NAIZ

Hurbilpenik ezean greba mugagabera jo dezakete billabesetan, enpresa batzordeak abisatu duenez

Billabesen gatazka luzatzen ari da. TCCko enpresa batzordeak bertze elkarretaratze bat egin du Iruñerriko Mankomunitatearen aitzinean, hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoela salatzeko. Enpresaren aldetik hurbilpenik ez badago, greba mugagabera jo dezakete.

Billabesak tartekako lanuzteak egiten ari dira, herritarrak ahalik eta gutxien kaltetzeko asmoz.
Billabesak tartekako lanuzteak egiten ari dira, herritarrak ahalik eta gutxien kaltetzeko asmoz. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

Billabesen gatazkan greba mugagabea gerta liteke enpresaren aldetik hurbilpenik ez badago. Hala ohartarazi du TCCko enpresa batzordeak, ostiral honetan Iruñerriko Mankomunitatearen aitzinean egin duen elkarretaratzean. Hitzarmen kolektiboaren negoziazioan aurrera egiteko urratsak falta direla kritikatu du.

Langileen %78k grebaren alde egin zuen uztaileko erreferendumean. «Hitzarmen duin eta bidezko bat lortu arte» borrokan segitzeko prest daude. Laura Molina batzordeko bozeramaileak adierazi duenez, enpresak Lan Epaitegian aurkeztutako azken proposamenak «ez zekarren muineko aldaketarik» uztailean langileek baztertutakotik. Horregatik ez zuten galdeketara eraman.

«Argi utzi nahi dugu ez diogula  langileei galdetzeari uko egiten, baina ulertzen dugu bozkatzeko benetako aldaketak egon behar direla, baita gure nahietara hurbilpen bat ere», azpimarratu du.

Molinaren arabera, batzordeak oinarrizko lau lerro gorri finkatu zituen, eta aldarrikapenak gutxitu zituen, «adostasun batera iristeko eta hurbilketa errazteko». Hala ere, oraindik ez dute mugimendurik sumatu zuzendaritzaren aldetik. «Batzordeak bilerak sustatu ditu, joan den astean Lan Epaitegian egindakoa barne; enpresak, ordea, ez dio berriz elkartzeko gure eskaerari erantzun», baieztatu du.

Erakundeen bitartekaritza eskatu dute

Momentuz, tartekako lanuzteekin jarraituko dute, goizeko seietatik zortzi eta erdietara, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Horren asmoa, erran dutenez, «herritarrei ahalik eta kalterik txikiena egitea eta elkarrizketa bilatzeko borondate ona erakustea» da.

Baina, hurbilpenik gertatzen ez bada, ez dute baztertzen greba mugagabera jotzea, sanferminetan egin zuten bezala. «Gatazka hau bukatzea nahi dugu, baina ez edozein preziotan. Ez dugu bertze munduko deus eskatzen, lan baldintza justu eta bidezkoak baino ez».

Bozeramaileak erakundeen bitartekaritza eskatu du behin eta berriz. TCC, Mankomunitatea eta Nafarroako Gobernua mintzatu daitezela, duela zazpi hilabetetik luzatzen ari den gatazka hau desblokeatzeko. «Norbaitek mugitu behar du fitxa», erran du.