Aitor Agirrezabal
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Uztaileko azken ostirala, betiko azken Hatortxun: «Elkartasun haziak ernatuko dira berriro»

Mosaiko erraldoi batek etxerako bidea marraztu du ostiral honetan Lakuntzan, Sarek azken Hatortxuren baitan antolatutako azken ostiral nazionalean. «Hatortxuren enborretik sortuko dira kimu berriak, elkartasun taupadak biziberritzeko, espetxe eta erbesteko ilunak maitasun izpiekin argiztatzeko».

Lakuntzan egindako mosaiko erraldoia, Sarek azken Hatortxuren baitan antolatutako azken ostiral nazionalean.
Lakuntzan egindako mosaiko erraldoia, Sarek azken Hatortxuren baitan antolatutako azken ostiral nazionalean. (SARE HERRITARRA)

Hatortxu ez da musika jaialdi soil bat. Eta gaur eguerdikoa beste adibide on bat izan da. Sarek uztaileko azken ostiral nazionala Lakuntzara ekarri du gaurkoan, eta mosaiko erraldoi bat osatu du, 1.600 lagunen kolaborazioarekin.

Eguzkia eta hodeiak. Denek hartu nahi izan dute parte. Atzoko ajea arrastaka zekarren lagun-talderen bat, baita fresko etxetik Lakuntzara etorri berria zen jendea ere. Gazteak eta hamarkada gutxi batzuk batzen dituztenak. Denen artean osatu dute etxerako bidea marrazten zuen mosaiko handi bat herriaren bihotzean. Zentzu guztietan.

«Musika munduan hain ezaguna den ‘Azken guda dantza’ baten itxura hartzen du honek, ezta?», adierazi du Sareko kide den Mikel Mundiñanok, azken Hatortxu honi keinu eginez. «Munduko kultura askotan gudara joateko prestatzen ari diren borrokalariak dantza egiten dute indarra hartzeko. Ama Lurraren gainean erritmo jakin batean jauzi egin barren barrenean gordetako energia askatu eta beronetaz jabetzeko. Guk ez dugu gudara joan nahi. Aitzitik, gehiegi iraun duen guda bati behin betiko amaiera duin eta justo bat eman nahi diogu», azpimarratu du.

Horretarako sortu zen Hatortxu, ehunka familiek pairatzen zuten sufrimenduaren salaketa egin eta, bere neurrian, zama hori arintzeko. «Euskal Herriaren gehiengo oso zabal batek konponbidearen aldeko hautua aspaldi egina badu ere, Madrilen bereziki eta baita Parisen ere oraindik orain indar haundia dute gatazka eta sufrimenduaren suharra bizirik mantendu nahi duten eragileak».

Hatortxuk dispertsioaren krudeltasuna arintzeko lana egin du hamarkadatan. Eta orain badoa, nahiz-eta etengabe azpimarratzen ari diren bezala, oraindik espetxeetan lagun gehiegi egon. «Ez dugu ukatuko urte guzi hauetan Hatortxunn lanean ibili garenok amets egin dugula Hatortxu zoragarri horrekin, zeinean ospatuko genuen Euskal Herrian ez zegoela gehiago preso, iheslari eta deportatu politikorik», nabarmendu du Mundiñanok.

Egitasmo berriei lekua

Amets edo helburu hori ez dago beteta. Eta hori dela-eta elkartasunak beste forma batzuk hartuko ditu etorkizunean. Oihan Ekiza bozeramaileak osteguneko irekiera ekitaldian nabarmendu zuen moduan, azken Hatortxu igandean amaituko da «baina Hatortxu antolatzen dugunok astelehenean lanean jarraituko dugu».

«Euskal Herriaren bihotzetik sortutako proiektua izan da, eta ziur gaude Hatortxuk ereindako elkartasun eta maitasun haziak azkar ernatuko direla berriro, Euskal Herriaren luze zabalean loratuz, fruitu berri eta distiratsuak emateko. Hatortxu badoa ideia eta egitasmo berriei lekua egiteko. Hatortxu badoa aldaketak azkartzeko borrokatzen ari denak sormenaren gurpila etengabe astindu behar duelako. Ur geldoak ez baitu errotarria mugitzeko indarrik. Eta bai, ez izan zalantzarik, Hatortxuren enborretik sortuko dira kimu berriak, elkartasun taupadak biziberritzeko, espetxe eta erbesteko ilunak maitasun izpiekin argiztatzeko. Kateak apurtuz askatasunari ateak parez pare irekitzeko».

Mundiñanok «agur esateko aukera ohorea» dela ere nabarmendu du. «Eskerrik asko Sakana, eskerrik asko Euskal Herria. Maite zaituztegu! Eta ez ahaztu: bihar, etzi, Hatortxuren azken akordearen ohiartzuna haizearen itsasoan zabaltzen denean, Txantxangorrien belaunaldi berri batek arnastuko du akorde hori eta inoiz entzun dugun doinu ederrena bilakatuta itzuliko digu», aurreratu du.