
Abuztuaren 29tik irailaren 11ra atzeratu ostean, ostegun honetan hain zuzen ospatu da Euskadiko Euskal Pilota Federazioaren –EEPF–, Espainiakoaren eta Kubako Federazioaren arteko hitzordua Kirol Arbitraje Epaitegiarekin; TAS delakoarekin, alegia. «Bilera tekniko» eta luzea izan dute federazio guztietako kideek, TASek Euskal Selekzioa Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren barruan eskubide osoko kide gisa onartzeko pasa den abenduaren 28an hartutako erabakia zilegizkoa izan zen ala ez deliberatu dezan.
«Oso bilera teknikoa izan da. Koma bakoitza ea koma edo puntua ote den, horrelako xehetasunak hartu dira kontuan, bata izan edo bestea izan, esaldien esanahia aldatzen delako azkenean. Zaila da azaltzeko nola joan den azaltzea, epaileek galdera asko egin dizkigulako alde guztiei», adierazi du Joxemari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko presidenteak.
Xehetasun teknikoz jositako bilera izan delarik, oso luze jo du eta Kirol Arbitraje Epaitegiko hiru epaileak deliberatzera erretiratu dira. Ondorioz, honek esan nahi du TASen erabakia jakin arte egun batzuek pasa beharko direla.
Erabakia alde edo kontrakoa har lezake TASek, baita erabakitzeko eskumenik ez duela ebatzi ere. Aldeko erabakia izango balitz, zein erabakitzeko eskumenik ez duela ebatziko balu epaitegiak, EEPFren ofizialtasunak behin eta betiko zigilua jasoko luke.
«Auzi saioak zenbat iraun duen ikusita, bistakoa da TASek ez dauzkala gauzak argi, zalantza handiak dituela, eta hori ez dakit ona edo txarra den. Kezka apur bat sortzen digu. Hurrengo egunetan jakinaraziko dute erabakia, eta espero dezagun gure aldekoa izatea», onartu du, nolanahi, Mitxelenak.
Aitortza tazitoa
EEPFko presidenteak, bestalde, bilera amaitu aurretik utzi behar izan du berau, ostegun honetan aurkeztu baita, halaber, Argentinako Santafen, Venado Tuerto hirian hilaren 14tik 20ra jokatuko den 23 Urtez Azpiko Munduko Trinkete Txapelketa. Kirol ekitaldi honetako webgunera joz gero, Euskadiko Federazioak bere txokoa dauka, Espainia edo Frantzia eta bestelako federazio parte-hartzaile ororekin batera. Txapelketa honetan 21 trinketista, neska zein mutil, ariko dira Euskadiko Federazioaren izenean.
Honako jokalari hauek ariko dira Argentinan Euskal Selekzioaren elastikoarekin: Gomazko Paleta modalitatean, Iñaki Mutuberria hautatzailearen aginduetara, Beñat Martinez de la Fuente, Iñaki Lopez de Munain, Ian Davis Ezquerro, Oihan Luzuriaga, Olatz Zulaika, Naroa Saez, Naroa Zulaika eta Enara Macicior.
Larruzko Paleta, berriz, Peru Egurbide hautatzailearen esanetara, Markel Sierra, Unax Curros, Endika Garcia eta Manex Prieto ariko dira.
Xareari dagokionez, Mikel Uzkudun hautatzaileak hauexen aldeko hautua egin du:, Oier Iturbe, Matxalen Mendizabal, Markel Mujica eta Xuban Lopetegi.
Azkenik, eskuz aritzeko Eneko Uribe hautatzaileak hauen alde egin du: Jon Jara, Unax Manterola, Eneko Sorondo, Ibai Arroitajauregi eta David Alonso.
Ondorioz, Joxemari Mitxelenak esana berretsiko da lehiaketa honetan; hau da Euskal Selekzioaren aitortza tazitoa. «(Espainiak eta Kubak) Ez dute Euskal Herria Nazioarteko Federazioan nahi, baina praktikan onartzen dute, gure aurka jokatzen dutelako Nazioarteko Federazioaren egutegiko lehiaketetan», adierazi zuen EEPFko presidenteak hedabide honi abuztuan eginiko adierazpenetan.
«Esaterako, maiatzean jokatu zen Nazioen Ligan Espainiako selekzioak Euskal Herriaren kontra jokatu zuen nahiz eta Federazioak gu errekonozitu ez. Eta hau egin zuen argudiatuz Nazioen Liga ez dela 'torneo ofiziala'. Baina kontuan izan behar da Nazioarteko Euskal Pilota Federazioaren egutegian kokaturiko torneoa dela Nazioen Liga, nahiz eta Munduko Txapelketa bat ez den. Beraz, kanpora begira ez gaituztela onartzen esan arren, kantxa barruan gauzak ez dira horrela», azpimarratu zuen Mitxelenak, eta gauzek berdin jarraitzen dute, TASek kontrakorik espresuki adierazi ezean.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos

