
Donostiako Amara auzoko arkupeetan ekainaren erdialdetik bizimodu prekarioan egunak eta gauak eman ondoren, jatorriz Maliko 50 bat gaztek ostiral honetan Oñatirako bidea hartu dute, beren egoera momentuz konponduko duen ‘etxe’ berri batera, beti ere Gobernu espainolari luzatutako asilo eskaeraren erantzunaren zain. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalarekin koordinatuta, Arantzazun aldi baterako bizilekua apaindu du Gurutze Gorriaren zaintzapean.
Baina ez da afrikar iheslarien hauen garaipena bakarrik izan, Amara Berriko auzoarena ere bai. Auzolana eta elkartasuna nabarmendu dira aste hauetan, eta gaurkoan ere emozio handiko uneak bizi izan dira Donostiako Kofradien Plazan, elkar agurtzeko orduan.
Amarako bizilagunetako batek azken hilabeteetan bizitakoa laburbildu du, zapore gozoarekin: «Irabazi dugula iruditzen zait. Irabazi dugu beraiek duintasuna eskuratu dutelako, ez direlako kalean bizi beharko, eta hemen gatazkarik ez delako sortu». Bere hitzek auzoko jendearen kezka eta konpromisoaren fruitua erakusten dute, arrazismoaren aurkako borrokan. Azken asteotan gosari solidarioak egin dituzte, gaztelera ikasteko klaseak eman dizkiete (behintzat egunerokoan gutxieneko komunikazio gaitasuna lor zezaten), eta Poliziarekin hitzorduak lortzeko ahaleginak biderkatu dira. Artatze lan hau Gurutze Gorriaren esku geldituko da orain, Arantzazun.
Maila ofizialean, aldiz, utzikeria nabaria izan da, batez ere Gobernu espainolaren aldetik. «Kontua da astelehenero poliziari deitzeko soilik 16:00etatik 18:00etara aukera dagoela eta Gipuzkoa osorako 15 dei inguru besterik ez dituztela hartzen, hori onartezina da», salatu du bizilagunak. Horregatik, gazteek hilabeteak igaro behar izaten dituzte kalean, administrazioaren erantzunaren zain, «Nazioarteko Babesa Eskatzeko Eskaera famatu hura» eskuratu bitartean. Donostiako Udalak eta Gipuzkoako Aldundiak ere gogor jo dute Marisol Garmendia buru duen Ordezkaritzaren aurka.
Beste bizilagun batek erantsi du: «Guk ez dugu zertan medio gutxiagorekin instituzioen lana egin». Hala ere, zenbaitek hartu dute erantzukizun hori, eta erakutsi dute elkartasunak zer-nolako ahalmena duen.
Aurrerantzean, Gurutze Gorria arduratuko da, halaber, beharrezkoa denean, gazte hauek Arantzazutik Gipuzkoako hiriburuko Polizia espainolaren bulegoetara eramateaz, asilo-eskaerak izapidetzen jarraitzeko. Haietako batzuek dagoeneko lortu dute hurrengo hilabeteetarako hitzordua. Gogoan hartu behar da gatazka ezberdinetatik ihesi etorri direla Europara, eta ondorioz asilo eskubidea dutela aurreikus daiteke.
«Begietara begiratu»
Goizeko lehen ordutik, irudi hunkigarriak utzi dituzte Amara Berriko bizilagunek eta Maliko gazteek, ‘Adiós con el corazón’ emozio handiz abestu diete, esaterako. Gurutze Gorriaren furgonetek Arantzazurantz hartu dute bidea eguerdiko 12.45 aldera.
Gaur jada ez dute lurrean, norbaitek utzitako koltxoneta baten gainean, lo egin beharko. Oñatira bizitza berri baten bila abiatu dira gazte hauek, eta haien atzetik geratzen da Amara Berrin egindako lana. «Elkarbizitzaren pedagogia, begietara begiratzea eta pertsonaren duintasuna» landu dute aste hauetan, ez teorian, praktikan baizik.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena
