NAIZ

Ligako pilotaririk onenetakoak Lekeition izango dira 23an eta 30ean Udako Master Seriesean

Finalerdiak hilaren 23an jokatuko dira, Santi Brouard pilotalekuan: Goitia-Lekerika / Barandika-Ibarluzea eta Erkiaga-Zabala / Urresiti-Del Rio. Eta final handia, aldiz, hilaren 30ean izango da, 19.00etatik aurrera.

Lekeition arituko diren zortzi puntistetatik sei, astearte honetako agerraldian.
Lekeition arituko diren zortzi puntistetatik sei, astearte honetako agerraldian. (ERAMAN JAI ALAI)

Lekeitioko herriak bere lekua egin du zesta-puntaren aro berri honetan. Aurten ere, bi Master Series antolatzeko apustua egin du Bizkaiko udalerriak: bata udaberrikoa, Jai Alai Leaguerako puntuagarria; eta bestea udakoa, zirkuitutik kanpokoa. Edozein kasutan ere, Ligako pilotari onenetarikoak izango dira abuztuaren 23an eta 30an, Santi Brouard pilotalekuan, eta txapela egongo da jokoan.

Gaur egungo zesta-puntako izen handiak izango dira Lekeitioko Udako Master Series honetan, baina izar guztien artean distiratsuena Aritz Erkiaga da. Gaur egungo pilotaririk onena delako, eta Lekeition dagoenean, ispastertarrak etxean jokatzen duelako. Bertako harrobitik ateratako mutila da Aritz eta jarraitzaile asko eta asko ditu Ispaster, Lekeitio eta inguruetan.

Udako Master Series honetara, Ligako ranking-eko lidertzan iristen da Erkiaga. Aurten ere denboraldi biribila ari da egiten. Oraingoz 2 Grand Slam irabazi ditu (Winter Series-a eta Bilboko Iron Cup-a), 6 Master Series (tartean Lekeitio, Biarritz, Donibane Lohizune eta AEB-tako Biscayne Cup-a), Gernikan, udako Grand Slameko finalerako sailkatu berri da eta bere estatistikak izugarriak dira: jokatutako partiduen %76 irabazi ditu 2024-25 denboraldian.

Erkiagarekin batera, Lekeitioko Master Seriesean izango dira Gernikako beste bi finalista ere: Xabier Barandika eta Unai Lekerika gernikarrak. San Roke egunean jokatuko da beraien herrian Grand Slameko finala eta hurrengo asteburuan hasiko da Lekeitioko Mastersa. Bai Barandika eta bai Lekerika, Ligako lau pilotari onenen artean daude, bakoitza bere postuan.

Bi aurrelari onenak, elkarren aurka

Erkiagak Jon Zabala markinarrarekin jokatuko du, Eñaut Urreisti eta Julen Del Rioren aurka. Urreisti izan da denboraldi honetan Erkiagaren lidergoa gehien estutu duen pilotaria. Aste batzuetan, Ligako liderra izatea ere lortu du mutrikuarrak, nahiz eta Erkiagak, ondoren, bere postua berreskuratu. Bi aurrelari onenen arteko kanporaketa zuzena ikusiko da Lekeition, hilaren 23an.

Eta zortzikoa osatzeko falta diren bi pilotariak ez dira edozelakoak: alde batetik Ion Ibarluzea, Eusko Label Winter Serieseko txapelduna (2024 eta 2025 edizioetan). Lekeition Barandikarekin jokatu du honek eta uda honetan argi erakutsi dute bikote bikaina osatzen dutela Mutrikuko txapela irabazita.

Bestetik. Alex Goitia daukagu, Markina-Xemeingo Grand Slameko aurtengo txapelduna. Udan jokatu dituen txapelketetan, irudi ona eman du, bere kirol ibilbidean aurrerapausoa emanez. Oraingoan Lekerika izango du lagun eta gernikarra oso sasoi onean iritsi da denboraldi bukaerara.