NAIZ

Herrien izen euskaldunak ofizializatzea eskatu du EHEk Donibane Garazin

Bideko seinaleetan herrien izenak frantsesez daudela salatu eta herrien izen euskaldunak ofizializatzeko eskatu du Euskal Herrian Euskarazek larunbat honetan Donibane Garazin. Euskaltzale Independentisten Akanpadaren baitan egin dute ekimena, bihar amaituko da akanpada.

Seinaleetan euskarazko izenak lehenestearen aldeko ekimena.
Seinaleetan euskarazko izenak lehenestearen aldeko ekimena. (EHE)

Astelehenean abiatu zen Euskaltzale Independentisten Akanpada Behorlegin, Nafarroa Beherean. Euskal Herrian Euskarazek akanpadaren balorazio positiboa egin du, Euskal Herriko hamaika txokotatik joandako kideekin batera, nazio izaera duten «eztabaida sakonak» eman dituztela jakinarazi dute ohar baten bidez. Larunbat goiz honetan, ordea, Donibane Garazira joan dira instituzio politikoetako agintariei euskararen aldeko «jauzi» bat eskatzeko: «Herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea».

Jai Alai itzulgunearen inguruan seinaleei pegatinak jarriz herrien izen frantsesak salatu dituzte. Gogoratu dute Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herri gehienen izenaren jatorria euskalduna dela, alta, frantsestuak izaten ari direla. «Inperialista da», gaineratu dute.

«Izen ofizial bakarrak frantsesezkoak dira, eta biak erabiltzen direlarik, bide seinaleetan adibidez, lehentasuna frantsesezkoei emaiten zaie. Zapaltzailea da», ohartarazi dute, eta frantses ortografiarekin idatziak izaten direla azpimarratu dute, nahiz eta sarritan ahozkeran ez diren ezberdintzen. Adibde bat jarri dute: Banka izen euskalduna, Banca gisa ageri dela, «irrigarria da» zehaztu dute.

«Horiek hola, herrien izen euskaldunak frantsestea, euskara eta euskaldunak gutxiestea da. Begirune eskas hori Ipar Euskal Herriko bide bazter guzietan da, herrien frantsestutako izenak seinale tauletan idatziak direlako», gehitu du EHEk. Eta izen ofizial bakarra euskarazkoa izatea eskatu dute: «Euskarari eta euskaldunei zor zaien begiruneagatik, eta euskararen erabilpenaren egoera larriagatik, Xiberoko, Nafarroa Behereko eta Lapurdiko herrien izen euskaldunak ofizializatzea eta izen ofizial bakarrak izaitea eskatzen dugu».

Horrela, euskaraz ez dakitenek euskal ortogradia eta ahozkera ikasten ahalko dutela nabarmendu dute, eta Euskal Herriko jatorrizko hizkuntzaren ikasketan lehen urratsak egin ahalko dituztela.

Igandera arte

Igandean amaituko da Euskaltzale Independentisten Akanpada, baina EHEk larunbat honetan edota igandean bertaratzeko deia egin du. Larunbat iluntzean ELEA festibal akustikoaz gozatzeko aukera izango da, Pacoren kontzertuarekin hain zuzen ere. Eta bihar, bertso-Txerriboda izango da, 13.00ean Haira Aizpurua, Ramuntxo Christy eta Maddi Ane Txoperenarekin.