
Iruñeko Anaitasuna kiroldegia Emakumeen Superkopa Iberiarraren lekuko izango da hurrengo egunetan. Ostiralean Super Amara Bera Bera 18.15etan Madeira Andebol taldea izango du aurrez aurre lehenengo finalerdian eta Atarrabiako Beti Onak taldeak 20.30etan jokatuko du Portugalgo liga txapeldun den Benficaren aurka. Teoriak dio Donostiako taldea dela iaz eskuratu zuen Superkopa eramateko, iaz lortu zuen «koroa hirukoitza» aurten ere errepikatzeko aurreneko urratsa emanez. Alabaina, Superkopa honek euskal derbia izan dezakeela ere aukera teorikoa baino askoz gehiago da, Atarrabiako taldeak egin duen denboraldi hasiera bikaina dela-eta.
Hasteko, Malaga talde indartsuaren aurka berdinketa lortuta hasi zuen liga txapelketa. Bestetik, Superkopara iristeko Beti Onak taldeak Valladoliden neurketa jokatu zuen asteazken gauean eta irabaztea ez ezik, egurra emanez gailendu zen Gaztelako taldearen aurka, 20-33 nagusitu baitziren nafarrak. Patri Encinas atezainak 24 geldiketa burutu zituen eta baita bi gol sartu ere. Bere taldekideek ere bikain erantzun zioten atezainaren lanari: 10 jokalari ezberdinek gola sartu ahal izan zuten eta Miguel Etxeberria entrenatzaileak atseden eman ahal izan zien jokalari titularrei ostiral gaueko norgehiagokara egoera fisiko onenean iristeko.
Bistakoa da Benfica Valladolid baino talde indartsuagoa izango dela, baina era berean, Anaitasunako giroa alde izango dutela Atarrabiakoek. Aintzat hartu behar da Libe Arruabarrena, Maialen Orbañanos eta Estitxu Rodriguez jokalariak min hartuta daudela eta Aileen Ripa bera ere lesio bat atzean utzi berri dagoela, baina horrek ez die nafarrei denboraldi hasiera ederra egitea eragotzi. Eta jakina, Superkopan ere bolada on hori jarraitzeko aukera izango dute Benficaren aurka.
Bederatzigarren garaikurraren bila
Esan bezala, Super Amara Bera Bera da Superkopako azken txapelduna, azken bi urteetan nagusitu eta gero. duela bi urte Malagaren aurka penalti jaurtiketetan nagusitu ziren donostiarrak eta iaz, berriz, Elx taldea izan zuten aurkari finalean.
Orotara zortzi bider irabazi du Bera Berak Superkopa, 2008an aurreneko aldiz txapeldun izatea lortu ostean.
Anaitasuna kiroldegian Superkopa irabaztea ere zer den badaki talde gipuzkoarrak. Orduko hartan ere, 2016 urtean, euskal derbia izan zen, Barakaldoko Zuazo izan baitzen donostiarren aurkaria. Azken emaitza 32-21 izan zen Bera Beraren alde. Bederatzi urte beranduago Maitane Etxeberria da talde donostiarrean geratzen den jokalari bakarra.
Jakina, orduko hartatik hona Superkoparen formatua ezberdina da eta neurketa bi irabazi behar dira garaikurra eramateko. Hala, ostiraleko finalerdien ostean, larunbat gaueko 20.00etan hasiko da final nagusia. Aurrez, 17.45etan hasiko da hirugarren posturako norgehiagoka. Ikusi egin behar aurten ere euskal derbirik izango al den ala ez.

Irati Gorostidiren katarsi kolektiboa

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo
