
Gazako Mugimendu Globala Euskal Herriak deiturik, Palestinaren genozidioaren aurkako oihu ozena, zaratatsua eta koloretsua zabaldu da, beste behin ere, Bilbo eta bere inguruko herrietan larunbat eguerdi honetan, ekitaldi herritar eta ikusgarri baten protagonista izan baita Bilboko itsasadarra. Espainiako Vueltan islatu zen legez, palestinarrekiko euskal herritarren elkartasuna bizirik dago, ezbairik gabe.
Global Sumud Flotilla nazioarteko proiektua abian doan bitartean, eta 44 herrialdetako ontziez osatutako flota bere bidean aurrera doan heinean, Bilboko itsasadarrean beste ‘flotilla’ bat ikusi dugu, helburu berarekin: blokeo informatiboa hautsi eta herritar palestinarrei erresistentzia mezu bat helaraztea.

Eguerdiko 12.00etan zuten irteera ordua finkatuta Santurtziko arrantza portura gerturatu diren traineru –Plentzia, Deustu, Sestao eta Bilboko traineruak ikusi ditugu–, batel, piragua eta mota guztietako ontzi solidarioek. Bilboko Itsas Museum-a zuten helmuga eta, bidean, Santurtzin, Portugaleten, Sestaon eta Barakaldon jendea bildu zaie.
Giza kate jendetsua
Aldi berean abiatu da Bilboko udaletxetik giza kate jendetsu bat. Helmuga zuten Itsas Museoa, eta bidean, suge bat legez, Palestinaren aldeko lorratz sendoa utzi dute. Guggenheim museoaren inguruak betetzen zituzten kanpotarrei eta eguerdi bero honetan ibairantz gerturatu diren herritarrei ‘Hau da ez gerra bat, hau genozidioa da’ gogorarazi diete.
Antolatzaileen asmoa bete da, eta nola gainera: itsasadarrean, ‘flota’ koloretsu eta zaratatsua, eta haren ertzetan, banderak eta Palestinaren aldeko aldarrikapenak zabaltzen dituzten herritarrak. Banderolak, eskuz eginiko karteltxoak, Palestinako banderak, kolore guztietako kufiyak (palestinar zapiak)... haurrak, gazteak, adindunak... belaunaldi asko batu dira protestara.
Agus Gorbea: «Gizartea sentsibilizatuta dago, erakundeek, ez»
Agus Gorbea gasteiztarra palestinar bandera bat astintzen harrapatu dugu. Gazarako Martxa Globalean parte hartzeko asmoz, ekainean Egiptora joan zen 30 bat lagunek osatutako euskal ordezkaritzako kideetako bat zen Gorbea. Laguntza humanitarioari Israelek ezarritako blokeoa eta herri palestinarraren sarraski sistematikoa salatzea zuten helburu. Kairon lurreratu bezain laster, Egiptoko agintariek atxilotu eta deportatu egin zuten Agus Gorbea. «Euskal Herria mugitzen ari da, oso sentsibilizatuta dago eta zoritxarrez, gizartea badago sentsibilizatuta; baina erakundeak? Ez. Jarraitzen dute harremanak mantentzen sionistekin; hortaz, horrela ezin da aurrera jarraitu», azpimarratu digu.
Global Sumud Flotillari buruz ere galdetu diogu: «Lehenengo helburua Palestinan gertatzen ari dena salatu eta agerian jartzea da. Zeren XXI. mendean genozidio hau ezin da isilpean mantendu. Bigarren planteamendua da korridore humanitario bat sortzea; kasu honetan, itsasoko korridorea. Hauek Gazara doaz, Palestinara bertara, eta ez Israelera. Baina Israelek inpunitate osoa du eta argi utzi du edozer eta edonon egiteko gaitasuna duela. Une honetan, zera diogu guk: sionistek flotillakoak terroristak bezala tratatuko dituztenez, hori esan baitute eta oso aurrekari arriskutsua da, guk ez dugu onartuko».
Aita Mariko kideak, beste errealitate bat
Itsasontzietan, Aita Mariko hainbat partaide eta boluntario ontziratu dira, horien artean sukaldaria. Itsasmuseum-ean, lehorrean, bi arduradunekin egin dugu topo: Amaia Iguaran, Aita Mariko arduraduna, eta Ana Perez aktibista eta kidea. Biak Global Sumud Flotilla babesten aritu dira.
Astelehenean iritsi zen Aita Mari portura eta «oraingoan desberdina izan da –aitortu digu Amaia Iguaranek–. Portutik irten bezain laster bi patera artatu behar izan ditugu Palma de Mallorcan. 45 pertsona zeramatzan eta oso gaizki zetozen, haur txiki asko ekartzen dituzte orain. Barritxo energetikoak, txalekoak eman genizkien... eta zaindu genituen guardak iritsi arte».
Egoera gero eta latzagoa da Mediterraneoan. Oztopoek gora egin dute –«migrazio itunarekin okerra jo du», gehitu du Ana Perezek– eta giro ultraeskuindarrak bereak egiten ditu. Hor bestela orain gutxi Aita Marik Voxi jarritako kereila.
Marrazkilarien lana
Eta Carola garabiaren inguruan, itzalpean, eta koadernoa eskuetan, ekitaldia islatzen ari zen taldetxo bat Argazkien ordez, marrazkiak. Sketchbook izeneko mugimenduaren zaletu ugari daude Euskal Herrian. «Bilboko Dibujatolrato taldekoak gara, astelehen arratsaldeetan hirian marrazteko elkartzen den talde bat. Palestinaren aldeko beste ekitaldi batzuetan ere egon gara, ilustratzaile palestinar bat hil zutenean [Mahasen Al-Khatib], esaterako. Azken finean, ekarpenak egin ditzakegun ekimen guztietan gaude, marrazten eta gero marrazkiak sareetan zintzilikatuz», dio Virginiak.
Txaloka uretan zeudenak. Txaloka lehorrean zeudenak. Eta, dena bukatu denean, hau hasi baino ez den sentsazioa. Jendea bero zihoalako.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz














