NAIZ

Presoekiko elkartasunak aurrera darrai Gasteizko txosnetan, Udaltzaingoak afixak kendu arren

Euskal presoen egoera salatzen duten kartelak eta pankartak ezabatzeko kanpaina abiatu du Buesa Fundazioak. Gasteizko Udalak erantzun duenez, egunero kentzen ari dira udaltzainak, baina berriro agertzen dira hurrengoan.

Txosnetan seinalatutako pankartetako batzuk: bidezko eta legezko aldarrikapenak dira kanpaina honen jopuntuan.
Txosnetan seinalatutako pankartetako batzuk: bidezko eta legezko aldarrikapenak dira kanpaina honen jopuntuan. (Buesa Fundazioa)

Euskal presoak behingoz etxeratzeko aldarrikapena begibistakoa da Gasteizko txosnetan Ama Zuriaren jaiak abiatu zirenetik. Elkartasun hori ezabatzeko deia egin du Buesa Fundazioak sare sozialen bitartez asteazken honetan. Gasteizko Udala, Arabako aldun nagusia eta PPko ordezkariak batu dira kanpaina honetara, baina helburua lortu gabe.

 

Gasteizko Udaletik Buesa Fundazioari helarazi diotenez, udaltzainek egunero kentzen dituzte afixak garbiketa lanak egiten direnean, baina berriro agertzen dira gero. «Batzuek jaiak politizatzeko saiakeran tematzen dira, tamalez», aipatu dute Alkatetzaren iturriek berri ajentzien bidez.

Buesa Fundazioak seinalatu dituen karteletan legezkoak diren aldarrikapenak jasotzen dira, orain arte jazarpenik jasaten ez zutenak: presoak etxeratzearen aldekoak, amnistia eskatzen dutenak, baita Francoren biktima izan ziren ‘Txiki’ eta Otaegi gogorarazten dituzten mezuak ere. Gogoratuko denez, duela zenbait urte presoen argazkiak izkutatzeko kanpaina garatu zen txosnaguneetan: Gasteizen 2017an sartu zen Ertzaintza bertan, irudi horiek kentzeko.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak Buesa Fundazioaren salaketarekin bat egin du. Bere ustez, kartel horiekin «biktimei egiten zaie eraso». «Ez naiz horrekin ohitutzen eta ez dut normaltasunez hartzen», aipatu du Gonzalezek sare sozialen bitartez.

PP eta Voxekin bat egin du honekin Gonzalez. Gasteizko Udalean PPren eledun den Iñaki Garcia Calvoren aburuz, «samina zabaldu dutenei gorazarre egiten die aurten ere ezker abertzaleak, nazkagarria da». Voxen aldetik Amaia Martinez legebiltzarkideak erantsi duenez, «zaborra» dira afixa horiek, eta horren aurrean «euskal erakundeek beste alde batera begiratzen segituko ote duten» galdetu du.