Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskararekin aurrera egiteko datu, interpretazio eta ideiak dakartza ‘Esnatu ala hil’ liburuak

Euskalgintzan badago adostasun bat momentu klabe batera iritsi garela, aurrera edo atzera egiteko puntura. Egoera horretan, Iñaki Iurrebasok eta Garikoitz Goikoetxeak ekarpen bat egin dute: euskararen osasun egoera irudikatu, eta urteetan mitifikatu diren ideia gako batzuk desmuntatu dituzte.

Garikoitz Goikoetxea, Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi duen liburua aurkezten.
Garikoitz Goikoetxea, Iñaki Iurrebasorekin batera idatzi duen liburua aurkezten. (Jon URBE | FOKU)

‘Esnatu ala hil’. Izenburu deigarria darama Iñaki Iurrebasok eta Gari Goikoetxeak Elkarrekin argitaratu duten liburu berriak. «Gure planteamendua ez da euskararen hil-kanpaiak jotzea, baizik eta kanpaiak jotzea jendea esna dadin», argitu diote NAIZi elkarrizketan. «Errealitatearen aurrean begiak ireki behar ditugu, ondo interpretatu behar dugu, eta aurrera begirako neurriak hartu behar ditugu. Jauziaz gero eta gehiago hitz egiten da. Badago adostasun bat iritsi garela momentu klabe batera. Diagnostikoaren ikuspuntutik ere badago adostasun bat. Horrek hurrengo pauso bat eskatzen du: hori baldin bada errealitatea, norabide horretan baldin bagoaz, benetan hel diezaiogun honi egoerak eskatzen duen neurrian». 

Liburuaren oinarrian Iurrebasoren doktore tesia dago, mila orrialdetik gora dauzkana. Tesi horren gainean bi ariketa egiten saiatu dira. Alde batetik, tesiko datuak gaurkotu dituzte. 2016ko datuak 2021era ekarri dituzte. Bestetik, ia obsesio izan dute edozein irakurlek erraz ulertzeko moduko liburu bat egitea. Beraz, ez da datuen bilduma bat, interpretazioa eta proposamenak egiten dituzte.

 

Iñaki Iurrebaso, eskuinetik hasita bigarrena, 2036rako Siadecok UEMArentzat egindako proiekzioa aurkezten. Hori ere aztertu dute liburuan. (Jon URBE/FOKU)

 

Minorizazioa eta bizinahia

«Batzuetan badirudi ahaztu egin dugula, baina minorizazio gorrian ginen 1960an, duela 20 urte, eta gaur ere bai. Adierazle nagusien balio guztiak oso-oso maila ahulean daude», azaldu dute.

Hona adierazle batzuk: Euskal Herriko hamar biztanletatik zazpi erdaldun elebakarrak dira. Euskaldun hutsak, berriz, ez dira %1era ailegatzen. Erosoen zein hizkuntzatan jarduten diren aztertuz gero, ikusiko dugu %83k erdara dutela nagusitasunezko hizkuntza; euskara, %8k. Bi hizkuntzetan antzeko erosotasuna dute %9k.

«Minorizazio gorri horretan egoteak berez dakar galtzeko joera, ahaleginik egiten ez bada behintzat. Ahalegin horretan ari gara euskaldunok eta horretan aritu gara azken 60 urteetan».

Jarreraren adierazlean du euskarak oruberik sendoena: herritarren %57 ageri da euskara sustatzearen alde. Aurkako jarrera %14k dute, eta erdian daude %30. Jarrera hori ez da hitzetara mugatzen; hiztunen atxikimenduak eragina du haien eguneroko hizkuntza-jokabideetan. «Minorizazio gorrian dagoen hizkuntza eta bizinahi sendoa duen komunitatea». Abiapuntu hori du Iurrebasoren eta Goikoetxearen analisiak.

1960an hasitako iraultza

Behin eta berriz goraipatzen dute liburuan 1960an hasi zen iraultza. «Izugarria izan zelako. Estaturik eduki gabe, batere indar publikorik gabe, herri ekimen hutsez indarrean jarri zen dinamika oso indartsu bat euskararen alde», adierazi du Iurrebasok.

Hala jarraitu dio kideak: «Azken 50 bat urteetan olatu hark ekarritakotik egin du euskarak aurrera neurri handi batean, baina orain nabaritzen da olatu horren eragina gero eta txikiagoa dela. Itsas bazterrean gaudenean eta olatu indartsu bat etortzen denean urak aurrera eta aurrera egiten du, baina iristen da momentu bat non olatu horren indarra gutxiago sumatzen den eta atzetik beste olatu bat ez badator ura pixkanaka atzerantz hasten da hondartzan».

Gaitasuna, ahulgune nagusia

Gaitasuna, erabilera eta atxikimendua. Hiru ardatz horien artean gaitasuna du ahulgune nagusia euskarak. Baina uste izan da gaitasuna dela indargunea. «Euskal elebidunak begiratzen baditugu, euskaraz erosoen hitz egiten duten hiztunak %8 inguruan mantentzen dira. Ugaritzen ari direnak beste profil bateko euskaldunak dira, euskaraz erdaraz bezain eroso egiten dutenak eta batez ere erdaraz erosoago moldatzen direnak. Euskaldunen kopurua handitzen ari da, eta txalotzekoa da, baina euskaldun multzo horren barruan azpimultzo guztiak ez dira berdin handitzen ari, eta hori oso inportantea da gero ez badugu ondorio okerretara iritsi nahi. Zein da ondorio oker hori? Gero eta euskaldun gehiago daukagu versus euskararen erabilera ez da handitzen ari. Formulazio horren abiapuntuan dago hutsune handia», argitu dute.

Izatez, euskaldunok asko egiten dugu euskaraz dugun gaitasunerako. «Errealitate oso positiboa da hori eta berezi egiten gaitu», baloratu dute. «Jende asko dago ahaleginarekin bizi dena. Adibidez, erdaraz errazago egin arren, seme-alabak euskaraz hazten dituena. Edo kalean harreman batzuk behintzat euskaraz dituena. Izugarrizko altxorra da hori». Umeei euskaraz egitearena ere barneratua dago euskaldunon artean. «Hizkuntza gutxitu batentzat osagai hori edukitzea funtsezkoa da aurrera egiteko, eta ez da hain arrunta».

Testuinguruaren indarra

Euskal Herrian %15etik beherako erabileran bagabiltza kalean, horrek esan nahi du herritar asko, gero eta gehiago, erdara nagusi den testuinguruetan bizi direla. Horrek berak, eta botere egiturek, ikus-entzunezkoek eta pantailek duten eragin gero eta handiagoak, ekartzen du euskaldunak erdalduntzea.

Bada datu bat Iurrebasori oso deigarria egin zitzaiona: «Etxean euskara jaso zutenen artean %53k jada ez dute errazago euskaraz egiten. Erdaraz egiten dute erosoago, edo bietan berdin». Azpimarratu duenez, izugarrizko higadura da hori eta garrantzitsua da neurriak hartzea kontrapisua jartzeko.

Belaunaldi berrietan helduagoetan ez daukan presentzia dauka euskarak, gaitasunaren, ezagutzaren eta erabileraren ikuspegitik. Horri balioa eman behar zaio ikerlarion ustez. «Irabazi bat badago. Badago familian edo eskolan inbertitzen dugunaren adinako irabazirik? Ez. Inbertsio hori mugatu egiten dutelako kalean euskarak duen presentzia sozialak, pantailen eta hedabideen munduak eta euskarak daukan posizioak».

Arnasguneak

Salbuespena arnasguneak dira. Horietan, euskalduntzea eta belaunaldi berriei hizkuntza pasatzea erraza da sistema horretarako dagoelako prestatuta. Euskarak aldeko dituen joko zelaiak dira. Erdara nagusi den eremuak, berriz, erdarak bere alde dituenak. Aldarrikatu dutenez, lehen mailako lehentasuna du euskaraz ditugun gune horiei eusteak eta ahal bada handitzen joateak.

«Alde kuantitatibotik ere oso-oso serio hartu beharrekoa da arnasguneetan gertatzen ari zaigun atzerakada hori», nabarmendu dute. Izan ere, eremu euskaldunenetan biztanleriaren zati txiki bat bizi da, baina gune horietan ekoizten da egunero erabiltzen den euskararen ia erdia.

[Asteburuan argitaratuko dugu elkarrizketa osoa]