«Konpartsetan ez gara isilik geratuko, jarrera onartezinak ikusten baditugu»
Jaietan urtero izaten dira eraso matxistak. Erasoei erantzun ahal izateko, protokoloak prestatzen dituzte eragile gehienek; Bilboko Konpartsak ez da salbuespena. Hura ontzeko prozesuaz eta batzuentzat zein besteentzat dituen onurez mintzatu dira Iratxe Ugalde eta Mikel Varela.

Aurten ere izan dira eraso matxistak Bilboko Aste Nagusian. Urtetik urtera mantentzen da zifra, baina geroz eta irmoagoa da ematen den erantzuna. Izan ere, Bilboko Konpartsek badute horretarako zehaztutako bide orria.
Eraso matxistak ekiditen saiatzeko eta, batez ere, behin gertatuta biktima behar bezala artatzeko baliabidea dira. Halaber, konpartsakideei baliagarria zaie zer eta nola egin behar duten jakiteko, ez baitira inprobisaziorako uneak izaten.
Bilboko Konpartsetako erasoen aurkako lantaldeko kideak dira Iratxe Ugalde Zarate eta Mikel Varela Garcia, eta federazioak alor honetan egiten duen lanaz mintzatu dira.
Noiztik dauka Bilboko Konpartsak federazioak erasoei erantzuteko protokolo formal bat?
Mikel Varela: Bilboko Konpartsak banatzen da lantaldeka eta batzordeka, baina batzordeek pisu gehiago daukate. Lantaldeak sortzen dira egoera zehatzei erantzuteko. Eta hasieran sortu zen erasoei erantzuteko lantalde bezala 2008an. Orduan egin zen protokolo bat.
Ez dakigu nolako protokoloa zen. Gu ez geundelako momentu horretan, rotazioa egoten delako. Baina badakigu 2008tik dagoela protokoloa.
Zer dela eta erabaki zuten une horretan lantaldea eta protokoloa sortzea?
Iratxe Ugalde: 2008an sortu zenean izan zen Mugimendu Feministak eskatu zuelako edo mahai gainean jarri zuelako behar bat egon bazegoela, Bilboko Konpartsak bezala erantzun ahal izateko erasoen aurrean. Izan ere, ikusi zen era kolektiboan erantzun behar zela.
Hortik sortu zen, Mugimendu Feministak identifikatutako behar batetik, eta, jakina, Bilboko Konpartsek bat egin zuten eskaerarekin.
MV: Azken finean, Bilboko Konpartsak ez dira halako mugimendu isolatu bat. Badaude Mugimendu Feministako kide pila bat eta konpartsakideak dira. Horrek ere eragiten du.
«Segurtasun sentsazioa ematen du jakiteak badaudela babestuko zaituzten 27 konpartsa»
Ohikoena horrelako protokoloak noizean behin berritzea edo eguneratzea izaten da. Zer berri dakar aurtengoak?
MV: Aurtengoak, berez, ez du berrikuntzarik izan, pasa den urtekoarekin konparatuta. Joan den urtean bai egon ziren aldaketa batzuk, egokitzeko, batez ere, telefonoak edo zerbitzuak. Izan ere, guk hartu-emana daukagu, eta erakunde desberdinekin eta baliabide batzuk dauzkagu eskura. Hori aldatu egiten da urtetik urtera, indarragatik edo zerbitzu publiko berria sortu delako, adibidez. Baina, iaztik ez da asko aldatu.
IU: Gainera, Bilboko Konpartsak ez daude Aste Nagusian bakarrik. Protokoloak dauzkagu antolatzen ditugun ekintza guztietan, gertatzen bada, erantzun bat eman ahal izateko. Aurten, esate baterako, Konpartsakide Egunean eta Inauterietan, bai, egon da eskuragarri guardia telefono bat.
MV: Ekimen txikiagoetan badauzkagu protokolo sinpleagoak, behar zehatzei erantzuten dietenak. Egun bakarreko ekintzak izaten dira, eta normalean beharrak eskatuta sortzen dira, batzuetan, tamalez, gertatzen direlako gauzak. Ez duzu espero mendi irteera batean, esaterako, eraso bat ematea, baina urte batean eman zen, eta horregatik daukagu ekintza horretarako protokoloa ere.
Nolako harrera izan du erasoen aurkako protokoloak eta lantaldea sortzeko ekimenak Bilboko Konpartsetan?
IU: 27 konpartsa daude eta bakoitzak bere berezitasunak ditu. Baina, egoera sozial eta politikoak bezala, mugimendu feminista indarra hartzen joan den neurrian, joera horrekin bat egin izan du Bilboko Konpartsak federazioak.
Erasoak gero eta gehiago salatzen dira, gero eta tresna gehiago daude eraso matxistak zein arrazistak eta LGTBIfobikoak salatzeko. Konpartsakide moduan hitz egin da, konpartsakide gero eta gehiagok ezagutzen dute zer den protokoloa, barneratu dute, eta oro har jende gehiagok daki badagoela protokolo bat, ezagutzen du zergatik dagoen, badakite beharra nondik datorren...
Gainera, protokoloa izateari esker, konpartsa guztiek daukate informazioa, jakiteko nola erantzun norbaitek konpartsara jotzen badu eraso bat salatzeko.
Beraz, uste dut harrera hori izaten ari dela, gero eta barneratuagoa, eta gero eta argiago ikusten da garrantzia. Saretze hori egon badago.
MV: Iratxek esan duen moduan, konpartsak oso anitzak dira, bakoitzak dauka errealitate oso desberdin bat eta, gainera, errealitate hori konpartsaren beraren arabera ere asko aldatzen da belaunaldi batetik bestera.
2017-2018an Mugimendu Feministak indar publiko gehiago hartu zuen heinean, esango nuke heldu garela puntu batera zeinetan Bilboko Konpartsak federazioak ez duen auzitan jartzen ez protokoloaren garrantzia ez eta lantalde propio baten garrantzia ere. Halaber, ez da zalantzan jartzen lantalde hori iraunkorra izatea, konpartsakide berriak sartzea bertara eta baliabidez hornitzea, ahal den neurrian.
Egia da, erantzuna, gure esku dagoena, ematen dugula. Gu saiatzen gara erasoak ekiditen eta, ahal dugun neurrian, laguntzen, baina erasoak hor daude.
Esango zenukete tresna baliagarria dela, bai erasoen biktimentzat eta baita hura artatu behar dutenentzat ere?
IU: Nik baietz esango nuke. Protokoloa beharrezkoa da seguruago eta konfiantza gehiagorekin jakiteko zer eta nola egin. Kanpora begira, jendeak badaki protokolo bat dagoela, konpartsetara hurbildu daitekeela eraso bat salatzera (bai zuk pairatu baduzu, bai ikusi baduzu ere), eta iruditzen zait horrek konfiantza ematen duela.
Nahiz eta, zoritxarrez, jai inguruak ez diren beti espazio seguruak, uste dut segurtasun sentsazioa ematen duela jakiteak badaudela babestuko zaituzten 27 konpartsa. Betiere, jakinda eskura dauzkagun tresnekin erantzuten dugula, ahal dugun moduan, eta konpartsa bakoitza desberdina dela. Guri, konpartsakideoi ere, segurtasuna ematen digu zer egin jakiteak.
«Gu saiatzen gara erasoak ekiditen eta, ahal dugun neurrian, laguntzen, baina erasoak hor daude».
Hala ere, esan duzuen moduan, erasoak gertatzen dira. Zein irakurketa egiten duzue?
AV: Azken finean, gu ez gara gizartearen ez lekukoak ez ordezkariak, mugimendu batzuetatik jaioak gara, eta hor gaude. Erasoak gertatzen dira asko dagoelako oraindik egiteko. Jarraitzen dugu bizitzen gizarte patriarkal, arrazista eta abar batean.
Badaukagu gainean mugimendu erreakzionario eta faxista bat, eta horri aurre egin behar zaio. Pribilegioak zalantzan jartzen dituzten mugimenduak, antza, orain etsaiak dira, eta horren kontra ere borrokatu behar dugu, bai federazio moduan, bai gizarte moduan.
Gu hor gaude tresna bat eskaintzeko, jai bat antolatzeko eta eta espazio ahalik seguruena bermatzen saiatzeko. Baina, gero, bueno... Gure erantzukizuna hori da. Gero nork bere buruari begiratu beharko dio.
IU: Erasoak ematea bizi garen gizartearen isla da. Baina, uste dut saretzeak laguntzen duela. Badaude eragile asko federazioari babesa ematen diotenak; elkarlanean aritzen gara haiekin, eta hori alde daukagu.
Beste eragileekin eta instituzioekin dituzuen harremanak zer nolakoak izaten dira?
MV: Artatze zerbitzuekin harremana beti izaten da bestelakoa. Biktima bideratzen duzunean horrelako zerbitzu batera, izaten da nahiko leuna. Zailagoa da Poliziaren interbentzioa dagoenean, ez daukagulako horrenbesteko kontrolik, ez daukagulako pertsona indibidualki laguntzeko aukerarik.
Horretaz aparte, erakundeekin eta beste mugimenduekin izaten dugun harremana ona da, asko gure parte direlako. Beraz, erraza da, eta beste askok badaukatelako federazioarekin hartu-emana. Erakunde publikoekin, egia esanda, apur bat denetarik.
Azkenean, gure ardura da protokolo bat izatea, eta mundu guztia da ongi etorria.
IU: Baina ez jarrera guztiak.
MV: Hori da. Behar dugu denon laguntza eta portaera egokia. Ez da oso zaila eskatzen dena, minimo batzuk izatea da. Konpartsetan ez gara autoritatea, baina ez gara isilik geratuko jarrera onartezinak ikusten baditugu.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena




