
Azantza eta Sarbil eremuetan egin nahi duten parke eolikoaren kontra 6.000 alegazio aurkeztu dituzte gaur Nafarroako Gobernuaren Industria sailaren egoitzan. «Gurea defendatzeko gaude hemen: zanpatzen dugun lurra, bertan bizi den jendea eta eraiki nahi dugun etorkizuna», nabarmendu dute Industria sailaren egoitzaren aurrean Urbasa Andia Bizirik plataformak deituta egin duten elkarretaratzean parte hartu dutenek.
«Argi eta garbi esaten diogu Nafarroako Gobernuari: ez diogu utziko gure herrietan bizi eta lan egiten ditugunokin kontatu gabe erabakirik hartzen. Eta konpromiso hau ez da bakarrik orainaldiarekin, gure memoria eta, batez ere, etorriko diren belaunaldiekin ere badugu», gaineratu dute.
Dagoeneko asteak daramatzatela makroproiektu honen kontra egiten azpimarratu dute. «Bulegoetatik inposaturiko plana da, gure ondare naturala, gure paisaiak, gure bizimodua eta gure elkarbizitza mehatxatzen dituena», salatu dute, parke eolikoaren proiektua inguruko udal eta biztanleekin hitz egin gabe egin dela gaineratuz.
Uztailean Mikel Irujo sailburuarekin egindako bileran, Goñerriko Udalak parke eolikoaren aurka dagoela argi eta garbi utzi zion. «Kalte handia eragingo luke», nabarmendu zion ibarreko alkate Eduardo Urmenetak. Plataformak ere antzeko jarrera era luzatu dio aurretik Irujori.
«Logika espekulatzailea»
«Proiektu honek ez du gure gizartearen behar energitikorik konpontzen. Logika espekulatzailearen eta gutxi batzuen interes ekonomikoaren alde baino ez du egiten», salatu dute.
Gauzak horrela, 6.000 alegazio aurkeztu dituzte. Sinatzaileen artean biztanleak, taldeak, elkarteak, udal eta kontzejuak daude. Sinatu duten udalak hauek dira: Abartzuza, Ameskoa Behea, Antzin, Artazu, Bidaurreta, Oltza-Zendea, Zirauki, Ergoiena, Etxarri Arantaz, Etxauri, Eulate, Goñerri, Gesalatz, Girgillao, Lezaun, Mañeru, Jaitz, Ollaran eta Deierri.
Alegazioak aurkeztu dituzten kontzejuak hauek dira: Amillao, Arazuri, Artabia, Beasoain-Egillor, Eraul, Eultz, Ibero, Izkue, Izu, Larrion, Lizarraga, Otsobi, Ororbia eta Unanu.
Hauekin batera, 27 elkartea eta taldek ere aurkeztu dituzte alegazioak.
«Gure helburua lurra, bizitza eta gure etorkizunari buruz erabakitzeko eskubidea defendatzea da. Ez dugu ezetz esateagatik ezetz esaten, jendea eta herriak lehenetsiko dituen eta gure autonomia, gure historia eta gure duintasuna errespetatuko dituen garapen jasangarria eraikitzeko baizik», aldarrikatu dute.
Poligonoa atzera botatzeko eskaria
Gauzak horrela, Nafarroako Gobernuari Azantza eta Sarbilgo poligono eolikoa atzera botatzea eskatzen diote. Honekin batera, energiari buruzko plangintza bat egitea eskatu diote, pertsonen eta lurraldearen interesak lehenetsiz enpresa handien eta inbertsio-funtsen gainetik.
Bide batez, landa eremuetako herrietan beharrezkoak diren inbertsioak eskatu dituzte. «Kalitatezko zerbitzuak (osasuna, hezkuntza, garraioa eta etxebitza) izateko eskubidea dugu eta bizirik segitzeko aukerak behar ditugu», adierazi dute.

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Pradales también rubricó el PGOU de Zaldibar por el que se imputa a la exalcaldesa de EH Bildu

Desconocidos roban la ikurriña de Ayuntamiento de Ondarroa y realizan pintadas

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

