NAIZ

Osakidetzak itzultzaile neuronal bat jarri du abian, euskaldunak ez diren profesionalentzat

Osakidetzak martxan jarritako itzultzaile neuronalak modu erraz eta azkarrean itzultzen du gaztelaniara pazienteen historia klinikoan euskaraz jasotako informazioa. Horrela, euskaldunak ez diren profesionalek informazio hori eskuratzeko tresna bat dute.

Osasun Sailak eta Osakidetzak Itzulbide tresna jarri du abian, testu klinikoen itzultzaile neuronala. Tresna horrek euskara ez dakiten osasun-langileei lana errazten die kontsulta medikoak euskaraz egiten direnean, eta aukera ematen die profesionalei informazioa pazientearen historia klinikoan euskaraz sartzeko, «itzulpenean edo interpretazioan egon daitezkeen akatsengatik jarraitutasun asistentziala baldintzatu gabe».

Lakuak nabarmendu duenez, Itzulbidek Osasun Itunean jasotako helburuari erantzuten dio, hau da, «paziente eta profesionalen hizkuntza-eskubideak bermatzeari», bai eta Osakidetzan Euskararen Erabilera Normalizatzeko III. Planari (2022-2028) ere, zeinak bere helburuen artean jasotzen baitu profesionalek aplikazio korporatiboetan euskaraz lan egin ahal izatea, esate baterako, historia klinikoan.

Praktikan, Itzulbidek profesional bat pazientearen historia klinikora sartzen denean, eta bertan beste profesional batek euskaraz idatzitako informazioa jasota dagoenean, berehala gaztelaniara itzultzeko aukera ematen du.

«Era horretan, tresnak hainbat onura dakartza: alde batetik, kontsulta medikoak euskaraz egitea errazten du pazienteak aukeratutako hizkuntza bada –betiere arreta ematen dion profesionalak euskaraz badaki–, eta, bestetik, beste profesional batek informazio hori eskuratu nahi badu eta euskaraz ez badaki, testua erraz itzultzea ahalbidetzen du», argitu du Lakuak.

Euskararen erabileraren hazkunde naturala

Osakidetzak gogorarazi duenez, gero eta eskari handiagoa dagoela historia klinikoan euskaraz idatzi ahal izateko, bai gizartearen bai profesionalen aldetik.

Egiturazko plazetako langile aktiboen erdia baino gehiago elebidunak dira, eta gauza bera gertatzen da Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) osasun-graduen azken promozioan. Ondorioz, aipatutako bilakaera hori bizkortu egingo dela aurreikusten da.

«Horrek guztiak euskararen erabilera modu naturalean haztea dakar, bai profesionalen arteko ahozko komunikazioan, bai profesional eta pazienteen artekoan, baita idatzizko komunikazioan ere. Praktikan, nahiz eta pazientearekiko harremana euskaraz izan, artatzen duten profesionalek gaztelaniaz transkribatzen dute ordenagailuan ematen ari den asistentziaren edukia. Izan ere, beldur dira informazio hori behar duen beste profesional batek ez ulertzea, eta, hortaz, arriskuan jartzea arretaren segurtasuna. Egoera horren ondorioz, orain arte existitzen ez zen tresna bat garatu behar izan da, testu klinikoak euskaratik gaztelaniara itzultzeko eta, horrela, hizkuntza ez jakiteagatik asistentzia-jarraitutasunean sor daitezkeen arazoak minimizatzeko», azaldu du.