Kazetaria / Periodista

Dena prest Idahon euskal diasporaren Jaialdia hartzeko

Luze joan da itxaronaldia, ohiko bost urteen ordez hamar izan baitira Boiseko Jaialdirik gabe, pandemiaren ondorioz. Baina Idahoko hiriburua prest dago euskal diasporaren Jaialdi handia hartzeko, eten luzearen ostean. Asteartetik igandera arte izango da topaketa, baina lehenagotik ere badago giroa.

2010eko Jaialdiko giroa.
2010eko Jaialdiko giroa. (Jon C. HODGSON)

Asteartean hasita eta igandera arte izango da euskal diasporaren Jaialdi handia Boisen. Ofizialki hala da, baina AEBetako mendebaldeko hirira iritsi direnek joan den asteburutik gozatu dute euskal kulturaren inguruan antolatutako ospakizunaz. Datozen egunetan, milaka bisitari izango dira, Euskal Herritik zein Ipar Amerikako euskal diasporatik bertaratutakoak.

Joan den asteburuan euskaldunen golf lehiaketa egin dute, eta Triki Taka Stomp euskal dantza eta musika saioa ere bai Treefor Music Hall-eko Hap Hap Lounge terrazako tabernan, euskal bloketik oso hurbil. Astelehenean ‘Kaixo! Parkea’ irekiko dute, eta asteartean erabat lehertuko da ospakizuna Ipar Amerikako euskal diasporaren hiriburuan.

Basque Block edo euskal blokean milaka lagun espero dira egunero aste osoan, baina Idahoko hiriburuko beste hainbat txokotara iritsiko da euskal ospakizuna. Euskal zinemaren eguna izango da asteartea, esaterako, zenbait film labur eta Bizkarsoro lan luzea izango dira ikusgai.

Boise eta Oñatiren arteko harremana

Unibertsitatean, Boise eta Oñatiren arteko programaren 50. urteurrena gogora ekarriko dute, Iñaki Galdosek idatzitako ‘Abentura bat baino askoz gehiago’ liburuaren ingeles itzulpena aurkeztuz. Bi hirien arteko harreman horretatik sortutako erakusketa Euskal Museoan dago ikusgai.

Unibertsitatean izango diren beste ekimenen artean, ‘Zortziak Bat’ sinposioa izango da asteazken eta ostegunean. Era berean, unibertsitatearen futbol zelaian emakumezkoen Athletic-eko 16-17 urteko jokalariek Boiseko Indie Chicas-en aurka jokatuko dute. Idahoko jokalari kadeteak iaz izan ziren Lezaman.

‘Basque-ing’

Jaialdiko egitarauan egunero ageri dena, ‘Basqueing at the Block’ da, hau da, euskal blokean jai egitea. Asteburuan, Expo Idaho erakustazokan izango dira dantza eta kirol-erakustaldiak. Aurretik, herri-kirolak euskal bloketik hurbil dagoen Idaho Arenan izango dira. Jaialdiko une gorenetakoa da, gure herriko betiko kirol-probak estatubatuarren ikuskizun bihurtuta, argi, musika eta oihuen artean.

Idaho Arenak hartuko ditu hurrengo egunetako gauak ere: ostiralean ‘Festara!’ saioa izango da, musika, dantza eta buru-handi eta erraldoiekin. Biharamunean dantzaldia. Berriz elkartu den Boiseko Amuma Says No euskal taldearekin batera izango dira Euskal Herritik joandako Neomak eta Gatibu.

Igandean egunez Expo Idahon izango dira ekitaldiak. Hala amaituko da, ofizialki, aurtengo Jaialdia. Bertako beteranoek badakite, bisitariek alde egin ohi duten azken egun hori berezia izaten dela, eta bati baino gehiagori ospakizuna ordu txikietara arte luzatu zaiola, euskal etxean hasi eta beste txokoren batean amaitu.

Interesa pizten duen ospakizuna

Jaialdi, beste ezeren aurretik, ospakizun handi bat baita, aspaldiko lagunak elkartzeko eta diaspora biziberritu eta ospatzeko. Nork bere eran bizi du euskal nortasun hori, eta neurri batean urtero ospatzen da, jaialdi txikiagoekin, mendebaldeko euskal etxeen picnic-etan. Bost urterik behin, baina, topaketa hori jaialdi erraldoi bihurtzen da. Oraingo honetan, hamar urte itxaron behar izan dira, pandemiaren ondorioz.

Boiseko Jaialdiaren inguruan aspaldi piztu zen ikusmina, eta ez Euskal Herrian edo euskal diasporan soilik. Idahoko erakundeek ere Jaialdirako argibideen txosten bat argitaratu dute, eta atzerriko hedabideek ere jarri diote arreta.

‘National Geographic’-ek, esaterako, 2025ean mundu osoan bisitatzeko 25 proposamenen artean sartu zuen Boise, «AEBen euskal jatorriko pertsonen kontzentrazio handiena» daukala gogora ekarriz, «XIX. mende amaieran artzain etorriak. Eskualdeak omenaldia egiten dio ondare horri euskal kulturaren munduko ospakizun handienetako den Jaialdiarekin». ‘Condé Nast Traveler’ aldizkariak ere aurtengo leku berezienen artean aipatu zuen Boise, «euskal jaialdi animatua dauka, eta etorkinen kulturek bultzatutako eszena gastronomikoa» nabarmenduz.