
Jai Alai Ligak hirugarren denboraldia du aurtengoa. Zesta-puntako egutegia finkatzen lagundu du egitasmoak eta txapelketa honen azken txanpak indar gero eta handiagoa hartu du. Irailean Donostiako Carmelo Balda pilotalekuan jokatuko da Final Fourra, ligako lau aurrelari eta lau atzelari onenekin. Bertara sailkatzeko azken txartelak, beraz, datorren hilabete eta erdian banatuko dira eta puntistak hasiak dira kalkulagailuak ateratzen.
Aurrelarien artean esan daiteke bidea nahiko argi dagoela. Urreisti, Erkiaga, Johan eta Barandika dira, gaur-gaurkoz, lau onenak eta, ezusteko handirik ezean, Donostiara iritsiko direnak. Hauen artean lehia estu bezain ikusgarria eskaintzen ari dira Mutrikuko galerna eta Ispasterko maisua, nor baino nor, sailkapenaren gorenean non geratuko, denboraldi erregularreko puntista onenaren ohorea nork eramango. Urreistik lehen postua berreskuratu zuen, Markina-Xemeingo Masterreko finala jokatuta. Eta Erkiagak berriro eskuratu zuen, Donibane Lohizunen gailenduta. Gaztetasuna eta esperientzia, Final Fourrean txapelketari bizitasuna emango diotenak izango dira, ezbairik gabe.
Bestalde, azken asteetan urratsa egin duena Xabier Barandika izan da –ligako egungo irabazlea–. Mutrikuko Masterra irabazi eta 1.000 puntu batuz, koska ireki du sailkapenean. Laduche dauka gertuen, 1.140 puntura. Gaur Biarrizko Urrezko Xisterako hirugarren masterreko finalerdian indarrak neurtuko dituzte, eta erabakigarria izan daiteke.
Manci eta Lopez
Egutegia amaierara iristen egoteagatik, puntuek balio handiagoa daukate, partida bakoitza kale edo balekoa izan daitekeelako. Gernikako Grand Slama jokoan dago, baita Biarritz, Donibane eta Paueko masterrak -hauek segidan, Masterrean pilatutako emaitzen araberako sailkapenarekin, Grand Slam bana daukate-.
Hala, atzelarien arteko lehia ikusgarria aurreikusten da aipatu txapelketetan, batez ere Mikel Mancisidorren eta Imanol Lopezen artean. Biak ala biak, gaur, Final Fourretik kanpo daude, baina Ibarluzea harrapatzeko moduan dira (1.000 puntura daukate). Markina-xemeindarrak bukatu du bere egutegia Mutrikun irabazi ostean eta, beraz, Manciren eta Lopezen artean erabakiko da laugarren atzelari onena.
Bien artean 100 puntuko aldea besterik ez dago, eta larunbat honetan Gernikako Grand Slamean hil ala biziko dema daukate finalerdietara sailkatzeko. Mancik, Urreistirekin batera, Erkiaga-Lekerika izango du aurrean; Lopezek, Laduche aurrelari duela, Johan-Del Rio. Pauen, Donibane Lohizunen eta Biarritzen ere puntuen borrokan arituko dira.
Emakumeetan, lehen Final Fourra
Estreinakoz egituratu da Jai Alai Liga emakumeetan. Bederatzi txapelketek osatu dute egutegia. Hauek jokatuko dute Lauko Finala: Ihart Arakistain, Maite Ortiz de Mendibil, Elaia Gogenola eta Oihane Sorozabal aurrelariak; eta Frida Watkins, Maialen Aldabazal, Maia Goikoetxea eta Arai Lejardi atzelariak.

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes

