Donostiako banderan Orioren eta Arraun Lagunaken garaipenak ospatzeko algara oraindik itzali ez denean, milaka lagun Gipuzkoako hiriburuko karriketan mobilizatu dira Ernairen deialdiarekin bat eginez.
‘Ekin eta bultza askatasunera’ leloa zuen pankartaren atzetik abiatu da mobilizazioa Bulebarretik, atzetik ikurrin eta Nafarroako bandera ugari zituztelarik. ‘Gazte borroka, gazte antolakuntza’, ‘Independentzia’, ‘Inpendentzia, sozialismoa’, ‘Independentzia, feminismoa’ oihukatu dute Hernani kalean barrena. ‘Palestina askatu, Israeli boikot’ aldarrikapena ere entzun izan da ibilbidean.
Bertan, manifestazioko kideek bi anbulantziari pasatzen utzi behar izan diote. Gauza bera gertatu da, minutu batzuk geroago, Askatasunaren etorbidean.
Txiki eta Otegi gogoan Askatasunaren etorbidean
Askatasunaren etorbidea eta Bergara kaleko kantoian Txiki eta Otaegiren bi irudi atera dituzte bide erdira, Mikel Laboren doinuarekin eta bengalekin batera. Txalo zaparrada entzun da bertan, ‘Herriak ez du barkatuko’, ‘Agur eta ohore, Eusko Gudariak’ edo ‘Borroka da bidea’ oihuekin batera.
"Gora Eusko Gudariak" "Herriak ez du barkatuko" pic.twitter.com/r84YwDhmwG
— Martxelo Díaz (@MartxeloDiaz) September 14, 2025
Puntu horretan manifestazioa jendetsua izan dela ikusi ahal izan da. Izan ere, Askatasunaren etorbideko eskubiko karril guztiak bete dituzte manifestariek, Hernani kalean ere batzuk zirelarik.
Okendo kalean kaputxadun talde batek bandera espainol eta frantsesa bana erre dute.
Bulebarrera heltzeko manifestazio alboetan kolore gorriko bengalak piztu dituzte.
Manifestazioren ondoko hitzartzean duela 50 urte Euskal Herriko bi gazte, Txiki eta Otaegi, faxismoak fusilatu zituela gogoratu du Amaiur Egurrolak. «Erail zituzten, baina helburua ez ziren haiek. Txiki eta Otaegi erailtzea erregimen frankistarentzat bitarteko anker hutsa zen. 16 tiro horien bitartez ez zuten soilik bi gazte horien bizitzarekin amaitu nahi izan. 16 tiro horiekin Euskal Herriarekin amaitu nahi zuten, gure herria ito eta herritarrei izua sartuz herri nahia akabatu. Tiro horiek, Euskal Herriaren ukapena betikotu eta jendartea eraldatzeko aukera guztiekin amaitzea zuten helburu», azaldu du.
«Milaka gara Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan»
Helburu hori ez dutela lortu eta egungo gazteek ere Euskal Herria aske baten alde borrokatzeko preste direla aldarrikatu du. «Gaur hemen milaka gara Txiki eta Otaegi gogoan, Euskal Herriaren askatasunaren alde borrokan ari garen gazteak. Prestatu zaitezte, min egin diguzuelako bai, Txiki eta Otaegi erail zenizkiguten, baina Euskal Herriko gazteok inoizko determinazio handiena dugu Euskal Herria independiente, sozialista eta feminista irabazterako. Eta hori da hain zuzen, beraiei amorru gehien ematen diena. Guk borrokatzea, gure borrokaren bitartez egun bizi garen mundua aldatu ahal izatea. Guk ez dugulako, borroka egiten Txiki eta Otaegi erail zizkigutelako soilik, borrokatzen dugulako, borrokatu zutelako erail zituzten Txiki eta Otaegi. Eta jarraituko dugu, borrokan, borrokan eta borrokan Euskal Herria askatu arte. Gora euskal gazteria!».

Lehen faxismoaren kontra zeudela esaten zuten batzuk egun gertatukoa gogoratzearen aurka daudela salatu du. «Argi geratu da gure borrokarako grinak batzuei sorrarazten dien amorrua. Paradoxa argigarria bizi izan dugu uda honetan zehar; 75ean Txiki eta Otaegiren erailketen aurka agertu ziren horiek, Txiki eta Otaegi erail zituztenekin batera, ezkerreko independentiston aurkako oldarraldia jarri dute martxan. Hain zuzen, Txiki eta Otaegiren figura baliatuz. Baina ez, oraingoan ere ez dute lortu. Txiki eta Otaegiren aurka egiterakoan, gakoa ez dira haiek. Txiki eta Otaegi proiektu politiko oso baten aurka egiteko baliatu dituzte. Nazio askapen mugimenduak, 78an erregimen berrira omologatzeko operazioa egin izan balu, trantsizioa deiturikoa salatu izan ez bagenu, eta horren aurka irmoki borrokatu izan ez bagenu, ez geundeke egoera honen aurrean. Alegia, nazio askapaen mugimendua anulatua egongo balitz, ez litzateke inongo polemikarik sortuko Txiki eta Otaegi gogora ekartzearren. Auzia da, nazio askapaen mugimenduak jarraitzen duela herri hau askatasunera eramateko eta inongo zapalkuntzarik gabeko jendartea eraikitzeko tresna bakarra izaten. Gu garela, hain zuzen operazio guzti hau abiatu dutenen boterearekin amaitu, eta herri sektoreen aldeko proiektua ordezkatzen dugunak. Eta gainera, bide horretan geroz eta gaitasun gehiago dugula. Horregatik pasa da hau, bizi izan dugu gertatutakoa».
Gauzak horrela, independentziaren aldeko hautu garbia egin du. »Gu gara. Independentzia da bizi ditugun garaiotan bide bakarra. Independentzia da Euskal Herriaren biziraupena bermatzeko aukera bakarra. Honek bizi dugun testuinguruan inoizko premia handiena du. Euskal Herria ukatua da eta Euskal Herritarron erabakitzeko eskubidea debekatua da. Ez dugu gure herria eta bizitzen inguruan esku-hartzerik gabe erabakitzeko eskubiderik. Eta horrek, gure herria odolusten du. Euskara, debekatua da gure herriaren territorio erdian, eta debekatua ez den leku horietan etengabeko atzerapausuak bizi ditugu. Epaitegietatik, instituzio eta zenbait alderdien egoitzetaraino doan oldarraldi bat dute martxan. Eta gainera, batzuk, pribilegiotaz ari dira. Hemen pribilegioa, ukatua ez den herri batean bizitzea da. Pribilegioa ez da, euskaraz artatua izatea. Zein nolako pribilegia da, iruñeako udal plazan gure ikurrak erakustearren jipoituak izatea? Eta euskal kirolariek beste herrialde bateko selekzio batekin aritu ahal izatea?».
«Ba ez horiek ez dira gutiziak, horiek eskubideak dira. Eta eskubide horiek ukatuak bazaizkigu gure herria ukatua delako da. Beraz, independentzia da Euskal Herriak bizirik jarraitu dezan, bide bakarra. Tematuak dauden arren, gu ez garelako ez espainol eta ezta frantsez ere, eta ez gara sekula izango. Ez dugu etsiko, Euskal Herria askatu arte, euskaraz bizi ahal izan arte, gure ikurrak askatasunez astindu ditzazkegunerarte, guk nahi dugun hori garen arte. Gora Euskal Herria askatuta», aldarrikatu du.
Independentziaren aldeko hautu hori ikuspegi internazionalista batetik ere berretsi du. «Independentzia da baita ere, bizi dugun munduan inongo zapakuntzarik gabeko jendartea eraikitzeko bidea. Munduan zehar, kaosa da nagusi. Krisia, gerra, oldarraldi erreakzionarioa. Finean, sistema kapitalistaren azken hamarkadetako ereduaren agorpena eta agertoki bortitzago baten hasieraren aurrean aurkitzen gara. Alegia, gazteak eta oro har herri sektoreak zapaldu eta are babesgabego utziko dituen olatu oso bat. Horren aurrean bi aukera besterik ez zaizkigu geratzen; ezer ez egitea eta basakeria onartzea, edo, pausu bat aurrera eman eta zapalkuntzarik existituko ez den jendartearen alde borrokatzea. Esan beharrik ez dago, hemen gauden guztiok gure onena emateko prest gaudela, egoera hau irauli eta mundu berri bat eraikitzeko. Eta jakin badakigu, gurean, Euskal Herrian askapen prozesua muturreraino eramatetik igarotzen dela. Independentzia delako, Euskal Herrian sistema kapitalista pitzatu eta zapalkuntza ororen gaindipera bidean egin dezakegun ekarpena. Espainar eta frantziar estatuekin apurtu, erregimena garaitu eta garaizeina ez dela erakutsi eta Euskal Herrian zapalkuntzarik gabeko jendartea eraiki. Hori da bidea, gure herriaren askatasuna bermatu eta munduan zeharreko beste edozelako borroken pizgarri izango dena. Ez dago besterik».
Txiki eta Otaegiren borroka eta gaur egunekoak lotzen dituen katea «luzea eta indartsua dela» nabarmendu du. «Hamarkadaz hamarkada herri honetan beste Euskal Herri bat, beste mundu bat eraikitzeko baldintzak landatu dira. Jai herrikoietatik, Lemoizen aurkako borrokara, euskaren aldekotik, borroka feminista edota agertoki demokratikoaren aldekora. Horrela, gaur da eguna zeinetan la vuelta gelditu eta genozidaei planto eginez, mundura esperantzarako oihu bat zabaltzen duguna. Gaur da eguna, zeinetan Euskal Herrian langile borrokak garaipen maila altuenak lortzen dituena. Gaur da eguna, zeinetan faxistek ez duten lekurik aurkitu gure herrian. Eta bai, gaur da eguna milaka eta milaka gazte Euskal Herria askatasunera eramateko konpromisoz mobilizaturik gaudena. Hemen bada alternatiba, hemen bada nahikoa indar mundu gris eta kaotikoan beste mundu bat posible dela ikustarazteko. Ez dezagun aukera esku artetik ihes egiten utzi, estutu dezagun aukera oro, gure onena eman dezagun, dena dugu irabazteko».
Gauzak horrela borrokarako eta mobilizaziorako deia egin du, irailaren 27an Iruñeko Anaitasuna kiroldegian Txiki eta Otaegi gogoratzeko ekitaldia eta Bilbon azaroaren 22koa aipatu dituzte hurrengo hitzordu bezala. «Garaiak borroka eskatzen du, azken hilabeteetan bezala, herriz herri kaleak astinduz. Garaiak, gazteria independentistaren bultzada behar du, gazteok izan garelako, beti unerik latzenetan pausu bat aurrera eman eta gure herria ezker eskuin astindu dugunak. Beraz, ekin dezakegun, gurea da garaipena! Ekin eta bultza, askatasunera, independentziara!».

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

Preparándose para confirmar en las urnas la anomalía vasca

Muere un joven motorista de 24 años en un accidente de tráfico en Hernani

Un incendio provoca unos 40 muertos y 100 heridos en una celebración de Nochevieja en los Alpes

