Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Elkarrizketa
Imanol Larrea Mendizabal
Soziolinguistako Klusterreko zuzendaria

«Euskaldun osoak behar ditugu, arlo guztietan gai direnak»

Soziologian lizentziatua eta Komunikazioan doktorea da Imanol Larrea Mendizabal, Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria. Immigrazioa, hizkuntza jarrerak, Kataluniako soziolinguistika eta arlo sozioekonomikoan euskara sustatzea landu ditu. Siadecok UEMAren eskariz egindako ikerketa aipatu dugu.

Imanol Larrea Mendizabal, Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria.
Imanol Larrea Mendizabal, Soziolinguistika Klusterreko zuzendaria. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

UEMAk eskatuta Siadecok egindako Hego Euskal Herriko 2036. urterako proiekzio demolinguistikoak larrialdi linguistikoa baieztatu du. Imanol Larrea Soziolinguistika Klusterreko zuzendariak ikerketa honen balioa nabarmendu du. Elkarrizketa osoan errepikatu du ikertzeko beharra.

Iruditzen zaio joeren berri bageneukala, baina hori zenbakietara eramateak bertze indar bat ematen diela. Data bat paratzeak ere bai. Bere ustez, datuek balio dute egiten ari garen hau egiteko; hedabideetan agertzeko, jendeari hausnarketak eragiteko eta gogoeta horiek plazaratzeko.

Oroitu du euskararen egoera larria izan dela gutxienez azkenengo bi mendeetan. «Ez dugu lortzen hori gainditzerik. Nire susmoa da ez dugula inoiz erabat lortuko», dio. Beretzat, eztabaida ez da larrialdian gauden edo ez, baizik eta larrialdiaren diskurtsoa erabiltzea komeni zaigun edo ez.

Ikerketaren zer balorazio egin duzue Klusterrean?

Orain arte ikusten ari garen joerak baieztatu ditu. Ez denez iragarpen bat, ez da hau gertatuko. Etorkizunaren zati bat gure esku dago. Egiten dugunaren araberakoa izango da geroa. Oraina ere ez den bezalaxe kasualitate bat. Egin denaren fruitua da neurri handi batean. Euskal Herrian hizkuntza politika oso ezberdinak aplikatu dira hiru administrazio lurraldeetan eta bilakaerak ezberdinak izaten ari dira. Horrek esan nahi du ezin diogula etsipenari lekurik utzi. Emaitzak ez dira onak. Etorkizuna ez da nahi genukeen bezalakoa, baina hor ere ez dakit nobedade handirik dagoen. Azkenengo hamarkadetan ibilbide handia egin dugu, baina konturatu behar dugu lurraldeen arteko aldeak izugarriak direla. Egindakoak handiak dira, baina hutsuneak ere bai. Beraz, guztiz osatu gabeko biziberritze prozesu baten ondorengoa da hau, eta ondorioa, gainera.

Duela zenbait urte euskara bidegurutze batean zegoela aipatzen zen, ez aurrera ez atzera. Orain argi gelditu da atzera doala?

Nik ez nuke hain argi esango. Ikerketan behin eta berriro diote elementu positiboak ere badaudela. Nahikoa dira? Ez. Gure oinarrietako bat da Klusterrean ezin dugula norberaren anekdotetan oinarrituta errealitatea irakurri. Baina gaurko anekdota bat kontatuko dizut. Antzuola herri euskaldunean, bake epaitegira deitu:  ziurtagiri bat behar dut, en castellano. Hutsune handi horiek hor ditugu. Baina irabaziak ere ezin ditugu ahaztu. Uste dut ikerketan sakondu behar dugula. Batzuetan itxuraz txarrak diren zenbaki batzuen atzean fenomeno positiboak daude. Adibidez, esaten da lehen hizkuntza euskara duten euskaldunen proportzioa jaitsiko dela. Baina euskara biziberritzeko hiztun berriak behar ditugu. Jakina, hiztun berri horien lehen hizkuntza ez da euskara izango. Hortaz, datu itxuraz negatibo horietan ikusi behar dugu benetan zer den galera bat eta zer irabazi baten ondorioa.

Arnasguneen kasuan ere egin daiteke irakurketa positiboago bat?

Gure kale neurketetan ere ikusten ari gara arnasguneetan edo gunerik euskaldunenetan erabilera behera doala. Horrek ez du esan nahi bat-batean Errezilgo euskaldunak erdaraz hasi direnik, baizik eta seguruenez herri horretara iritsi dela jendea beste gune batzuetakoa euskaraz ez dakiena edo euskaraz hitz egiteko ohiturarik ez daukana. Horren parean, gunerik erdaldunenetan erabilerak gora egiten duela ikusten dugu. Beraz, gure ondorioetako bat da muturrak diluitzen ari direla. Horrek dakar gune erdaldunen aldetik irabazi bat, baina gune euskaldunen aldetik galera bat. Batetik galtzen dena bestetik irabazten da? Esango nuke ezetz, gure egoerak behar duelako galerarik ez izatea eta irabaziak eta irabaziak izatea. Ez diot garrantzirik kendu nahi arnasguneen jaitsierari eta indar galtze horri.

«Ikerketaren beharra daukagu. Prekaritate handiarekin ari gara, eta hori ezin da izan. Beldurrik gabeko diagnosi zorrotzetan oinarritutako hizkuntz politikak behar ditugu. Bestela ez dugu hobetuko»

Hizkuntzaren egoeran eragiten dute gizartean eragiten duten faktore guztiek: demografia, ekonomia, bizimodu estiloa eta kultura, eta, zoritxarrez, baserriak hutsik eta landaguneak jende gero eta gutxiagorekin geratzen ari zaizkigu. Horrek eragin positibo bat ere badu: Tolosan euskararen erabilerak gora egin badu, izan da inguruan hogeitaka herri dituelako oso euskaldunak. Jakina, harrobi hori bukatzeak eragin txarra dauka. Hizkuntzaren erabilerarako hiztunen dentsitatea ezinbesteko ezaugarri bat da. Gaur egun, euskaraz hitz egiteko inguru askotan ahalegina egin behar da. Bilbon euskaldun gehiago dago Azpeitian baino. Ezin ditugu albo batera utzi ez Bilboko euskaldunak ez arnasguneetakoak; denen beharra dugu.

Arnasguneen gainbehera logikoa ere bada, migrazio mugimenduak eta hiritik herrirako joera ikusita, ezta?

Arrazoiak ikusten baditugu, logika baten barruan sartzen dira emaitza guztiak. Biztanle gero eta zaharragoak ditugu. Zaintza sistema publikoak ez dienez beharrei erantzuten, etxeetan zaintzaileak hartzera jotzen dugu. Zaintzaile horiek gehienetan kanpoan jaiotakoak dira eta espainieraz komunikatzeko gai dira. Orduan, gunerik euskaldunenetan ere espainiera sartzen ari zaigu, baina ez konturatu gabe.

Bai, baina bertakoen artean ere etxeko erabilera jaisten ari dela ageri da.

Bai, eta zalantza daukagu horren atzetik zer egon daitekeen. Egia da lehen hizkuntza euskara izatetik espainiera eta euskara, biak izateko joera handitzen doala. Hori lotuta egon daiteke bikote mistoekin, bat euskalduna da eta bestea ez, edo hiztun berriekin. Hor larriena izango litzateke lehen hizkuntza euskara duten familiek espainiera sartzea. Baina horien dimentsioa ez dakit zenbaterainokoa den. Erronka handi bat daukagu: euskaldun askok dagoeneko ez dute euskara lehen hizkuntza. Hemendik urte batzuetara, seme-alabak izaten dituztenean, nola egingo diete? Zein hizkuntza eredutara eramango dituzte? Ematen du hori gainditua dugula, EAEn betiere, jendeak D eredura eramaten dituelako. Baina D eredutik pasatu direnek, izan duten esperientziaren arabera, umeak D eredura eramango dituzte? Irabazi iturri bat izan den eskolan atzetik datozenek ez balukete bide hori jarraituko, atzerapauso gogorra etorriko litzateke.

«1960ko aldian iritsi zirenek ez zuten harrerarik izan. Akats hori ezin dugu errepikatu, eta errepikatzen ari gara. Migrazioen aurrean prestatu behar dugu»

‘Eskolak bakarrik ezin du’ esaten da. Horri gehitu behar zaio: ‘Eskolarik gabe ez dugu zereginik’. Euskarak eskola behar du, gainera kalitatezkoa.  Ezin da euskara irakatsi beste edozein hizkuntza izango balitz bezala, ze ez da. Eskolan legez jasota dagoen gaitasun maila txukuna lortu beharko litzateke, eta horrek eskatzen du irakasle guztiak prestatuta egotea. Klusterrean metodologiak sortzen ari gara irakasleekin ahozkotasuna lantzeko, eta ikusi dugu zenbait ingurutan ahozko gaitasunean gabeziak dituztela D ereduko ikasleek eta, bestetik, irakasleek ere hutsune metodologiko handiak dituztela. Tresnak sortu, garatu eta zabaldu behar dira. Euskaldun osoak behar ditugu. Gure ustez, horretarako, behar-beharrezkoa da gure gizartean hizkuntzak duen egoeraren berri izatea.

Zer erran nahi duzu euskaldun osoarekin?

Oso garrantzitsua da hau: historikoki eta gaur egun ere hiztun ez-osoz beteta gaude, adin tarte guztietan. Bakoitzak ditu bere hutsuneak. Helduen artean, zenbat euskaldun oraindik ere alfabetatu gabeak. Hiztun osoak behar ditugu, arlo guztietan gai direnak. Hiztun osoak ez ditugunez, haien portaerak ere akonplexuz beteak dira. Adibidez, beren ingurunetik hirira ateratzen direnean, erdaraz egiten dute.

 

Imanol Larrea Mendizabal. (Jaizki FONTANEDA/FOKU)


Euskaldunak gero eta zaharragoak izango garela dio ikerketak.

Hori ez da berez txarra. Horrekin beteko genuke azken hamarkadetako hutsune bat: heldu eta adinekoen artean euskaldunen proportzio oso txikia. Gazte euskaldun asko edukitzea oso ona da, baina beste adin tarteetan ere berdin-berdin oso ona da gero eta gehiago edukitzea. Ez dena ona da gazteen artean euskaldunen ehunekoa gero eta txikiagoa izatea. Hori gertatuko dela ikusten da.

Zer erranen zenuke migrazioaren eraginaz?

Erdaldun asko ditugu bertakoak, eta ez dugu lortu hor aurrerapen handirik. Helduen euskalduntzea eta alfabetatzea guztiz ahaztuta eduki dugu. Migrazioak, berez, ez du ezer berririk sortzen. Hemen hutsune bat daukagu euskararen ezagutzarekin, eta migrazioak egiten duena da hori handitu. Baina lehendik daukagu arazo bat. Ez litzateke bidezkoa izango orain errua bere bizi baldintzak hobetzera datorren jendeari botatzea. Egin behar duguna da migrazioen aurrean prestatu. Katalunian ari dira 20 urteotan harrera planak eta metodologiak lantzen, ez nahikoa, datuak ikusita, baina ari dira. Gu, berriz, beste alde batera begira ari garela uste dut. 1960ko aldian iritsi zirenek ez zuten inolako harrerarik izan. Akats hori ezin dugu errepikatu, eta errepikatzen ari gara. Euskaltzaletasunetik ere xenofobia handi bat izateko arriskua dugu eta horren aurrean lan egin behar dugu.

Berezko zailtasuna du hizkuntza baten biziberritzeak. Nola lortu?

Euskararen biziberritzea serioago hartu behar dugu. Tresnak behar ditugu eta tresna horiek bertan sortu behar ditugu. Ikerketaren beharra daukagu. Prekaritate handiarekin ari gara eta hori ezin da izan. Beste maila batekoa izan behar du ikerketak, eta baita euskarari ematen zaion garrantzi politikoak ere. Beldurrik gabeko diagnosi zorrotzetan oinarritutako hizkuntz politikak behar ditugu. Bestela ez dugu hobetuko. Soziolinguistikako ikerketa egingo duen erakunde indartsu bat behar dugu.