Kazetaria / Periodista
Elkarrizketa
Ander Aldazabal
Lekeitioko alkatea

«Etxe huts asko egonda, gazteentzat ez badago, zerbait txarto egiten ari gara»

Ander Aldazabal Lekeitioko alkatea da 2023az geroztik. Aurten 700 urte beteko dira Bizkaiko herrixka honek hiribildu titulua jaso zuela, urtemuga berezi hau aitzakiatzat hartuta, lekeitiarra GARArekin mintzatu da, puri-purian dauden gaiei iskin egin gabe.

Ander Aldazabal, Lekeitioko alkatea.
Ander Aldazabal, Lekeitioko alkatea. (Oskar Matxin | FOKU)

Azaroaren 3an 700 urte beteko dira Lekeitiok hiribildu titulua jaso zuela. Udalaren eta herriko elkarteen lankidetzari esker, urte osoko egitaraua martxan dago, urteurrena ospatzeko. Ander Aldazabal alkateak (EH Bildu) beste kezka batzuk ere badarabiltza buruan, adibidez, etxebizitzari, turistifikazioari eta kulturari lotuak.

Lekeitiok 700 urte beteko dituela eta, 150 jarduera baino gehiagoko egitarau zabala atondu duzue.

Lehenik eta behin zehaztu behar da Lekeitiori hiribildu titulua eman ziotenetik 700 urte beteko direla. Herria bera bazegoen lehendik. Harresian egindako azterlan batzuek XII. mendeko arrastoak azaleratu dituzte. Egitarauan herriko eragile guztien inplikazioa izan dugu, horregatik dira 150 ekintza baino gehiago. Ondareagaz lotuta daude gehienak, urteurrena aukera aproposa delako gure ondare aberatsa erakusteko. Esaterako, elizpeko erakusketa inportantea da, urteetako artxibo lanaren ondorioa da. Maite Garamendi, Aitor Iturbe eta Iñaki Goiogana ibili dira horretan.

Puntu gorena azaroaren 3an izango da, urteurrenaren egunean.

Azaroaren 3a astelehena denez, aurreko asteburura pasatu ditugu ekitaldiak. Erdi Aroko azoka egingo dugu barikutik domekara; asmoa da herri osoa apaintzea eta denok sasoi hartako arropez mozorrotzea.

Udalak herriaren zer irudi zabaldu nahi du urteurrenaren bidez?

Hasieratik garbi izan dugu herriaren nortasunaren gaian indarra egin behar dugula. Lekeitio beti izan da kultura aberatseko lekua, musikaren zein herriko kanten aldetik. Gainera, herri asko erdaldundu diren bitartean, Lekeitiok euskarari eutsi dio. Baina ikusten dugu nortasun hori pixka bat ahultzen hasi dela. Lekeitio 700 aukera ona da hori guztia astintzeko. Sinistu behar dugu nortasun horri eutsi nahi diogula; bestela, zer herri izango da Lekeitio? Denon artean herri kohesionatua egin behar dugu, euskalduna eta bizia, nork bere berezitasunetik ekarpena eginda.

«Denon artean herri kohesionatua egin behar dugu, euskalduna eta bizia, nork bere berezitasunetik ekarpena eginda»

2023ko hauteskundeetan alkatetzara eta udal gobernura itzuli zen EH Bildu. Zein da legegintzaldiaren orain arteko balorazioa?

Aldaketa baten bila etorri ginen, eta uste dut igartzen dela. Herrian beste ilusio bat nabaritzen dugu. Hiru helburu nagusi jarri genituen legegintzaldi honetarako: herriaren nortasuna bultzatzea; herritarrak Lekeition duin bizitzeko urratsak egitea; eta Udala herritarrei hurreratzea. Kolpea eman dugu: etxebizitzaz arazoa egon da, eta eskua sartu dugu. Aparkalekuen arazoan eskua sartu dugu, turismo ereduan ere bai. Parte hartze prozesuak martxan jarri ditugu, herritar guztiak hartzen ditugu udaletxean. Beharrean gabiltza; emaitzak ikusteko daude, urte bi baino ez daramatzagulako. Baina orain arteko balorazioa positiboa da.

Etxebizitza turistikoen lizentziak emateko prozesua etetea erabaki du Udalak. Zerk eraman zaituzte erabaki hori hartzera?

Lekeition 5.300 etxebizitza daude; horietatik erdia baino gehixeago erabilera nagusikoak dira, bizitokiak. Baina beste %25 bigarren etxebizitzak dira, eta %17 hutsik daude; hau da, 909 pisuk ez daukate erabilera jakinik. Tartean daude 97 etxebizitza turistiko, erregistratuak, ze erregistratu barik nork daki zenbat diren. Datu ikaragarriak dira. Etxebizitza huts asko badaude baina gazteentzat etxerik ez badago, zerbait txarto egiten ari gara. Turisten beharrak herritarren eskubideen aurretik jarrita, ez dago etorkizunik; beraz, esku hartzea erabaki genuen, etxebizitza turistikoak araututa. HAPOren aldaketa egiten hasi gara. Prozesu parte hartzaile batean sartuta gaude orain, eta moratoria bat ezarri dugu, ez delako zentzuzkoa araua aldatzen ibiltzea eta bitartean etxebizitza turistikoen baimen gehiago ematea. Dena dela, etxebizitza turistikoen baimenak emateko eskumena Eusko Jaurlaritzarena da. Guk geure esku dagoen araudian eskatu dugu moratoria.

«Goiko aparkalekuen jabetza lortzeko lanean ari gara. Bizkaiko Foru Aldundiarenak dira, baina geuk kudeatu nahi ditugu»


Gai honen inguruan lekeitiarren iritzia batzeko erarik izan duzue?

Herritar gehienak etxebizitza turistikoak mugatzearen alde daude. Baina ez hori bakarrik, turismoan aritzen diren eragile batzuek ere neurriak jartzeko beharra azaldu dute: lehenengoz herriko ostatuek esan digute uztailean plazak hutsik izan dituztela, bezeroak etxebizitza turistikoetara joaten direlako. Oreka behar dugu gai honetan, baina lehenengo etxebizitza eskubidea jarrita, oinarrizko eskubidea delako. Turismo eredua ere aldatu egin da. Lehen jendea udako hiru hilak pasatzera etortzen zen, herriko kuadrilletan parte hartzen zuen eta hemengo kulturaren parte zen. Hori galdu egin da, bisitariek egun gutxi egiten dituzte hemen.


Etxebizitza eskubidea bermatzeko beste neurririk hartuko duzue?

Udalaren eskumenak mugatuak dira gai horretan, baina ahal dugun guztia arautzeko prest gaude. Etxebizitzaren Euskal Behatokiak eremu tentsionatuen zerrenda atera zuenean, 2023an, Lekeitio ez zen ageri, eta Jaurlaritzari ohartarazi genion geu ere zerrenda horretan sartu behar gintuzkeela. Orain irizpide berri batzuk jarri dituzte, eta zerrendan gaude. Bestetik, gazteen alokairurako dirulaguntzak hobetu ditugu eta Alokabiderekin hitzarmena egin dugu, etxebizitza huts gehiago urte osorako alokagai egon daitezen. Azkenik, etxebizitza sozial gehiago eraikitzeko ahaleginean ari gara Jaurlaritzagaz, elkarlanerako prestutasuna dago.

Iazko udan kaleko aparkalekuen araudi berria atera zenuten, herrian erroldatutakoei lehentasuna emanez. Polemikak polemika, aurten berriro martxan jarriko duzue?

Aparkalekuaren arazoa urteetako kontua izan da. Auto asko daude eta Lekeitioren azalera oso txikia da: 1.700 plaza dauzkagu eta herritarrek 3.500 auto dituzte. Bada, udan, biztanleak hirukoiztu egiten dira. Gainera, garaje pribatuetan plaza gehiago dira kanpotarrenak herritarrenak baino. Arazoa dago, eta eskua sartzea beharrezkoa zen, jakinda zer polemika ekarriko zuen. Iazko esperientzia positibotzat jo dugu. Herritarrek esan digute bizimodua erraztu diela. Aurtengo udan antzera egingo dugu, baina erabilera bonuan aldaketa bat dator: 30 eguneko bonua aterako dugu, nahi den 30 egunetan erabiltzeko eta ez, iaz bezala, derrigor 30 egunez jarraian. Marra gorrien erabilera ere aldatuko dugu; lehen ordu erdikoa zen muga, orain ordubetekoa izango da. Gainera, goiko aparkalekuen jabetza lortzeko lanean ari gara. Bizkaiko Foru Aldundiarenak dira, baina geuk kudeatu nahi ditugu.

«Datuek larritu egin gaituzte. Euskararen erabilera %69ra bajatu da, eskualdeko daturik eskasena»



Herritarren bizitza duintzea da legegintzaldiko helburuetako bat. Zer beste hutsune ikusten ditu Udalak?

Garraio publikoarena lehentasunezkoa da, gabeziak daude. Bilbora joateko autobus zuzenak behar ditugu, eta Galdakaoko ospitalera joateko beste sistema bat, orain autobusean bi ordu direlako. Proposamen batzuk egin ditugu, adibidez, Markinan eskualde guztikook transbordoak egitea garraiobide zuzenagoetara. Bestetik, Eusko Jaurlaritzagaz berbetan ari gara anbulatorioaren kontura, ginekologoak, pediatrak eta emaginak behar direla eta. Ingurumena ere ezin dugu ahaztu. Azken urteetan eguzki plakak jarri ditugu eraikin publikoetan, eta ibilgailuentzat kargagailu elektrikoa daukagu. Komunitate energetikoa sortu da eta Udala bazkide egin da. Iturri berriztagarriak erabiltzea eta energetikoki burujabeak izatea da erronka.

Lekeitioko Musika Bandak jarduna etengo duela iragarri du oraintsu. Zer egingo du Udalak?

Herri musikazalea gara. Musika Banda beti izan da garrantzitsua, eta, gainera, ezin ahaztu Estudiantina, Itsas Soinua, Aittitta Makurra eta hainbat elkarte. Denen arteko elkarlana bultzatu dugu Udalean. Kontua da Musika Banda ez dela Udalarena, aparteko elkarte bat da, baina kontratu batzuk Udaletik egin izan dira. Egoera irregular hori zuzentzeko batzarrak egin ditugunean, baina, ez gara akordio batera heldu, eta Banda kudeatzen duen elkarteak ez segitzea erabaki du. Gure apustua da laster berriro martxan egotea, beste bide batzuk aztertuta, Bandak herriari ekarpen izugarria egiten diolako, altxor handia da. Hartu-emanetan gaude, diskrezioz ari gara.

Lekeitio euskararen arnasgunea da, baina azken neurketetan beherakada kezkagarria egon da kaleko erabileran.
Datuek larritu egin gaituzte. Erabilera %69ra bajatu da, eskualdeko daturik eskasena. Ume eta gazteak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Herriko elkarteek Lekitton Euskera Behar Dugu ekimena martxan jarri dute, Udala ere parte da. Azken batean, zer litzateke gure izate alaia, gure kultura euskara barik? Horretaz kontziente izatea nahi dugu. Gure nortasuna euskaratik dator.