NAIZ

Bakearen Aldeko Adierazpena sinatu du Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak Hiroshiman

Mundu osoko hamaika unibertsitatek sinatu dute bakearen aldeko adierazpena HU-Higashisenda campusean, Hiroshimako Unibertsitatean, eta horietako bat Joxerramon Bengoetxea EHUko errektorea izan da. Bakearen aldeko konpromisoa eta elkarlana sustatzea aldarrikatzen du manifestuak.

Bengoetxeak  sinatu du bakearen aldeko adierazpena Hiroshiman.
Bengoetxeak sinatu du bakearen aldeko adierazpena Hiroshiman. (EHU)

Joxerramon Bengoetxea Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreak sinatu du asteazken honetan bakearen aldeko adierazpena Hiroshima, Nazio Batuen Erakundeko unibertsitatea (Tokio), Leipzig (Alemania), Taiwan, Malasia, Italia, Polonia eta Suediako beste hamar unibertsitatetako errektoreekin batera. Espainiar Estatuko bakarra izan da Bengoetxea.

HU-Higashisenda campusean egin da sinatze-ekitaldia, bonba nuklearra jaurti zela gogoratzeko 80. urteurrenean. Bakearen aldeko manifestuaren sinatzaileek konpromisoa adierazi dute unibertsitateen arteko elkarlana sustatzeko, ikasle eta ikertzaileen elkartrukea baliatuta, bakearen aldeko kulturan sakontzeko.

EHUren errektoreak, Gernikaren bonbardaketaren 88. urteurrena ere gogoratzearekin batera, hiri biek urte hauetan guztietan egindako memoria ariketaren garrantzia azpimarratu du: «Euskal Herrian partekatzen dugun zerbait da, ez bakarrik Gernikagatik, baita ondoren izandako gertaera guztiengatik ere: izandakoari buruzko desinformazio ofizialari aurre egiteko eta errealitate historiko ezkutua azaleratzeko». «Euskaldunak diktaduratik pasatu ginen eta baita trantsizio luzean zehar iraun zuten indarkeria urteetatik ere», gogoratu du Bengoetxeak.

Ildo horretan, honako hau erantsi du EHUko errektoreak: «Unibertsitateok behartuta gaude gure esku dagoena egitera, errepika ez dadin, batetik, eta gertatutakoa ahaztu ez dadin, bestetik; unibertsitateek zor berezia dute jakintza horiek gordetzeko, ikertzeko eta gure ikasleak prestatzeko euren eguneroko bizitzan justizia, zuzentasuna eta ulermena landu dezaten. Izan ere, hezkuntza eta ikerketa funtsezko zutabeak dira etorkizun ekitatibo eta iraunkorrerako, elkarrizketa kritikoa sustatzen dutelako, elkar ulertzea elikatzen dutelako eta lankidetzarako eta bizikidetzarako baldintzak sortzen laguntzen dutelako, guztiak ere, bakea mantentzeko beharrezko osagaiak».

Hiroshimako ekitaldia baliatu du Bengoetxeak Gazako sarraskia salatzeko eta nazioarteko erantzun bateratu baten beharra aldarrikatzeko. EHUren errektorea, halaber, bonba atomikoa jaurti zuten egun eta ordu berean egin den Bakearen Memorialaren Zeremonian izan da.