NAIZ
Gasteiz

Aske geratu dira Gasteizen GKSren kanpaldi baten aurka oldartu ondoren atxilotutako lau gazteak

Aske geratu dira asteazken arratsaldean Gasteizen Ertzaintzak atxilotutako lau gazteak. GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak deituta Andre Mari Zuriaren plazan egin nahi zuten kanpaldiaren aurka oldartu ziren ertzainak eta udaltzainak.

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kanpaldia desegin zuten.
Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kanpaldia desegin zuten. (Iñaki BERASALUCE | EUROPA PRESS)

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak Gasteizko Andre Mari Zuriaren plazan antolatutako kanpaldiaren aurka oldartu eta desegin egin zuten asteazken arratsaldean, eta lau lagun atxilotu zituzten. Ostegun goizean geratu dira aske, Lakuako Segurtasun Sailak berri eman duenez.

GKSk eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak «txosnaguneko beto politikoaren aurkako protesta ekintza modura» antolatu zuten kanpaldia, aurten ere «txosnagunearen parte izatea debekatu» dietela salatzeko.

‘Gedar’ agerkariak azaldu duenez, kanpaldia hasi berria zutela, kanpin dendak plazan paratuta, ertzainek eta udaltzainek plaza inguratu zuten, hainbat pertsona identifikatu zituzten eta plazaren alde bat «hartuta», kanpaldian parte hartzen ari zirenen eta inguruan zeudenen kontra oldartu ziren, kolpeka. Lau pertsona atxilotu zituzten eta zaurituak ere eragin zituzten. Poliziek borra luzagarriak erabili zituzten, hedabide horren arabera.

Lakuako Segurtasun Sailaren bertsioaren arabera, «dozenaka gazte espazio publikoan zeuden, komunikatu gabeko kontzentrazio batean», eta poliziak ekimen horren «sustatzaileak identifikatzen saiatu direnean, bildutako gainerako pertsonek objektuak jaurti dituzte agenteen aurka, eta polizia hesia gainditzen saiatu dira.

Atxilotuei agenteen aurkako atentatua eta desordena publikoak eragitea egozten diete. Segurtasun Sailak dioenez, «istiluetan sei ertzain eta udaltzain bat zauritu dira».

Agerraldia eta elkarretaratzea

GKSk eta Etxebizitza Sindikatuak agerraldia egin dute ostegun goizean, «Ertzaintzaren eta Gasteizko Udaltzaingoaren eskutik jasan genuen errepresioa salatzeko eta poliziak eta Segurtasun Sailak hainbat dedabideren bitartez zabaldu duten errelatoa gezurtatzeko».

Azaldu dutenez, beren asmoa zen «arratsaldean kontzertu bat egin eta gaua bertan pasatzea», baina «giro lasaian egiten ari ginen ekimen baten aurka kargatu zuen Poliziak. Gezurra da objektu jaurtiketarik egon zenik. Kontrara, lau atxilotu, 11 identifikatu eta hamarnaka zauritu eragin zituzten, tartean kazetariak». Poliziek plazan zegoen jendearen aurka ere egin zutela adierazi dute, eta jende askok perimetro polizialetik atera nahi zuela baina ez zietela utzi.

Protesta «baketsua modu bortitzean erreprimitu» zutela nabarmendu eta hori erakusten duten «hamarnaka bideo» daude arren, «Ertzaintza eta Udaltzaingoa egoerari buelta emateko ahaleginean ari dira, beraien burua erasotu gisa kokatuz, errepresioa zilegiztatu eta egindako gehiegikeriak ezkutatzeko».

Gaur arratsalderako elkarretaratzea deitu dute (18.00) Andre Mari Zuriaren plazan bertan.