
Milaka lagun kalera atera ziren atzo Estatu frantses eta Ipar Euskal Herrian «Dena blokeatu dezagun» lelopean, irtengo den François Bayrouren Gobernuak aurreikusitako 44.000 milioi euroko murrizketen eta Emmanuel Macronen politiken aurka. Eguerdian ia 300 atxilotu zeudela nabarmendu zuen Bruno Retailleau Barne ministroak, 170 Parisen edo inguruetan. Horretarako, 80.000 agente eta jendarme zabaldu zituen Gobernu frantsesak.
Goizean, Barne Ministerioak 430 ekintza zenbatu zituen, horien artean 273 elkarretaratzeetan eta 157 blokeoetan, ezohiko mobilizazio egun batean, sare sozialetako dei heterogeneoetatik sortutakoa, ondoren ezkerreko sindikatuek bat egin zutelarik.
Ipar Euskal Herrian, “Kazeta”-ren informazioaren arabera, lehen manifestariak goizeko 06.00ak aldera heldu ziren Leroy Merlin saltegiaren ondoan dagoen biribilgunera, Baionako irteeran. Dagoeneko jendarmeen presentzia nabarmena zen A63 autobidearen sartu-irteeretatik hurbil dagoen eremuan. Batzuk uniformearekin eta beste batzuk zibilez, poliziak manifestarien poltsak zigilatzen saiatu zirenean tentsio uneak izan ziren.
Horrela, polizia-agenteek manifestariak pusatu zituzten, errepidearen albo batean baztertuz eta tenore horretan -7.00etatik landa- trafiko handia jasotzen duen errepidea libratuz. Blokeoa ez zen kasik gauzatu, baina bidera sartzea lortu zuten manifestariek: «Mila milioiak ospitaleari, ez multinazionalei; Macron birusa erauzi», zioen pankartak.
Goizeko 08.00ak aldera, emeki-emeki manifestariek Leroy Merlin saltegiko biribilgunetik alde egin zuten, Baionako norabidea hartuta. Hiriko zentroan, San Leongo biribilgunean, martxan jarri zen bigarren blokeo operazioa, 09.00etan. Puntu horretan ere Poliziak estu hartu zituen manifestariak, eta bide mozketa ez zen gauzatu.
Lehen bilan gisara, blokeoa gauzatzeko lehen oreneko saiakeretan, poliziek bi lagun atzeman zituztela jakitera eman zuen “Mediabask” kazetarentzat mobilizazioen jarraipena egiten ari zen Nina Merle kazetariak.
Atzoko mobilizazio egunaren bezperetan sare sozialen bidez plazaraturiko programaren arabera, goizeko 10.00etatik goiti, Baionako Henri Grenet zubian jende elkarretaratze bat aurreikusia zen, ordu berean Tarnoseko (Landak) talde batek sustaturiko barraskilo operazioarekin bat egiteko asmoz. Alta, zubi gorrian emandako hitzordu hori ere trabatua izan zen, Baionako San Izpiritu auzoan, tren geltokiaren inguruan, hainbat istilu gertatu eta Poliziak gasak jaurti zituelako.
Pirinio Atlantikoetako Prefeturaren behin-behineko bilanaren arabera, sei pertsona atxilo zituzten atzoko goizean Baionan, baina atzoko protestetan parte hartu zuen jende gehiago komisariara eraman zutela informatu zuten hainbat hedabidek.
Behin blokeo-operazioak amaituta, 14.00etan elkarretaratze bat izan zen Baionako Askatasunaren plazan. Milatik gora lagun elkartu ziren.
MOBILIZAZIOAK
Estatuari dagokionez, segurtasun-indarrek 300 pertsona inguru atxilotu zituzten herrialdeko hainbat tokitan, mobilizazio-eguneko lehen orduetan. 150 blokeo baino gehiagok blokeoak eragin zituen garraio eta ikastetxeetan. «Benetan gogaituta gaude Frantzian gertatzen ari denarekin, politikariek ez dietelako hautetsontziei entzuten», adierazi zion AFP agentziari Bastien 23 urteko ikasleak. Rennesen manifestatu zen, 10.400 lagunekin batera, prefekturaren arabera.
Manifestazio handiak egin ziren hainbat hiritan ere, hala nola Lillen, Caen, Lyonen, Marseillan, Tolosan, Montpellierren edo Parisen. Hiriburuan, Châtelet-Les Halles geltokian trafikoa eten egin zuten, eta Gobernuak «zenbait geltokiren inbasio-saiakeren» berri eman zuen. Izan ere, hainbat metro geltokitara iristea ezinezkoa zen atzo.
Marseillan, CGT, FSU eta Sud sindikatuen parte-hartze handiarekin, baina baita La France Insoumise eta Alderdi Komunistaren ordezkaritza sendoekin ere, 80.000 pertsona bildu zituen manifestazio batek, CGTren arabera. Montpellierren Poliziak negar-gasak jaurti zituen jendetza sakabanatzeko, eta horrek liskarrak eragin zituen.
GOBERNUAREN AURKA
François Bayrou lehen ministroak konfiantza mozioa galdu zuen astelehenean, eta dimisioa aurkeztu ondoren, Macronek Sebastien Lecornu kontserbadorea lehen ministro izendatu zuen oposizioari gustatu ez zaion mugimendu batean, ezkerra gailendu baitzen frantziar Estatuan 2024ko hauteskunde legegileetan.
Zentzu horretan, Paris erdiguneko Chatelet plazan, milaka pertsona bildu ziren Macronen aurkako kantu eta leloetan, krisi politikoaren erantzule egiten baitute. «Macron, alde hemendik», oihukatu zuten manifestariek, aldarrikapen desberdinekin: erosteko ahalmenaren galera edo hezkuntzan edo osasunean baliabide falta.
Barne ministroarentzat, ordea, atzoko mobilizazio jendetsuak ez ziren «herritarren mobilizazioak» izan. «Ezker muturrak bereganatu ditu», kritikatu zuen.

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
‘Gutun bat Kottori’: «Gazteoi dagokigu gai hau bertze modu batera lantzea»

Una monja de Urduña sigue hospitalizada y prohíben a las de Belorado contactar con ellas

A prisión el detenido tras el crimen machista de Barakaldo, por homicidio y agresión sexual

















