
LABek Hezkuntza publikoan Lakuaren «bete gabekoak» salatu ditu ostiral honetan. «Sindikatuak Hezkuntza Sailarekin adostutakoa bete egin du eta orain Jaurlaritzari dagokio sinatutakoa betetzea», ohartarazi du hezkuntza publikoan igarotako ikasturtea «negoziazio, mobilizazio eta grebez josita» egon dela azpimarratuz.
Ohar batean azaldu duenez, sukalde eta garbiketan, plantillak handitzeko mekanismoa zehazten duen akordioan —2023ko azaroan sinatutakoa— jaso bezala, Hezkuntza Sailak 16 lanpostu berri sortu behar ditu eta Haurreskolak Partzuergoan iazko martxoan sinatutakoagatik 63 lanpostu, baina «gaur gaurkoz sortu gabe daude eta horrek gainontzeko prozesuak oztopatu eta gelditu ditu, hala nola, lanpostuak esleitzeko lekualdatzeak edota esleipenak».
«Bestetik, ikasturte honetan zehar sinatutako hitzarmenetan negoziatuko zirela zehaztu bazen ere, Haurreskolak Partzuergoko eta heziketa bereziko hezitzaileen plantillak esleitzeko irizpideak ez dira adostu, Hezkuntza Sailak arduragabekeriaz jokatu du eta negoziazio hori atzeratu nahi izan du. Gauzak horrela, heziketa berezian, halabeharrez, 300 lanpostu baino gehiago sortu behar izan dituzte: horretarako, LABek proposatutako formularen bitartez kontratu horiei bakanteen izaera aitortuko zaie, nahiz eta ekoizpenagatiko kontratu bezala izapidetuko diren», gaineratu du.
Halaber, sindikatuaren esanetan. «haurreskoletan eta sukalde eta garbiketan antzeko akordioa sinatzea proposatu arren, LABek ez du erantzunik jaso. Bi kolektibo horietan ez da datorren ikasturterako behar izango diren baliabideen aurreikuspenik egin, espero dugu sailak uztaila horretarako baliatzea».
LABek dioenez, «irakasleen kolektiboan plantillak esleitzeko irizpideak adostu izanari esker, esaterako, Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan 54 talde gutxiago izan arren, 193 irakasle gehiago arituko dira 2025-26 ikasturtean. Hala ere, oraindik etapa guztietan irakasle bakoitzari murriztu zaion zuzeneko eskola- orduaren ondorioz ikastetxe bakoitzean sortu beharreko lanpostuak falta dira», gehitu du.
«Era berean, Bigarren Hezkuntzan Hedatze programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da hori. Hezkuntza Sailak aldebakarrez erabakitako irizpideak ezarri ditu», gehitu du.
Gauzak horrela, LABek Lakuako Gobernuari eskatu dio adostutako lanpostuak eta hitzarmenengatik sortu behar direnak ahalbideratu ditzala. «Gobernuan sartu zenean Pradalesek forma berriak eta elkarrizketara irekita egongo zela saldu bazuen ere, aurreko Gobernuaren jokabide berdina erakusten ari da. Jaurlaritzari ahoa betetzen zaio zerbitzua hobetu nahi duela esaten duenean, baina berau hobetzeko grebak egin behar izan ditugu eta oraindik ere adostuta dauden baliabideak ukatzen ditu. LABek exijitzen dio Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuari negoziatzeke dituen gaiei heldu eta uztailean adostea. Jokoan dago hurrengo ikasturtearen hasiera ordenatua».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
