NAIZ

Huheziren 50 urteak gogoratu ditu Mondragon Unibertsitateak kurtso irekieran

Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (Huhezi) Fakultatearen 50 urteak gogoratu ditu ostiral honetan, Mondragon Unibertsitateak Aretxabaletan egin duen kurtsoa hasteko ekitaldian.

Unibertsitateko arduradunak eta agintariak, irekiera ekitaldian.
Unibertsitateko arduradunak eta agintariak, irekiera ekitaldian. (Jon Urbe | Foku)

Mondragon Unibertsitateak ostiral honetan egin du 20252026 ikasturtearen hasierako ekitaldi ofiziala, Ideienea eraikin berrian, euskal ikus-entzunezkoen sektorerako berrikuntza- eta ekintzailetza-ekosisteman. Ikasturte honetan 50. urteurrena ospatzen duen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien (Huhezi) Fakultatearen Aretxabaletako campusean dago eraikina.

Aurreko ikasturtean aurkeztutako 2025-2028 aldirako Plan Estrategikoa lantzen jarraitzen du unibertsitateak, asmo handiko helburuekin. Premisa horren arabera, Mondragon Unibertsitatea lau erronka estrategiko handi ari da jorratzen: «ikasleak ardatz dituen erakundea izatea eta goi-mailako ikaskuntza-esperientzia eskaintzea; bizitza osoan zeharko prestakuntza birtual eta hibrido berria eskaintzea; ikerkuntza eta transferentzia sustatzea, enpresen lehiakortasuna hobetzeko, eta unibertsitatearen tokiko eta nazioarteko posizionamendua indartzea».

Lakuako Gobernuko Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesiasek eman dio hasiera ofiziala ikasturteari. Ekitaldia amaitzeko emandako hitzaldiaren aurretik, esku-hartze hauek izan dira: Mondragon Unibertsitateko idazkari nagusi Idoia Peñacobarena –aurreko ikasturteko memoria akademikoa aurkeztu du–, Mondragon Unibertsitateko errektore Vicente Atxarena, eta Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko ikertzaile Nekane Arratibel eta Letizia Garcia doktoreena; horiek ‘Huheziren 50 urteko ibilbidea euskaratik: ikasitakoa eta erronkak’ irekitze-hitzaldia egin dute.

Perez sailburuak hiru hamarkadotan unibertsitateak izan duen hazkundea nabarmendu du. Gaur egun, «ondo
finkatutako unibertsitatea da, prestakuntza sendoa duena, gero eta ikerketa-jarduera handiagoa eta transferentzia-maila ikaragarria da».