi duenez, «batzuetan ez gara konturatu ere egiten zenbat lan egiten dugun. Gordailua da batez ere lan egiteko toki bat». Bestalde, San Joseren hitzetan, «gure lana da materiala gordetzea, kontserbatzea eta dokumentatzea, gure arbasoen historia eta inguruko animalien bizitza berreskuratzeko; hamarkada askotako ikertzaileen eta boluntarioen lana ere omendu nahi dugu». bestalde, nahiz eta Gordailuak 9.000 metro karratu izan 7.000 kutxa antolatzeko eta biltegirentzako, jadanik espazio aldetik arazoak izaten ari direla jakinarazi du.

Hamar urteko bide oparoa

Gordailuak urtero 50 mailegu eskaera baino gehiago jasotzen ditu museoak eta erakusketak hornitzeko, eta bere ondare aberatsa munduko hainbat erakusketatan egon da ikusgai. «400 pertsona inguru jasotzen ditugu pandemiaz geroztik, eta, gainera, hazkunde nabarmena nabaritzen dugu», azpimarratu nahi izan du Alvarezek. Horrez gain, 2024an aurrerapauso teknologiko nabarmena eman zuen Gordailuak aplikazio digital berriarekin, eta 2025ean berritu egin da zentroaren izendapen ofiziala beste 15 urterako.

Etorkizunari begira, Gordailuak proiektu berriak ditu esku artean: inbentarioa normalizatzea, kudeaketa integraleko sistema berria garatzea eta Euskal Herriko beste zentroekin lankidetza indartzea, ondarearen kontserbazio eta zabalkunde eredugarrian sakontzeko.
Hamar urteko bide oparoa, oinarri zientifiko sendoa eta bokazio publiko irmoa izanik, Gordailua erreferentea bihurtu da bai Gipuzkoan, bai kanpoan, ondarearen zaintza, ikerketa eta zabalkundea bermatuz gizarte osoaren onerako.