Haizpea Abrisketa (Mediabask)

Hirutik bi herritar autonomia gehiagoren alde dira Ipar Euskal Herrian

Eskualdeen eta Herri Solidarioen alderdien federazioak, IFOPek egindako inkesta batean, Estatu frantsesaren barneko aldaketa instituzionalari aurrekaririk gabeko sostengua agerian utzi du, bereziki lurraldeen aitorpen instituzional eta linguistikoari dagokionez.

Gure Eskuk Larrun mendian egindako ekitaldia joan den maiatzean.
Gure Eskuk Larrun mendian egindako ekitaldia joan den maiatzean. (Patxi BELTZAITZ)

Ipar Euskal Herrian hiru herritarretik bi estatutu bereziko kolektibitate baten alde dira. Ideia honekin bat egiten du ere galdera bera luzatu zaien biztanleen erdiak Estatu frantsesean. Horrela azaltzen da IFOP institutuak abuztuaren 25ean Bastian (Korsikan) Eskualde eta Herri Solidarioen Federazioaren udako unibertsitatean argitara eman duen ikerketan.

Deszentralizazioaren aldeko jarrera nagusia erakusten du ikerketak, Estatu frantsesaren administrazioaren menpe dauden herrien kultura, hizkuntza eta erakunde mailako errekonozimenduarekin batera.

Erakunde, lurralde antolakuntza edo hizkuntzaren alorrean, autonomia eta aitortza gehiagoren aldeko iritzi kopuruak biztanleriaren erdia gainditzen du, batzuetan bi herenak izatera iritsiz. Ipar Euskal Herrian, esaterako, %62 estatus berezia duen komunitate bat sortzearen alde dago.

Estatu mailan, %71k Estatu frantsesa estatu federal bihurtzea nahi du, eskualdeen boterea indartuz. Zifra %55era jaisten da galdera berariaz autonomia egoerari dagokionean. Korsikako autonomiaren (%51) edo euskal erkidego baten (%50) aldeko iritziak egonkor mantentzen dira.

Hizkuntza gutxituen aitorpena

Hizkuntza gutxituei dagokienez, inkestatutako Ipar Euskal Herriko herritarren %91 haien aitorpenaren alde dago. Estatu osoan, ideiak %77ko atxekimendua jasotzen du. Ipar Euskal Herrian, %71k euskararen koofizialtasuna nahi du, eta %66k, derrigorrezko irakaskuntza eskolan. Gainera, parte hartzaileen %74k uste du hautetsiek euskaraz hitz egiteko gai izan behar dutela udaletan.

Komunitateen eta Estatuaren arteko harremanari buruz galdetuta, Ipar Euskal Herriko herritarren %70k uste du lurraldeek botere nahikorik ez dutela, eta frantsesen %68k partekatzen du iritzia. Inkestatutako ia guztiek, Ipar Euskal Herrian bezala Estatuko gainerako herrialdeetan ere (%91 eta %90) Estatua tokiko errealitateetatik oso deskonektatuta dagoela uste dute.

Batera plataformak Ezpeletan maiatzean egin zuen bilera. (Patxi BELTZAIZ)
Batera plataformak Ezpeletan maiatzean egin zuen bilera. (Patxi BELTZAIZ)

«Modus vivendi» berria

Xabi Larraldek, EH Baiko kudeatzaile instituzionalak, «Bosgarren Errepublikaren eta bere erakundeen krisiaren aurrean, Estaturik gabeko nazioekin modus vivendi berri baten beharra» dagoela baieztatu du ikerketa honen harira. Haren esanetan, Ipar Euskal Herriak instituzionalki eboluzionatu behar du bere asmoei erantzuteko. «Estatus instituzional berri baten eta euskararen koofizialtasunaren aldeko dinamika politiko sendo baterako» baldintzak betetzen direla uste du.

Batera herritar plataformak maiatzaren 10ean Ezpeletan egin zuen birfundazioko batzar orokorra, bide horretan mobilizazio fase berri bat abiatuz. Eta aurretik, abenduan, autonomiarako proposamen zehatza mahai gaineratu zuen EH Baik.

Korsikan

Korsikan, are nabarmenagoak dira Estatuko biztanleekiko aldeak. Korsikaren autonomia-egoera eta derrigorrezko irakaskuntzarako laguntza %76ra iristen da. François Alfonsi, Eskualde eta Herri Solidarioen presidentearentzat, zifra hauek «parlamentari guztiak beren arduren aurretik» jartzen dituzte, uhartearen autonomiari buruzko eztabaida hurbiltzen ari den heinean.

François Krausek, IFOPeko Politika eta Albisteak saileko zuzendari eta Paris Ouest Nanterre La Defense Unibertsitateko zientzia politikoen irakasle denak, «lurralde antolaketa birpentsatzera bultzatzen gaituen gehiengo dinamika bat» adierazi du. Azpimarratzen duenez, «deszentralizazio eskaria ez dela ekintzaile erregionalisten soilik eskumena, baizik eta alderdien arteko eta belaunaldien arteko eskakizuna bilakatzen ari da».

IFOPen galdeketa internet bidez egin da, 2025eko uztaileko 11tik 25era bitarte. Estatu frantsesean 18 urtez gaindiko populazioa ordezkatzen zuten 2.000 lagunek hartu dute parte. Hauetatik, 500 Alsazia-Moselakoak ziren, 500 Bretainia historikoak, 500 Saboiakoak, 504 Korsikakoak, 534 Ipar Euskal Herrikoak, 500 Ipar Kataluniakoak eta 518 Okzitaniakoak.