NAIZ

‘Besarkatu euskara’ lelopean abiatu da euskaltegietako matrikulazio-kanpaina

2025-2026 ikasturteko matrikulazio-kanpaina abian da euskaltegietan, ‘Besarkatu euskara’ lelopean. A1 mailako ikasleak %30 ugaritu dira doakotasun-programari esker, eta Lakuako Gobernuak 58,2 milioi euro bideratuko ditu euskara ikastea errazteko.

Euskaltegietako 2025-26 ikasturterako matrikulazio kanpainaren aurkezpena.
Euskaltegietako 2025-26 ikasturterako matrikulazio kanpainaren aurkezpena. (Gorka RUBIO | FOKU)

2025-2026 ikasturtean euskaltegietan matrikulatzeko kanpaina hasi da asteazken honetan, ‘Besarkatu euskara’ lelopean. Doakotasun-programari esker, A1 mailako ikasle kopurua %30 igo da ikasturte batetik bestera.

Donostiako Antiguako AEK Euskaltegian egindako ekitaldian egon dira Aitor Aldasoro Lakuako Hizkuntza Politika sailburuordea, Amaia Irastorza Antiguako Euskaltegiko zuzendaria, bi ikasleak eta euskararen sustapenari lotutako hainbat eragile.

Kanpainaren helburua herritarrak euskarara gerturatzea da, besarkada bat ematea bezalako jarrera eta emozio positiboen bidez. Aldasorok azaldu duenez, «besarkada bat ematea gertutasuna eta emozioa adierazten dituen ekintza bat da, eta, aldi berean, ateak zabaltzen dituena. Euskarara gerturatzea ere jarrera bat dela adierazi nahi dugu kanpaina honen bidez, milaka aukeretara ateak zabaltzen dituena: harreman berriak, bizipen berriak, lan aukera berriak… Euskara gizarte-kohesiorako elementu giltzarria dela sinisten dugu eta, kanpaina honen bidez, batez ere, euskara ezagutzen ez duten pertsonak gerturatu nahi ditugu, gure hizkuntza eta kultura ezagutzera».

Euskara ikasteko 58,2 milioi euro

Honen harira, Hizkuntza Politika sailburuordeak adierazi du Lakuako Gobernuak erraztasunak ematen jarraituko duela euskara ikasteko. Hala, 2025-2026 ikasturtean euskara ikasteko laguntzetara 58,2 milioi euro bideratuko direla azpimarratu du Aldasorok: «Gobernuarentzat euskara ikastea eta erabiltzea estrategikoa da eta, horregatik, euskara ikasteko bideak bermatzen, zabaltzen eta laguntzen jarraituko dugu, euskara ikastea erraza izan dadin eta guztientzat eskuragarri».

Hiru laguntza lerro daudela azaldu du sailburuordeak. Lehena, euskaltegiei zuzendutako dirulaguntza lerroak, 36,2 milioi euroko izango da ikasturte honetan eta Gobernu Kontseiluak irailaren 9an onartu zuen. Aldiz, euskaltegi publikoen deialdia 14,1 milioi eurokoa izango da. Guztira, euskaltegien deialdietara 50,3 milioi euro bideratuko dira 2025-2026 ikasturtean.

Bigarrena, hasierako A1 mailatik hasi eta C2 aditu mailara bitartean (alegia, maila guztietan) maila gainditu eta egiaztatzen duten ikasleentzat dirulaguntza deialdira 975.000 euro bideratu dira 2025 urtean.

Eta hirugarrena, euskara ikasteko doakotasun-programa deialdira 4.860.000 euro bideratuko ditu Lakuak ikasturte berri honetan, iaz baino %52,9 gehiago. Lerro honi esker, 2025-2026 ikasturtean, oinarrizko A1 eta A2 mailetako ikasleentzat eta C1 mailan komunikazio-gaitasun maila hobetu nahi duten 16 eta 18 urte bitarteko gazteentzat, euskaltegiko matrikula ia doakoa izango da.

Honen harira, Aldasorok azpimarratu du «Gobernuak euskara ikasteko erraztasunak emateko duen konpromisoa sendoa» dela eta, «HABE horretarako tresna eta bidea dela». Horregatik, azken urteetan (2022 – 2025) HABEra bideratutako diru partida %21 igo dela zehaztu du sailburuordeak, konpromiso horren erakusle. Aurtengo, aurrekontua 68 milioi eurokoa da.

%30eko igoera A1 mailako ikasleetan

Euskara ikasteko dakotasun-programaren helburu nagusietako bat oinarrizko mailetako ikasleentzat euskara ikastea errazago eta merkeago izatea dela azaldu du Aldasoro sailburuordeak eta 2024-2025 ikasturtean hasierako A1 mailan ezarri zen programa honek izandako bilakaera nabarmena izan dela azpimarratu du.

Datuei erreparatuz, 2023-2024 ikasturtean 4.942 ikasle aritu ziren A1 mailan eta, aldiz, ikasturte honetan (2024-2025) 6.376 ikasleek ikasi dute maila honetan. Igoera ia %30ekoa izan da. Hortaz gain, euskaltegietan euskara ikasi duten ikasle guztien ia %16ak A1 mailan ikasi zuen 2023-2024an; aldiz, ikasturte honetan ikasle guztien ia %20 aritu da maila honetan ikasten. Hala, euskaltegietan gero eta ikasle gehiago dago oinarrizko mailetan eta doakotasun programa honen bidez A1 mailan ia 5 puntutan igo da ikasleen pisu erlatiboa ikasle guztiekin alderatuz.