Surflari ernegatua

Oroimenaren harian

Herriak jaso zuen olana, Azken Portun.
Herriak jaso zuen olana, Azken Portun. (NAIZ)

Idatzi hau, edo antzekoa, Zarauzko erakunde abertzaleren batek idatzi beharko luke, baina egingo ez dutenez, eta isilik egon ezin dudanez, nire purrustadak botatzeko erabiltzen dudan zutabea baliatuko dut, beste behin ere, surfa edo itsasoa (jada erabili ditut derrigorrezko bi hitzak) ez den beste zerbaitez hitz egiteko. Abuztuaren 11ko zutabearen jarraipena da gaurkoa.

Gertakariak: Zarauzko Udalak sekulako presarekin eta bereak ez diren baliabideekin pankarta bat kentzen du eta gezurra esaten du arrazoiak ematean. Gogora institutuko zuzendaria Txiki eta Otaegiren oroimena kriminalizatzen saiatzen da eta eztabaida publikoa zabaltzen da.

Antza, Txiki eta Otaegiren fusilamenduak oroitzen zituen pankarta eremu pribatuan zegoen, zehatzago, Villahermosako dukeak Narros jauregian dituen lursailetan. Alegia, frankismoari esker aberastu zen familia baten lurretan. Hala ere, Zarauzko Udalak pankarta kentzeko agindua eman zuen, baina halako lanak egiteko baliabiderik ez duenez beste norbaiten laguntza behar izan zuen. Nork kendu zuen pankarta? Zenbat diru xahutu zuten?

Pankarta jarri zen lekuan dagoen ostatuko kanpoaldean abuztuaren 15ean Borgoinako gurutzea duen bandera (Espainiako eskuin muturraren sinboloa) jartzen duten faxistekin ez dute arazorik. Eremu pribatua delako?

Pankarta kentzeko ardura hartu zuen zinegotziak (PSOE), olanak 24 ordu baino gutxiago egin zituela zioen mezua zabaldu zuen, harro, (ordu gehiago iraun zuen, baina tira). Tontakeriak esateko, baina bera da gai honen inguruan hitz egiten ari den bakarra; gainontzeko udal ordezkariak isilik daude. Pankartan Gogora institutuak hainbeste maite duen Meliton Manzanas edo antzeko beste norbaiten aurpegia balego, ziur aski ez luke halako harrokeriaz jokatuko, biktimen senideak iraintzea egotzita auzitegian amaitzeko arriskua izango bailuke.

Udalak pankarta kentzeko eman zuen arrazoia ekologikoa izan zen; alegia, pankartak ingurumen babestua kaltetzen duela. Baina pankarta sasietan botata utzi zuten eta horman ere pankarta zatiak utzi zituzten lotuta. Zergatik ez zuten txukun jaso?

Herritar talde batek berreskuratu zuen olana, bi eguneko auzolan gogorrari esker, eta Azken Portu auzoko jaietan zabaldu zuten, txalo artean. Gero, Gogora institutuko zuzendariak (PSOE) hartu zuen hitza, Txiki eta Otaegiren helburua terrorea zabaltzea zela, ez zutela demokrazia nahi, eta haien ikuspegia inposatu nahi zutela esateko. Argiki, Txiki eta Otaegiren oroimenezko edozein adierazpen zentsuratzea zuen helburu. GAL sortu zuen alderdiko kideek beti besteei seinalatzeko ohitura itsusia baitute.

Ez da serioa, baina horrela da. Eta horrela da, gai hauetaz aske hitz egiteko askatasunik ez dagoelako. Argigarria da Zarauzko Udalean inork ofizialki deus ez esatea. Denok eduki beharko genuke pentsatzen duguna esateko askatasuna, zeren horrela ez den bitartean, eraikitzen ari diren memoria, faltsua izateaz gain, baztertzailea ere bada. Jamie O’Brien surflari hawaiiarrak dioen moduan, «ez dago olatu bat irakurri eta surfeatzeko modu bakar bat».