Maider Iantzi

Jaizkibel aurrera Hondarribian, gainerako konpainiek plantoa egin arren

Alardea berdintasunez egitea erronka da oraindik Hondarribian. Aurten bi desfiletan banatuta baina ordu berean elkartzeko hautua egina zuen Udalak, baina baztertzaileek muzin egin diote Jaizkibel konpainia parekidearekin jaia konpartitzeari. Kazetari eta argazkilarientzat ere trabak jarri dituzte.

EH Bilduko zenbait ordezkarik txalo egin diote Jaizkibel konpainiari.
EH Bilduko zenbait ordezkarik txalo egin diote Jaizkibel konpainiari. (Aitor Karasatorre | Foku)

Arazoak berriz Hondarribiko Alardean, parekidetasunean ospatu ahal izateko borroka luze honetan. Konpainia baztertzaileek uko egin diote Udalaren dekretua betetzeari eta ez dira agertu goizean goiz Gernikako Arbolan emandako hitzordura, Jaizkibelekin espazioa partekatzea saihesteko. Kantinera eta zaldun bakar batzuk baino ez dituzte bidali.

Jaizkibelek aitzinera egin du bidean aurreikusitako orduan, goizeko zortzietan, keinu itsusiei jaramonik egin gabe. Ikusle batzuek bizkarra eman diete aurten ere. Nora Ferreira kapitaina ez da gertatukoarekin harritu, kazetariei helarazi dienez. Horrelako jokabideak espero zituztela esan du. Hala ere, aldarrikapena aurrera eramateko eta eguna pozik igarotzeko nahia irmoa izan da.

Konpainia honek mila kidetik gora ditu jada eta giro ederra dute. Espaloietan ere jende pila egon da animatzen. Baztertzaileen konpainietan ere gero eta gehigo dira Jaizkibel txalotzen dutenak. «Denok batera atera nahi dugu. Oso polita izango zen Gernikako Arbolan denok batera egotea, baina nahiago dute hainbeste urtetan defendatu duten tradizioa ez betetzea gure ondoan egotea baino», adierazi du Ferreirak.

Behin Jaizkibelen desfilea bukatuta azaldu dira emakumeen parte hartzea onartzen ez duten konpainiak, Jaizkibelekiko aldea eta desadostasuna irudikatuz. Udalaren dekretuaren arabera, 7.00etatik 7.55 bitartean elkartu behar zuten Gernikako Arbolan. Jaizkibelek, aldiz, 7.45ean. Hala eginez gero, bien artean elkargune bat sortuko litzateke. Baina, iaz bezala, Hondarribiko Alardearen Ondarea Sustatzeko Elkarteak (HAOSE) uko egin dio elkarguneari.

Iaz ez zuen ondoriorik izan dekretua ez betetzeak. Aurten, Udalak salaketa publiko bat gutxienez egitea espero du Jaizkibelek.

Giro nahasiagoa

Kazetari eta argazkilarientzat ere ez da goizalde samurra izan. Zenbait tokitan egotea eragotzi diete konpainia baztertzaileen kideek, baita zenbait udaltzainek ere. Badirudi ez zutela Gernikako Arbolan edota Arma Plazan gertatzen zenaren berri zabaltzea nahi, edo ahalik eta gutxien behintzat. Orokorrean joan den urtean baino giro nahasiagoa sumatu da herriko kaleetan.

Animo eta maitasun adierazpenik ere izan da, jakina. ‘Eredu zara Jaizkibel’ zioen pankarta eskegi dute zubi batean, Jaizkibelen zapia eta Palestinako kufija batzen dituen lorez betetako oihal more handi eta eder batekin. Irrintziak ere protagonista izan dira. Jaizkibel Kale Nagusitik gora zihoala emakume batzuek irrintzi saio galanta egin dute balkoietatik eta horri segida eman diote ibilbide osoan.

 

 

Desfile alaia eta intentsoa izan da, bereziki Kale Nagusiko igoeran. Ikusmin handia egon da, berdintasunaren aldarrikapenaren oihartzunak zer ekarriko.

Alkateari gutuna

Aurten Hondarribiko Udalak Alarderako prestatu duen dekretuak ez du inor konforme utzi. HAOSE elkarteak auzitegietara jo du, ez duelako Jaizkibelekin jaigunea partekatzeko irizpidea onartzen. Epaileek ez dute bere kautelazko eskaera onartu. Baina konpainia parekidea ere ez dago gustura, normaltasunaren bidean urrats handiagoak espero dituztelako Abotsanitz buru duen Udalaren aldetik.

Elizako atarian harrera egin diote instituzioetako hainbat kidek: Ibone Bengoetxea Lakuako lehendakariordeak, Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusiak eta Igor Enparan Hondarribiko alkateak berak, besteren artean. Alkateari gutuna eman diote Jaizkibeleko kideek, aurten «aurrerapausorik ez dela» eman salatuz. Estrategia eta funtzionatzeko modua aldatzeko garaia dela adierazi diote bertan, bere udal karguko laugarren urtean zerbait egitea nahi dutela, «aldaketa nabarmen bat».

«Herri bat gara eta jaiak guztionak dira. Ezin da izan 2025ean oraindik emakume izateagatik jai honetan parte hartzen ez uztea. Duela 20 urte fundazio batek alardea bahitu zuen. Alardea publikoa zen eta Udalak antolatu behar du berriro», egin du dei Nora Ferreirak.

Desfilearen amaieran, Sainduan, laburbildu duenez, «guk ondo egin dugu, dekretua bete dugu, 30 urte daramatzagu gauzak ondo egiten, arazorik sortu gabe, elkarrizketarako prest...». Bitartean, alarde baztertzailearen aldekoak «ez dira inoiz eseri». Horregatik, «mesedez zerbait egiteko eskatu diogu alkateari. Nahiko haserre gaude», adierazi du. Udalak ezin dituela bi aldeak parekatu erantsi du kapitainak, izan ere Jaizkibelek eskubiden alde egiten du, eta besteek, eskubideen kontra.

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendariak ikuspuntu desberdina eman du. «Aurrerapausoak» eta «urteetan egindako lana» balioan jarri nahi izan ditu, eta gazteengan fokua jartzea proposatu du, hortik ekarpen onak etor daitezkeelakoan.

Ines Ibañez de Maeztu jarduneko Arartekoa ere bertaratu da «hemen oraindik ez dela Berditasunaren Legea betetzen» salatzera. «Ez dago gehiago esan beharrik, betetzen ez den bitartean erne egon beharko dugu», aipatu du.

Herriak formula berriak nahi ditu

EH Bilduren partetik Maddalen Iriartek nabarmendu duenez, «berdintasuna arlo guztietan landu behar da. Gatazka hau ez da oraindik gainditu, zauriak zabalik daude. Aurten esango genuke ez dela aurrera urrats garrantzitsurik eman eta horrelakoetan beti dago atzera egiteko arriskua», ohartarazi du. «Erabaki politiko ausartak» hartzeko eskatu die Hondarribiko Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Lakuari.

Koalizio abertzalearen Hondarribiko zinegotzi bozeramaileak, Garoa Lekuonak, gatazka hau luzeegi doala berretsi du, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakundeek «ez dutelako hamarkada hauetan behar zuten ardurarekin eta ausardiarekin jokatu, bereziki hamarkada luzez EAJren agintean egon den Hondarribiko Udalak. Euskal Herrian, emakumeen eta gizonen berdintasunerako eskubidearen aldarrian dugun gatazkarik luzeena da, 30 urte. Euskal gizarte bezala onartu ezin duguna», azpimarratu du.

Aldarrikatu duenez, bada garaia gatazka honen konponbideari ekiteko. Datu bat eman du: 2024ko azaroan egindako inkesta baten arabera, hondarribiarren %79,6k konponbiderako formula berriak eskatu zituen. «Alardearen gatazka behin betiko gainditzeko desira edukitzeaz gain, hori bideratzeko proiektua ere badugu», azaldu du.

Podemos Ahal Duguren ordezkari gisa Miren Echeveste Batzar Nagusietako bozeramailea eta Thania Pazos Feminismoetako idazkaria izan dira. Haiek ere gabeziak nabarmendu dituzte aurrerapenen gainetik. Alarde baztertzailearen aldekoen partetik «dekretua ez onartzea eta ez betetzea» jarrera nagusia dela egiaztatu ondoren, «zeozer aldatzeko ordua badela» helarazi diote alkateari. Alarde publikoa, bakarra eta diskriminaziorik gabea, «herritar guztiontzako», behingoz dei dezala galdegin diote Enparani.

Alkatearen hitzak

Igor Enparan desfile diskriminatzailea agurtu ondotik mintzatu da. Herritarren konponbiderako prestutasuna goraipatu du, eta, HAOSE elkarteak Udalaren agindua bete duen ala ez galdetuta, hala erantzun du: «Daukadan informazioaren arabera, erdizka betetzeko saiakera egin dela esango nuke. Ez da guztiz bete, egia da. Baina aurreko egunetako tentsio egoerak kontuan edukita nik uste dut gaurkoa keinu bat izan dela, nahiz eta denak ez batu. Elkartzeko saiakera hori behintzat egin dela jaso dut; ez naiz bertan egon baina horrela jaso dut. Urrats txikiak diren arren, herri bat gara eta herri bezala jaiak ospatzera deituta gaude», egin du irakurketa.

«Ez dugu etsiko. Saiatuko gara behin eta berriro gauzak konpontzen elkarrizketaren bitartez», ziurtatu du. Aitortu du eskertuko luketela Udalean «ez hain bakarrik sentitzea gatazka honen konponbidean». Defendatu duenez, alderdi politiko eta erakunde publiko guztiek parte hartu beharko lukete, baita herri eragileek ere. «Guztion artean errazagoa izango da».

Palestina gogoan

Beste albiste bat ere ekarri du egunak: Gazan gertatzen ari den genozidioaren salaketa, Jaizkibel konpainiaren aldetik. Palestinako kufijak soinean desfilatu dute eta eskopetetatik Palestinako ikurrak atera dituzte ibilbidean, sarraskia jasaten duen herriarekin bat eginez.

Nora Ferreirak nabarmendu duenez, «borroka batetik sortu zen Jaizkibel» eta orain palestinar herriaren borrokarekin bat egiten du.