NAIZ

EH Bildu: Txiki eta Otegiri buruz Alonsok esandakoak «frankismoa zuritzen du»

«Gogoeta sakona» eskatu dio EH Bilduk Gogorari, Alberto Alonso zuzendariak Txiki eta Otaegiri buruz eginiko adierazpenen ondoren. Izan ere, «erresistentzia antifrankista kriminalizatu egiten du» eta horrekin «faxismoa eta frankismoa zuritu».

Azpeitian olana ageri da ere Txiki eta Otaegi gogoratuz. Bertakoa zen bigarrena, Nuarbekoa.
Azpeitian olana ageri da ere Txiki eta Otaegi gogoratuz. Bertakoa zen bigarrena, Nuarbekoa. (Jon Urbe | Foku)

Hautsak harrotu ditu Alberto Alonso Gogora Institutuko zuzendariak Jon Paredes Manot ‘Txiki’ eta Angel Otaegiri buruz asteazkenean esandakoak. Afusilatu zituztenetik 50 urte bete behar direnean, bi euskal herritar horiek «ez zuten askatasunaren alde egiten, beraiena inposatzeko baizik», esan zuen Alonsok, eta ondorioz onartezintzat jo zuen urtemugaren harira omenaldia jasotzea. EH Bilduk erantzuna eman dio: «Oso larriak eta kezkagarriak dira adierazpen horiek».

«Izan ere, parekatu egiten ditu frankismoa eta antifrankismoa, faxismoa eta antifaxismoa. Modu horretara, deslegitimatu eta kriminalizatu egiten ditu erresistentzia antifrankista. Eta horren guztiaren ondorioz, zuritu egiten ditu faxismoa eta frankismoa –ondorioztatu du ezkerreko indar independentistak–. Erabilitako errelatoa estatu kolpe faxista eta horren ondorengo gerrari buruz hitz egiterakoan Espainiako eskuinak eta ultraeskuinak erabilitakoaren berdina da», erantsi du.

Horrekin batera, Alonsok adierazitakoa «iraingarria eta oso mingarria da Txiki eta Otaegiren memoriarentzat, Txiki eta Otaegiren familientzat eta, hedaduraz, Euskal Herrian frankismoaren biktima izan diren milaka herritarrentzat eta haien inguruarentzat», ekarri du gogora.

«EH Bilduk gogoratu nahi du Estatu faxista bat izan zela Txiki eta Otaegi hil zituena. Txiki eta Otaegi fusilatu aurreko egunetan Euskal Herrian hiru greba orokor izan ziren. Baina mugimendu eta mobilizazio horiek ez ziren egon gure herrian bakarrik. Txiki eta Otaegi fusilatu aurreko egunetan nazioartean mobilizazioak eta heriotza horiek ez gertatzeko ahalegin ezberdinak izan ziren. Europa eta mundu osoan mobilizazioak izan ziren. Hala, Olof Palme Suediako presidentea eta Europako sozialdemokraziaren erreferente nagusia Txiki eta Otaegiren alde eta fusilatu zituztenen aurka azaldu zen. Mexikok, bestalde, Espainiako Estatua Nazio Batuen Erakundetik ateratzea eskatu zuen», oroitarazi du.

Gauzak honela, EH Bilduk «gogoeta sakona egiteko» eskatu dio dio Gogora Institutuko zuzendariari, «egindako adierapenak ez datozelako bat daukan ardura politikoarekin. Halaber, errelato hori alboratzeko eta gehiago ez erabiltzeko eskatzen dio Alberto Alonsori, iraingarria eta mingarria delako Euskal Herrian dauden frankismoaren biktimentzat eta egiaren aurka egiten duelako».