Diasporaren Egunean, «Euskal Enbaxadore ezohiko» izan diren puntistak omendu dituzte Markinan
Atzoko eta gaurko 20 puntista eta haien familiak omendu ditu Markinako Pilotaren Unibertsitatean ospatu den Euskal Diasporaren zortzigarren ekitaldiak, Imanol Pradales lehendakariak datorren urterako 1994an onartu zen diasporaren legea berritzea espero duela argitu duen bitartean.

Markinako Pilotaren Unibertsitatearen atarian giro iluna eta lardatsa izan da astelehen honetan; euri txikia eta zeru goibela. Zer hoberik barrura sartzea baino, omenaldi baten giro epela bertan bizi izan delako Euskal Diasporaren zortzigarren ekitaldi honetan.
Atzerrian «Euskal Enbaxadore ezohiko» izan diren zesta punta jokalariak izan ditu gogoan egun berezi honek, eta horrela, atzoko eta gaurko 20 puntista eta beren familiak omendu dituzte hilda edo atzerritik Euskal Herrira itzuli ezinik geratu diren horien izenean ere.
Tartean, izena entzunda bakarrik ere txaloak jotzeko gogoa ematen duten izen bereziak: Jose Antonio Illoro, ‘Bolibarko Txikito’, Iñaki Osa Goikoetxea, Felix Espilla, Eric Irastorza, Jon Mendizabal ‘Goixerri’, Laurent Sorozabal, Roberto Gerenabarrena edo Kepa Ibarra. Bide bitartez, berriz, Alex Rekalde, Ernesto Arriaga edo Jose Mari Fernandez, «16 urterekin Markinatik maleta arropaz baino ilusio gehiagorekin beteta joan zena eta 50 urteren buruan oraindik, Mexikon, Euskal Herriaz oroitzen dena», besteren artean.
Markinako herriko sarreran hasten da Diasporaren Egun hau. Argentinara gaztetan joan zen Andoni Irastorza donostiarraren bilobak, Mikele Irastorza mural egileak murala atontzeari ekin dio herriko sarreran, Diaspora Eguna gogoan; hemendik hamar bat egunera prest egotea espero du, baina dagoeneko bere presentzia irabazi du.
«Egungo mundu gatazkatsu honetan, zeinetan gerrak edo genozidioak erasaten gaituen, guri dagokigu orain beren etxea utzi eta gugana datozen horiek beso zabalik jasotzea», esan du Markinako alkateak
Kalea giroa ez oso atsegina izanagatik, Markinako ‘Uni’ delakoaren barruan euskal diasporaren kide izan diren horiek goxotasun apur bat aurkitu dute, ia metaforikoa. «Beren etxea utzi eta kanpora joan ziren askok ez zuten gozotik bakarrik bizi izan, latzetik pasa zuten eta beso zabalik hartu zituzten. Egungo mundu gatazkatsu honetan, zeinetan gerrak edo genozidioak erasaten gaituen, guri dagokigu orain latzetik beren etxea utzi eta gugana datozen horiek beso zabalik jasotzea», adierazi du Iratxe Lasa, Markinako alkateak.
Pilotalekua 18.00ak inguruan hasi da betetzen baina ekitaldia ez da 18.30ak ingurura arte hasi. Lehendakariaz gain Elixabete Etxanobe Bizkaiko Aldun Nagusia, Kanpo Harremanetarako eta Euskadi Globalerako idazkari nagusi Andser Caballero, Ziortza Olano diasporan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaria, Denis Itxaso Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua eta EAJko buru den Aitor Esteban bildu dira ere. Beste aurpegi ezagun batziren artean, Joxemari Mitxelena, Euskal Pilota Federazioko presidentea, edo Juan Martinez de Irujo pilotari ohia ere gerturatu dira Markinara.
Mundu osoan barrena
Izan ere, pilotak Euskal Herria ordezkatu du hainbat lurraldetan: Filipinak, Amerikako Estatu Batuak, Kuba, Mexiko, Espainia, Italia, Belgika... Zesta puntaren «urrezko garaian», 1978. urtean, hamar frontoi omen zeuden Miamin eta berriz ere loraldia bizi duen sasoi honetan, puntistek beren omenaldia jaso dute Euskal Herritik urruti beren jaioterria ahalik eta goren jarri dutelako.
Ternuako Sant Pierre eta Mikeleuneko ‘Orok Bat’ dantza taldearen eskutik etorri da ekitaldiaren hasiera. Antza, 1906. urterako bazen pilotalekurik Euskal Herritik hain urruti egonda ere. Protagonista omenduak sartzeaz bat jarri dira martxan ekintza guztiak, giro epelean dantzek eta kantuek, Xemein abesbatzak, esaterako, bere 50. urteurrena bete bezperan –2026an izango da hori–, pilotarien esperientziaren bideoak eta Markinara bertaratu ezin izan dutenen esker onarekin batera.
Zerutxu dantza taldeak agurra eskaini die omendutakoei eta Tio Teronen Semeak taldeak agurtu du azkenean ekitaldia, kanpoko hotza barruko harrera epelaz goxatuta.
«Affinity Diaspora»
«Puntistok Euskadi Globala ehuntzen lagundu zeniguten. Gaur egun ez ginateke gai izango euskal pilotarien lanak herriarentzat izan duen inpalktua eta nazioarteko proiekzioa behar bezala kalkulatzeko», adierazi du bere diskurtsoan Imanol Pradales lehendakariak.
Izan ere, puntistak «Euskadiren enbaxadore ezohiko» gisa errekonozitu ditu lehendakariak, «euskal kulturaren nazioarteko proiekzioan eta emigratutako komunitateen arteko laguntza-sarren sorreran» egindako lanagatik.
Zentzu horretan, datorren urterako 1994an Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen diasporaren legea berritzea espero duela adierazi du.
«Eskubide eta zerbitzuen esparru berri bat ezarriko du diasporarentzat. Euskadin jaio eta atzerrian bizi diren pertsonak ez ezik, euskal hiritartasuna edo jatorria dutenak ere, eta komunitate global honetako kide izan nahi duten guztiak ere errekonozituko ditu Legeak ‘Affinity Diaspora’ kontzeptua txertatuko du, Euskadirekin lotura emozional, kultural, digital edo politikoak dituztenen kidetasuna irekitzen da kontzeptu honekin. Era berean, laguntza eta informaziorako leihatila bakarra, parte-hartze digitalerako tresna berriak eta gobernantza organo ireki eta modernoagoak sortzea aurreikusten du», laburbildu du Pradales lehendakariak.

Un temblor de magnitud 4 con epicentro en Iruña Oka se deja sentir en buena parte de Araba

Mikel Zabalzaren omenaldia Endarlatsan: «Guk badakigu egia eta ondorengoek ere jakingo dute»

Denuncian que Soto Ivars presentará en Bilbo su libro «que niega la violencia machista»

La mayoría de la investidura de Sánchez apoya garantizar el plurilingüismo en el Estado español

