
35 urte beteko dira bihar Oscar Artetxek Eibarrekin debuta egin zuenetik. Armaginek gogoratu beharreko data, ez bakarrik logikari desafiatuz Bigarren Mailan bi hamarkada eman zituen talde hartako ikurra izan zelako, Jose Ignacio Garmendiaren baimenarekin, edo 398 partida jokatu zituelako -Villabonako atezainak bakarrik gainditu duen zifra-, baizik eta futbol profesionalean elastiko gorri-urdina jantzi duen futbolari eibartar bakarretakoa delako.
Denbora aurrera doa baina erdilari ohia ez da gehiegi aldatu. Apala, herabea, jokatu zituen partiden kopuru zehatza ez duela gogoratzen aitortzen du, ez eta debutaren data (1990eko irailaren 1a) eta inguruabar zehatzak ere (81. minutuan zelairatu zen Iraola ordezkatzeko). Bai, behintzat, zelaia, Xerezeko Chapin, eta alternatiba eman zion entrenatzailea, Mikel Etxarri. «Nola ahaztuko dut hori. Oso oroitzapen ona dut berataz. Entrenatzaile bikaina zen eta hezitzaile bat, batez ere. Dena irakasten zuen, baloiari nola eman edo oina nola jarri, hortik hasita. Beste entrenatzaile batzuek dena ziurtzat jotzen dute, baina Mikel oso didaktikoa zen. Otorduetan ere edalontziak jokalari bihurtzen zituen eta eskemak, azalpen teknikoak, ematen hasten zen. Ikaragarria zen».
Zerbait ikasiko zuen Artetxek azalpen haietatik, hamaika denboralditan lehiatu baitzen futbol profesionalean. «Denborarekin pentsatzen duzu, ‘ai ama, zenbat partida jokatu genituen’. Eta zerbait egingo genuen ondo horrela mantentzeko, zehazki zer zen ez badakit ere; ziurrenik grina, pasioa eta gogoa jartzen genituela, hori baitzen denok egiten genuena. Baina momentuan ez zara konturatzen denboraldiak eta partidak igarotzen direla. Egunerokoan zaude».
Meritua badu, «eguneroko» hura ez zelako gaurkoa. «Kategoria profesionala zen, baina guk afizionatu fitxa genuen. Arratsaldean entrenatzen ginen, askok lan egiten genuelako, tailerrean oporrak hartzen genituen denboraldiaurrea egiteko... Eta instalazioak... Anexoan entrenatzen ginen, Elgoibarren, Bergaran, Arraten ere bai. Bidaiak autobusez, noski. Oso desberdina zen».
LEKUKOA
Sanchez Pizjuanen jokatu zuen azken partida, 2001ean. Beste eibartar batzuek jantzi dute elastiko gorri-urdina ondoren -Hernaez, Retegi, Albistegi, Varela, Muniozguren -, baina 2.B mailan egin zuten kasuren batean eta apenas debutatzeko beste batzuetan. Hamaika urte itxaron behar izan ziren Jon Errastik Artetxeren lekukoa hartzeko. Ez bakarrik Eibarren jokatzeagatik, baizik eta armaginen historiako izen propioa bilakatzeagatik bera ere: bi igoera jarraituen arduradun nagusietakoa izan zen, baita Lehen Mailan elastiko gorri-urdinarekin jokatu zuen lehen eibartarra ere -eta azkena oraingoz-.
Vila-realeko harrobian entrenatzaile da egun Errasti eta honek, bai, gogoratzen ditu lekuak eta datak. «Nire lehen partida Osasuna Bren aurka izan zen, lagunarteko batean; debut ofiziala Zaragoza Bren aurka, Bigarren A mailan Murtziaren aurka Ipuruan eta Lehen Mailan Realaren aurka, Ipuruan hau ere. Kamisetak gordeta dauzkat. Nola ahaztuko naiz, amets bat bete nuen eta?», esan du irribarrez.
Gogoan du Artetxe bere idoloa zela haurra zenean Ipuruako harmailan jartzen zenean. «Haiek egindakoari esker lortu da gainerako guztia. Eta Artetxe gure txikitako idoloa zen. Begiratu eta ‘hori lortu nahi dut’ esaten nuen, Eibarren jokatu eta Artetxe bezala jokatu. Egia da gero Xabi Alonso deskubritu nuenean, bera izan dela ‘futbol modernoan’ nire idoloa. Baina lehena Artetxe izan zen. Eta Alonsok berak behin baino gehiagotan esan du asko ikasi zuela Artetxeren ondoan», gogoratu du.
Errastiren debutaren emozioa Artetxek berak ere sentitu zuen, «oso berezia baita herriko jokalariak ikustea gure taldean». Ulergarria ere bai, «txikitatik nabarmentzen dena Realak edo Athleticek eramaten dutelako. Horrek asko zailtzen du. llusio handia egin zidan Errasti Eibarrera itzultzeak, gainera talde hartara, eta Lehen Mailan jokatzeak. Eta pena eman zidan berak ez jarraitzeak eta eibartar gehiagok ez jokatzeak gero Lehen Mailan, eta Bigarren Mailan ere orain Jon Magunazelaia etorri arte itxaron behar izanak». Hori da Errastiren «pena» ere. «Sekulako ilusioa egiten dit Lehen Mailan jokatu duen lehena izatea, eta hori betiko izango da, baina pena handia, bakarra izaten jarraitzea. Eibarren jokalari onak ditugu eta Magunazelaia bera eredu onena da».
NORTASUNA
Egun Magunazelaia da Errastiri zion miresmena gogoratzen duena. «Ipuruan ikusten nuen txikitan. Jokalari gehiago zeuden, baina eibartarra bera zen eta hori zen denok nahi genuena. Ipuruan debutatzeko irrikan nengoen», esan du Eibarko jokalariak, joan den ostiralean armaginen zelaian etxeko taldearekin lehen aldiz jokatu ondoren.
Eibartar bakarra bai, baina ez da «etxeko» jokalari bakarra Eibar berri honetan. Eta neurri handi batean estutasun ekonomikoen ondorioa bada ere, Artetxe eta Errasti «pozik» daude taldeak berriro euskaldun ugari izateagatik. Harrobitik iritsitako bi barne, Arrillaga eta Mada. Eta biek gogoratzen dute eurek ospatutako lorpenetan, klubaren historian handienak, gauza bera gertatzen zela.
«Niretzat gozamena da -esan du Artetxek-. Emozionalki polita izateaz gain, zelaian ere nabaritzen dela uste dut. Hemengo jokalari batek, oro har, gogo eta inplikazio bikoitza eskainiko du». Errasti ere «pozik» agertu da «inguruko jende gehiago fitxatu» izanarekin. «Kanpoko futbolari on eta inplikatu asko izan ditugu, baina inguruko jende asko egoteak, polita izateaz gain, beste zer edo zer ematen dizu. Nortasuna, inplikazioa, zaleak ere gehiago identifikatzen dira... Gainera, jende apala, langilea... Eibarrek beti izan du nortasun hori eta mantentzeko beharrezkoa da inguruko jendea edukitzea. Harrobikoak badira, hobeto, gainera; egiten ari den lan onaren seinale izango da. Eta eibartarrak badira, askoz hobeto».

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Identifican los restos de Bengaray, líder del Frente Popular navarro y directivo de Osasuna

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

