Kanta herrikoiak, Lekeitioko bizimoduaren erakusgarri bizia
Belaunaldiz belaunaldi transmititu da kantutegi zabala, eta, era berean, berritzen ari da etengabe, herriko gertakizunen eta pertsonaien memoria osatuz. Hala ere, beste asko galtzear daudela nabaritu dute lekeitiarrek. Horri buelta emateko, lanean ari dira eskoletan zein Kantu Tailerrean.

Euskal Herriko ahozko ondarearen barruan leku zabala dauka kantagintzak, gertakizun historikoak jende xehearen ikuspegitik kontatzeko bidea izan delako mendez mende. Oraindik bizi-bizi daude bertsoak, koplak, jotak, pastoralak eta abar, ohitura horren lekuko. Euskal kostaldean ere, nortasun indartsuko eremua denez gero, herri bakoitzak dauka bere kantutegia, familien zein lagun taldeen bidez transmititu izan dena eta, maiz, herriaren beraren ikur bihurtu diren abestiak gordetzen dituena. Lekeitio ez da salbuespena, era guztietako dozenaka piezaz osatutako errepertorioa baitauka.
Etxean, kalean, tabernan, itsasoan zein fabrikan, kantatzeko ohitura oso errotua dago Lekeition, eta horren ondorioa da hain kantutegi oparoa. Edozein ospakizun aukera aproposa da aurreko belaunaldiei ikasitako doinuak gogoratzeko zein kantu berriak asmatzeko. «Orain dela 50 urte tabernetan ez zen musikarik jartzen, erraza zen elkartu eta kantatzea, edo etxean entzundakoa lagunei erakustea», dio Nere Jauregik, Lekeitioko Kantu Tailerraren arduradun eta Zaletxuak taldeko kideak. «Herrian trebezia berezi moduko bat daukagu pasadizoen inguruko kantak berehala sortzeko. Norbaitek zerbait deigarria egin eta ‘ene, kantak aterako dizkizute!’ esaten diogu».
Herriko bizimoduaren memoria gordetzen du kantutegiak: «Gure herriko istorio asko daude kanten barruan, izen zaharrak, gertakariak eta abar agertzen dira», dio Jauregik. «Idatzi orain dela gutxitik egiten dugu, ahozko ondare hori da gure herriaren memoria». Aspaldiko kontuak ez ezik, berriagoak ere jasotzen dira, memoria herrikoia etengabe sortzen baita. Lekeitioko erretiratu batzuek, orain dela urte batzuk, aeroplano bat eraikitzeko ideia izan zutenekoa du gogoan Jauregik.
«Zumatzetan eitten dagoz aeroplanua, bakarrik falta jako aireportua…», da hasiera. «Hogei bat urte ditu, baina hurrengo belaunaldientzat ondarea izango da. Ez balitz kanturik egin, beharbada hemendik urte batzuetara ahaztu egingo zen aeroplanoa egin zuteneko zelebrekeria».
Errepertorioa berritu ahala, ordea, kantu zaharragoak galtzeko arriskua ere badago, eta, horregatik, idatziz edo grabazioetan gordetzeko beharra azpimarratu du Jauregik. Ahalegin horren lehenengo pausua 2010eko Traola Jujian disko-liburua izan zen, Lekeitioko dozenaka kanturen hitzak eta haien doinuen partiturak batzen dituena. Zuriñe Uskola izan zen proiektuaren bultzatzaileetako bat eta, azaldu duenez, «Lekeitioko kantuak zein herrian kantatu ohi direnak» batzeko asmoa izan zuten.
Beste batzuetan, antzinako dokumentazioan baino ez da geratu galdutako kantuen arrastoren bat. Hala ere, batzuetan sorpresa atseginak izaten dira. Nere Jauregik oraintsu gertatutako bat du gogoan: «Fontes Linguae Vasconum aldizkarian Lekeitioko kantu zahar bi jaso zituzten, eta, hiribilduaren sorreraren 700. urteurrenagatik, hitzaldia ematera etorri ziren. Azaldu zuten hitzak aurkitu zituztela baina doinua ez. Orduan, publikoan zegoen gizon bat altxatu zen eta horren musika bazekiela esan zuen, eta kantatu egin zuen, ikerketan batutakoak baino bertso gehiago zekizkien, gainera». Etxean ikasia zuen galdutzat jotzen zen pieza hura. «Momentu magikoa izan zen».

Aeroplanoak bi, hiru edo lau
Galtzear daude kanta batzuk, baina badira lekeitiar guzti-guztiek ezagutzen eta kantatzen dituztenak ere. Bizi-bizirik dauden abestien artean, beharbada, Anteroren txamarrotea da ospetsuena, Euskal Herri guztira zabaldu baita. Izenburuko protagonista Antero Salinas da, 1874an Lekeition jaioa. Kantan Singer ere aipatzen da, Lekeition bizi zen Enrique García Vara madrildarraren ezizena.
Aeroplano bi, hau ere ezagun-ezaguna, gertakari historikoetan oinarrituta dago. 1917ko uztailaren 2an, Lehen Mundu Gerraren sasoian, Frantziako Armadaren bi hegazkinek euskal kostaldea zeharkatu zuten eta bietako bat itsasora jausi zen. Miren Begoña itsasontziak, Severiano Mendiola patroi zela, portura eraman zuen, atoian, eta Lekeition egon zen, uztailaren 5ean eraman zuten arte. Hori baino lehen, Sabino Erkiagak frantsesekin adostu zuen hegazkina mugitzea, baina Itsas Komandantziako arduradun Asentzio Gezuragak eragotzi zion, Bilbotik agindu zehatzak jaso arte. Hori guztia, protagonisten izenak barne, mende batez gorde da lekeitiarren memorian, kantari esker.
Lekeitioko Udaleko artxibozain Maite Garamendik kantaren oinarrian dauden gertakariak aztertu zituen Kurik aldizkarian. Garai hartako prentsako kronikak aurkitu zituen, tartean euskarazkoak, Euzkadi egunkarian. Bilbotik agintariak etorri zirenean, Udalak garagardoa eman zien edateko, eta horren faktura ere gorde da. Lekeitiarrentzat gertakari harrigarria izan zen gerrako hegazkin bat portuan sartzen ikustea, beraz, ez da arraroa kanta bat egin izana. «Gu ohituta gaude abioiak ikustera, baina jarri behar gara sasoi hartan, halako katxarro bi pasatzen ikustea…», dio Garamendik. «Eta gainera, bat jausi, itsasontzi batek portura ekarri, garai hartako egunkarietan ikusten da zelako eragina izan zuen herrian».
Aeroplanoaren gertakariaren frogarik ikusgarriena, Kurik-erako artikulua prestatzen ari zela iritsi zitzaion Garamendiri: ordura arte ezezagunak ziren argazkiak, aeroplanoa Lekeitioko portuan erakusten dutenak. «Zerutik etorri ziren argazki biak, oparia izan zen», dio artxibozainak. Antza, Luis Cénigak egin zituen eta haren alabak album batean gordeak zituen etxean. «Mediku errepublikarra izan zen Luis Céniga, 1936ko gerran alde egin behar izan zuen. Ihes egin aurretik, gerra sasoiko Lekeitioren argazki asko egin zituen: eraikinetan bonbetatik bereizteko hondar-zakuak ikusten dira, Tala aurrean urpekari bat egon zenekoak ere bai». 1917ko aeroplanoaren lekuko ere izan zen, eta prest izan zuen argazki-makina.
Kontua zera da, Bermeon eta Mutrikun ere kantatzen dela abestia, doinu berarekin baina herri bakoitzean protagonisten izenak aldatuta. Bermeon lau aeroplano aipatzen dira eta Mutrikun, hiru. Eztabaidak egon dira, zein herrirena den abesti originala eta zein den imitazioa, baina baliteke hirurek benetako gertakariak kontatzea, hiru herrietan antzeko gertakizunen lekukotzak jaso baitira. Garai hartan, nonbait, ez zen hain arraroa frantsesen hegazkinak Bizkaiko eta Gipuzkoako kostaren aurrean matxuratzea. Lekeition bertan, antzeko gertakari gehiago izan ziren 1917an bertan, 1920an eta 1943an. Azken hori alemaniarren abioia zen, ordea.
«Agiriek erakusten dute hau benetan pasatu zela Lekeition, ez diot beste lekuetan ez zenik halakorik pasatu, baina hemen ziur baietz», azpimarratu du Maite Garamendik. Halaber, Lekeition, Bermeon zein Mutrikun erabiltzen den doinua Feliciano Beobidek konposatu zuela dirudi, baina partiturarik ez denez gorde, ezin da ziur esan. Lekeitioko Udal Musika Bandako zuzendaria zen Beobide 1917an.
Ondo frogatua dago Aeroplano bi Lekeition sortua dela, baina jatorriz beste herri batzuetakoak diren kantak kopiatzea ere ez da ezohikoa, kantutegian badaude halako zenbait. Nere Jauregik, batetik, Gipuzkuatik Madrideraino aipatu du. Bestetik, Mikel Urdangarinek ezagun egin duen Txatxamatxalinatxu, baina Lekeition Gure Mirentxu dela ohartarazi du.
Zuriñe Uskolak dioenez, «Gipuzkoatik ekarritako kantak dauzkagu, garai batean txalupak mundu erditik etortzen ziren Lekeitiora eta marinelen artean, elkarri entzunez, ikasi egiten zituzten». Denborarekin, bertakotu egin dira. «Ez zait gustatzen hau nirea edo zurea da, lehia horretan sartzea», gaineratu du Jauregik. Hala ere, pertsonen izenak agertzen direnean, errazagoa da jatorria identifikatzea: «Juana Parla, Antero, Lorentzo Begizuria… Lekeition benetan bizi izan ziren pertsonak dira».
Gorde beharreko altxorra
Nere Jauregik etxetik dakar kantatzeko zaletasuna, baina ondare zabal hori galtzeko arriskuan dagoela uste du, zaintzen ez bada, behintzat. «Estudiantinak kanta batzuk zabaldu ditu eta eskoletan ere lantzen dira. Horiek kantatzen dituzte gazteek, baina beste asko galtzeko arriskuan ikusten ditut». Estudiantinak egiten duen lana bereziki goraipatu du, betiko kantak jo ez ezik, errepertorioa berritzeko ahalegin ikaragarria egiten ari delako azken hamarkadetan. «Altxor handi bat da», Jauregiren esanetan.
Kantu Tailerrak ere laguntzen du betiko kanten memoria gordetzen. Jauregik azaldu duenez, izena ematen duten asko amamak dira gaur egun, eta, hala, tailerrean ikasten dituzten abestiak bilobei transmititzen dizkiete gero. Ia 15 urteko bidea egin du ekimenak eta aurreko ikasturtean 88 lagunek hartu zuten parte, gehienak emakumeak. Bi astetik behin elkartzen dira gustuko kantak ikasi eta abesteko, lagun giroan. Errepertorio tradizionala ez ezik, folk modernoa, euskal musika eta abar ere lantzen dituzte. «Baina Lekeitiokoei arreta berezia jartzen diegu: umetako kantak, elizakoak, Gabonetakoak, marinelenak, kabanakoak eta halakoak».
Azkenaldian herrira atera dute Kantu Tailerreko lana, besteak beste, Aste Santuan eta Marijesietan ibiltzen dira kalerik kale kantuan. Ekitaldi horietan erabiltzeko liburuxkak ere badituztenez, pixkanaka herritarren artean hedatzen hasi da tailerrekoen askotariko errepertorioa. Bestela, interesa duenak Traola Jujian bilduman ditu Lekeitioko kanta ugariren hitzak, partiturak eta grabazioak. Bildumaren izenburua bera ere, herriko kanta ezagun baten hasierako bertsotik hartuta dago. Biltzaile lanetan aritu zen Zuriñe Uskolaren esanetan, badute bildumaren beste ale bat ateratzeko nahikoa material, baina proiektua geldi antzean dago, erronkari nork helduko zain.
Edozein kasutan, baikor agertu da Uskola, herriko gazteen artean kantatzeko ohiturari eutsi zaiola sumatu baitu. «1970 eta 80ko hamarkadetan ia desagertu ziren Lekeitioko betiko kantak, garai hartan modan zeuden kanta aldarrikatzaileagoen mesedetan. Orain, esango nuke berriro kantatzen direla».

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

