Aurten 59 hildako izan dira Hego Euskal Herrian trafiko-istripuetan. Horietatik, gehienak, 29, Nafarroan izan dira. Gipuzkoan hamalau hil dira, Araban, hamabi eta Bizkaian, lau. Azken hildakoak Nafarroan jazo dira, Fiteron eta Antsoainen, hain zuzen.
Lakuako Gobernuak emandako datuen arabera, udako Irteera-Itzulera operazi berezian hamaika pertsona hil dira Araba, Bizkai eta Gipuzkoa errepideetan, iaz baino hiru gehiago. Hala ere, behera egin dute epe honetan izandako istripuen kopuruak (%6,7 gutxiago; 1.154 aurten, 1.237 iaz), zauritu larrien kopuruak (%17,5 gutxiago; 66 aurten, 80 iaz) eta zauritu arinen kopuruak (%8,6 gutxiago; 523 aurten, 572 iaz).
Udan hildako hamaika pertsona horietatik (sei Gipuzkoan, hiru Araban eta bi Bizkaian) %55 kolektibo kalteberetakoak dira (hiru motorzale, bi oinezko eta txirrindulari bat). Eta bide-moten arabera, zazpi pertsona hil ziren errepide arruntetan, bi herri barruko bideetan eta bi autobietan. Hildakoak izan dituzten istripuen %60, gutxienez, alkohol-kontsumoagatik, gehiegizko abiaduragatik edo distrakzioengatik gertatu dira.
Lakuaren kezka
Estibaliz Olabarri Lakuako Gobernuko Trafikoko zuzendaria «oso kezkatuta» agertu da hildakoen kopuruaren bilakaerarekin. Bere esanetan, «ez dugu zalantzarik guztion ardura dela gure errepideak leku seguru bihurtzea. Denok jarri behar dugu zerbait gure aldetik. Erakundeok istripu gehiago ez gertatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzen jarraitu behar dugu, hala nola kontrol- eta sentsibilizazio-kanpainak edo erakundeen arteko koordinazioa. Eta gidari, bidaiari eta oinezkook kontu handiz ibili behar dugu eta errepidean dauden arriskuez jabetu behar dugu».
Udan trafikoa handitu da
Bestalde, 2025eko Udako Irteera-Itzulera operazio berezia amaitu ondoren, berretsi egin da urtez urte erregistratzen ari den ibilgailuen zirkulazioaren bolumenaren hazkunde-joera. Aurten, gainera, aurreikuspenen gainetik izan da hazkundea, bai nazioarteko trafikoan, bai barne-trafikoan.
Europatik Portugalera eta Afrika iparraldera bidean EAE zeharkatu duten ibilgailuen kopurua %5,5 hazi da 2024aren aldean, aurreikuspenek iragartzen zuten %3,8aren gainetik. Kalkuluen arabera, aurtengo udan ibilbide luzean egindako joan-etorriak 4.284.000 izan dira, hau da, 2.142.000 ibilgailu inguruk zeharkatu dute EAE irteeran eta beste horrenbeste itzuleran. Zifra horiek uda hasieran egindako aurreikuspenak gainditzen dituzte. Nazioarteko trafikoaren gorakada hori Gipuzkoan nabaritu da bereziki, batez ere itzulera fasean Biriatuko ordainlekuan abuztuko azken bi asteburuetan.
Bestalde, barne-trafikoari dagokionez, ohikoa denez, trafiko-intentsitate handiena A-8an kontzentratu da, Kantabriako mugan; puntu horrean, trafikoak ia %4,75 egin du gora, %3ko aurreikuspena gaindituz kasu honetan ere.
Lakuak Armiñongo lotunean eta AP-1/N-622 loturan, Gasteizerako noranzkoan, eta N-622/A-1 lotunean, Burgos-Madrilerako noranzkoan, jarritako operatiba bereziei esker, trafikoa arina izan da joan-etorri asko izan diren aldietan.
Era berean, A-8an, Barakaldo eta Kantabriako muga artean, ibilgailu gehien pilatzen diren asteburu eta jaiegunetan zirkulazioa arintzeko eta bide-segurtasuna hobetzeko helburuarekin Lakuak hitzartutako garabiak hamalau erreskate egin ditu (bederatzi matxuragatik eta bost istripuagatik), eta 2024ko udan 15 erreskate egin zituen.
Irteera Operazioa
Gipuzkoan, auto-ilararik handienak abuztuaren 1ean, ostirala, eta 2an, larunbata, izan ziren, Irungo ordainlekuan, Bilborako noranzkoan. Zazpi kilometro baino gehiagoko ilarak izan ziren, eta ia Iparraldeko mugara iritsi ziren (Biriatuko ordainlekura).
Araban, 2024an baino egun gehiagotan sortu dira auto-ilarak N-622/A-1 eta A-1/AP-1 loturetan, Burgos/Madrilerako noranzkoan, baina auto-ilara horien gehieneko luzera txikiagoa izan da. Hala, lau kilometroko gehieneko auto-ilarak izan ziren N-622/A-1 lotunean, Burgos/Madrilerako noranzkoan, abuztuaren 1ean (ostirala) eta 2an (larunbata), bi kasuetan, trafiko handiaren ondorioz; halaber, lau kilometroko auto-ilarak izan ziren A-1/AP-1 loturan, Burgos/Madrilerako noranzkoan, astelehenean, abuztuaren 4an (autoak zeramatzan kamioi baten eta auto baten arteko istripuaren ondorioz) eta ostiralean, abuztuaren 8an (trafiko handiagatik).
Bizkaian, bestalde, trafiko astuna Bilbo eta Kantabriako kostaldearen artean astebururo egiten diren irteeratan sortu zen. Auto-ilararik handienak abuztuaren 15ean, ostirala, izan ziren, Ama Birjinaren Jasokundearen egunean, Muskiz eta Ortuella artean, hamaika kilometroko ilarak sortu baitziren Kantabriarako noranzkoan trafiko handiagatik. Gainera, uztailaren 11ko arratsaldean, auto-ilarak hamar kilometrokoak izan ziren A-8an, Muskiz eta Trapagaran artean, ibilgailu asko bildu zirelako. Uztailaren 24ko (osteguna) arratsaldean ere, Santiago Apostoluaren jaiegunaren bezperan, Kantabriako muga eta Santurtzi artean, bederatzi kilometroko ilara izan zen, ibilgailuen joan-etorri masiboagatik. Muskiz eta Santurtzi artean ere 8 km-ko auto-ilarak izan ziren abuztuaren 2ko eta 9ko goizetan (larunbatean, bi kasuetan).
Itzulera Operazioa
Gipuzkoan, auto-ilararik handienak abuztuaren 21ean (osteguna) eta 22an (ostirala) izan ziren, Biriatuko ordainlekuan; hamar eta hamaika kilometroko ilarak izan ziren, hurrenez hurren, nazioarteko itzulera-zirkulazio masiboaren ondorioz, oporraldiaren ondoren.
Araban, abuztuaren 22an (ostirala) eta 23an (larunbata) sei kiloemtroko ilarak izan ziren A-1 eta N-622 errepideen arteko lotunean, Irungo noranzkoan, ibilgailu asko bildu zirelako. Bi egun horietan, hainbat aldiz, N-622 errepiderako sarbidea itxi behar izan zen, bide-segurtasuna bermatzeko, eta zirkulazioa N-240 errepidera bideratu zen.
Bizkaian aurten ez da nabarmentzeko moduko auto-ilararik izan oporretako itzuleran.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

Multa de 400 euros por protestar en la inauguración del Culinary Center de Gros

El equipo de gobierno de Iruñea pide la dimisión de Ibarrola y Adanero por «difundir bulos»
