Kazetaria / Periodista

Garraitz, historia bete uharte

Lekeitiok hiribildu titulua eskuratu zuenetik 700 urte beteko dira aurten, baina lehenagotik okupatu dute gizakiek Garraitz irla. Aranzadi Zientzia Elkartearen indusketei esker, baseliza zahar baten, izurria zeukaten pertsonak eramateko eremuaren eta gotorleku militarren aztarnak agertu dira.

Lekeitioko Garraitz irlaren argazkia, airetik eginda.
Lekeitioko Garraitz irlaren argazkia, airetik eginda. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

Lekeitioko herriak eta Lea ibaiaren itsasoratzeak sortzen duten badiaren zaindaria da Garraitz uhartea, marea behean dagoenean baino zeharkatu ezin den pasabide estu batez lehorrera lotua, marea goian denean itsasoak guztiz inguratua. Gaur egungo lekeitiarrentzat beti izan da pinuek eta landareek jandako eremua, ahuntzen eta kalatxorien bizileku eta, azkenaldian, baita turisten helmuga ere. Antzinakoek, ordea, erabilera ugari eman zizkioten irlari, kokaleku estrategikoa delako eta herritik isolatuta dagoelako.

Hiribildu titulua 1325ean eman bazioten ere, Lekeition lehenago herrixkaren bat bazegoela uste dute historialariek eta, hain zuzen ere, Garraitzek eman ditu 700 urte baino lehenagoko jardueren inguruko aztarna batzuk: ermita bat egon zela dokumentatuta dago XIV. mendetik eta garaiko txanponak ere agertu dira. Hori guztia lurrazpian egon da orain arte, baina argitara ekarri dute herritar boluntarioek, Atabaka Kultur Elkartearen ekimenez eta Aranzadi Zientzia Elkartearen gidaritzaz.

«Gu hona etortzen gara, geure lana egiten dugu eta gero bagoaz, herritarrek hartu behar dute ondare hau zaindu eta zabaltzeko ardura»

«Ekimen herrikoiaren alde egiten dugu Aranzadin, baina ez Lekeition soilik, Amaiur, Andosilla eta beste aztarnategi batzuetan ere hala ari gara», azaldu du Alfredo Moraza arkeologoak. Aranzadiko kidea eta Garraizko indusketen zuzendaria da. «Gu hona etortzen gara, geure lana egiten dugu eta gero bagoaz, herritarrek hartu behar dute ondare hau zaindu eta zabaltzeko ardura». Ideia horri kasu eginez, hamar uda egin dituzte herritar boluntarioek indusketetan laguntzen, egun batzuetan 50-55 pertsona ere aritu dira lanean. Atabaka elkarteko kide Guillermo Ruiz de Erentxunen esanetan, herritarrek «parte hartze zuzena» izan dute, beti arkeologoen ondoan, eta, 2015ean proiektuari ekin ziotenean, indusketak egiteko «eredu berria izan zen Euskal Herrian».

Lekeitio «oso aberatsa» da historiari dagokionez, Ruiz de Erentxunen ustez. Gune historiko ugaritan agertu dira iraganeko bizimoduari lotutako aztarnak. Esate baterako, Santa Katalina lurmuturraren inguruan eta Lea ibaiaren azken zatian. Garraitz uhartea ere herriaren bilakaera eta garai bakoitzeko ohiturak ezagutzeko aproposa dela dio Atabakako kideak, «gure historia kontatzeko leku polita da».

Hala ere, uhartearen balio naturala ere aintzat hartu nahi izan dute eta, beraz, indusketak leku zehatzetan baino ez dituzte egin. Garraitz txikia da berez, bost hektarea inguru, baina Morazak argitu duenez, eremuaren %90 inguru bere horretan utzi dute. «Helburua hango balio historikoa nabarmentzea izan da, naturaren eta arkeologiaren arteko orekari eutsita».

Gorpuen misterioa

Nolanahi ere, aztertu duten eremuan ondare aberatsa agertu da, uharteak giza jarduera izan baitzuen gutxienez XIII. mendetik XIX.era. Indusketak hiru eremutan egin dituzte: bata, herrira begira dagoena, gune erlijiosoa zen gehienabt eta han agertu dira aztarnarik zaharrenak. Beste eremu biak, irlaren tontorrekoa eta iparraldeko muturrekoa, erabilera militarrekoak izan ziren.

Aranzadi Zientzia Elkarteak gidatuta eta auzolanean egin diren indusketei esker zenbait aztarna aurkitu dituzte Garraitz irlan. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

Gune erlijiosoan, uhartearen hegoaldean, San Nikolas baseliza txikia egon zen luzaroan eta, horregatik, izen horrekin ere deitu izan zaio Garraitzi. Lehenengo aipamenak XIV. mendekoak dira eta XVIII.ean desakralizatu zuten. Ondoren, ermitako harriak beste eraikuntza batzuetan berrerabili zirenez, eraikinaren zimenduak baino ez dituzte aurkitu indusketetan. Gainera, 1617an, frantziskotarrek ermitaren ondoan komentu bat egiteko baimena jaso zuten. «Frantziskotarrek beti bilatu izan dituzte leku apartatuak, begira Izaro eta Arantzazu», azaldu du Morazak. Garraitzekoa isolatuegia zen, nonbait, 1650 bueltan handik alde egin zutelako. «Ez zeukaten urik eta hornidura guztiak kanpotik ekarri behar zituzten, hortaz, ez zela toki egokia erabaki zuten, obra erdi bidean geratu zen» Gogoan izan behar da uhartea eta lehorra batzen dituen Islako Moila edo Lazunarri ez zela XVIII. mendera arte eraiki.

Han inguruan sei-zortzi lagunen gorpuak ere agertu dira, indusketetako aurkikuntza harrigarrienetako bat, oraindik argitzeko dauden misterioak utzi dituena. «Gorpu batzuk ekialdera begira daude, aldarearen norabidean, elizgizonak bezala», dio Morazak, «baina beste batzuk mendebaldera begira lurperatu zituzten, laikoen eran, eta kontua da han, legez, ezin zela inor lurperatu elizgizona ez bazen». Laborategian aztertzen ari dira gorpuak, hildakoen adina, sexua eta bestelakoak jakiteko, horrek galdera batzuk erantzungo dituelakoan. Erdi Aroko txanponak ere agertu dira gorpuekin.

Istorio izugarrien lekuko ere izan da uhartea, izurrite aldietan hara eramaten baitzituzten kutsatuak edo kasu susmagarriak. «Ermitatik gertu plataforma bat dago, lautada artifizial bat, eta badakigu izurriteen ondorioz egin zela, jendea hara eramaten zutelako», dio Morazak. Plataforma horretan agertu dira etxolak egiteko erabiltzen zituzten materialak, baita Europa guztiko txanponak ere: «Belgika, Portugal, Gaztela, Nafarroa eta Frantziako txanponak dira, frakzio txikikoak eta batzuk XIII. mendekoak, hau da, hiribildua sortu baino lehen han bazegoen giza jarduera».

«Gorpu batzuk ekialdera begira daude, aldarearen norabidean, elizgizonak bezala, baina beste batzuk mendebaldera begira lurperatu zituzten, laikoen eran, eta legez, ezin zen inor lurperatu elizgizona ez bazen»

Kostaldeko portua zenez, urrutitik heldutako gaixotasun eta izurriteen jomuga izaten zen Lekeitio, eta agerraldi ugari dokumentatu ahal izan dituzte historialariek. «Badakigu izurriteak egon zirela XIV. eta XV. mendeetan», azaldu du Morazak, baina hilgarriena 1597koa izan zela dio: «Herriaren %80 desagertu zen, irlan 200 pertsona egon zirela esaten dute agiriek, hura izango zen espektakulua: beldurra, heriotzak, hornidura herritik eraman beharra…».

Karlistaldira arte

Erabilera militarreko eremuak, aldiz, uhartearen beste aldean daude, iparraldeko muturrean eta itsas mailatik ia 50 metrora dagoen tontorrean. «Erabilera militarra erlijiosoa baino berriagoa da, XVI. mendean hasi zen», aipatu du Morazak. Garraitz kokaleku estrategikoan dago, porturako sarreran, eta gerra garaian inbasioak itsasotik etor zitezkeen. Horregatik, euskal kostalde guztia «gotorlekuz josita» dagoela nabarmendu du Aranzadiko arkeologoak. Kanoien bateriak 1742koak direla diote agiriek, Getxoko Galeako gotorleku ezagunaren garai bertsukoak.

Militarrak Lehen Karlistaldira arte egon ziren Garraitzen. Gerraren hasieran liberalak gotorleku berria eraikitzen hasi ziren uhartearen tontorrean baina, 1837an, karlistek konkistatu zuten eta eraikina ez zen inoiz bukatu: «Herritarren laguntzaz, aurreko bi udetako kanpainetan eremu horretako elementuak egonkortzen aritu gara, bisitatu ahal izan daitezen».

Basogintzan aitzindari

Lehenengo Gerra Karlista amaitu zenetik, beraz, irlako eraikin guztiak ahaztuta geratu ziren, ahuntzak eta kalatxoriak biztanle bakarrak zirela. Hala ere, gizakiaren eraginari ihes egin ezinda ibili da Garraitz gaur arte, hango paisaia goitik behera eraldatu zuen proiektu aitzindari baten eraginez. Lekeitioko Udalaren eskariz, XX. mendeko aurreneko hamarkadan zuhaitzak landatu zituen Mario Adan de Yarza legelari, politikari eta basogintzan adituak. Zehazki, pinuaren familiako hainbat espezie sartu zituzten kareharrizko uhartean eta Bizkaiko basogintza modernoaren hastapena ezarri. Gaur egun Bizkaiko eta Gipuzkoako azalera zabalak hartzen dituzten pinudien aurrekaria izan zen hura.

Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak Garraitz irlan, atzean Lekeitio dagoela. (ARANZADI ZIENTZIA ELKARTEA)

Aurreko mendearen hasiera-hasierako zuri-beltzezko argazkietan ikusten denez, Adan de Yarzaren esku-hartzearen aurretik uhartea soilduta zegoen, jatorrizko zuhaitzen arrastorik ia ez zegoen, mendeetako ustiapenaren erruz. Kostaldeko beste eremu batzuetan biziraun duen artadi kantauriarra berreskuratu beharrean, ordura arte gure lurretan ikusi gabeko espezieak ekarri zituen Adan de Yarzak Garraitzera, besteak beste, pinu gorria, larizio pinua eta itsas pinua.
Konifera horien basoek eman diote uharteari azken hamarkadetan ezagun egin den silueta berezia. Alabaina, orain dela lau mende frantziskotarrei gertatu zitzaien bezala, pinuak ere desagertzen hasi dira, itsasertzaren bizimodu latzari eta kresalaren eraginari ezin eutsita. Oso gutxi gelditzen dira zutik eta lehenagoko itxura soildua berreskuratzen ari da Garraitz, pinuei lekukoa hartuko dieten bertoko espezieak hazi arte, behinik behin.

Aztarna arkeologikoak ezagutu nahi dituzten bisitarientzako bidexka ere egina dago, uhartea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duena

Naturari bere bidea egiten uztea da asmoa. Hala ere, aztarna arkeologikoak ezagutu nahi dituzten bisitarientzako bidexka ere egina dago, uhartea hegoaldetik iparraldera zeharkatzen duena, indusketetan aztertutako hiru eremuetatik pasatuta. Garraitzek Parke Arkeologiko izendapena du 2019tik. Alfredo Morazaren esanetan, horrek zera esan nahi du, agertu diren eraikinak eta materialak irlan bertan geratu behar direla, hango ondarearen parte baitira.

Hamar urteko indusketen ondoren, aurtengo udan ez da kanpainarik egingo, zikloa amaitutzat jo du Atabaka elkarteak. «Ingurua txukundu eta agertu den guztia dokumentatu behar da», Guillermo Ruiz de Erentxunen arabera. Orain herriari dagokio uhartea zaintzeko ardura, eta jende gehiagoren inplikazioa eskatu du.

Lekeitioren historiaren lekuko izan da Garraitz eta aberastasun handiko altxorra utzi die gaur egungo herritarrei, baina baita hori guztia zaintzeko eta erakusteko erantzunkizuna ere. Parke Arkeologikoak herriarentzat duen balioa aldarrikatu du Ruiz de Erentxunek: «Hemen ez dago Egipton bezalako monumentu ikusgarririk, arkeologia beste maila batean egiten da, baina pentsatu behar dugu Garraitz dela gure Egipto».