
Berako bestetan egin dituzten erasoak irmoki gaitzesteko bildu da astelehen honetan eragile ugari: txosna batzordea osatzen duten Espidobaita elkartea, Barraskilo gazte taldea, Goldatz Berako talde feminista eta norbanakoak; alkatea eta Udaleko ordezkariak, Bortzirietako berdintasun teknikaria; Labiaga ikastola; Berako ostatuetako ordezkariak eta hainbat norbanako.
Azaldu dutenez, herri mugimendua Berako bestak guztiok ongi pasatzeko gune segurua izateko lanetan ibili da hilabete luzez. Mugimendu feministak urtetan egindako lanari jarraituz, erasoen kontrako protokoloak berritu dituzte, berdintasun zerbitzuak erasoen kontrako informazio gunea jarri du, puntu morea eta txosnagunean erasotuak artatzeko txokoa egokitu dituzte, karriketan sentsibilizaziorako eta informaziorako kartelak eta pankatak jarri dituzte, eta ostatuek protokoloa bereganatu dute, bertzeak bertze.
«Egindakoak eginda ere, badirudi gure lana ez dela denon gustokoa izan eta batzuek zakarkeriaz bete dituzte gure herriko bestak. Baina tamalez, ez da ezer berria», salatu dute.
«Bertze behin ere, haien maskulinitate erasokorra erakutsiz, gure herriaren askapenerako ezinbertzekoak diren aldarrikapenen pankartak erre dituzte; guztionak diren herriko guneak xehatu dituzte, tartean Toki Onako negutegia; ostatuetako komunak hautsi eta altzariak harrika bota dituzte; ostatuetako su-itzalgailuak barran hustu dituzte; bestetarako paratzen diren komunak eta kontainerrak errekara jaurti dituzte, ostatuetako espazioa erabat bereganatu dute haien arteko harrokeria eta indarkeria erakustaldi bilakatzeko; txosnako txandalariak jazarri dituzte eta, gainera, eraso matxista, arrazista eta homofoboak salatzen dituztenak artatzeko txosnagunean jarrita zegoen haima behin baino gehiagotan erre dute».
Baieztatu dutenez, eraso horiek guztiak ez dira kasualitatea: jendartearen oinarrian dagoen gizontasunaren ereduak sortzen ditu. Iazko udazkenean eskualdeko mugimendu feministak egindako agerraldian adierazi zuen gisara, maiz ematen ari diren jarrera hauek indarkeria matxistaren izozmendiaren azpian dauden adierazpenak dira. «Haien biolentzia erakustaldiak babesten ez dituztenak jazarri eta azpiratzea dute helburu, inpunitate osoz gainontzekoen gainetik jarriz, pribilegiatuak izaten jarraitu dezaten».
Txiki eta Otaegi oroitzeko pankarta
Memoria historikoa komunitate edo talde batek bere iragana ezagutu, zabaldu eta balioesteko garatutako ekimenek osatzen dutela oroitu dute. «Ahalegin horrek nortasuna eraikitzen eta indartzen laguntzen du, eta oraina ulertzeko eta etorkizuna proiektatzeko baliabideak ematen ditu. Memoria historikoa kale eta plazetan eraikitzen da». Besten hasieran, abuztuaren 2an, Berako herriko plazan Txiki eta Otaegi oroitzeko pankarta jarri zuten, baina txupinazo ordurako norbaitek kendu zuen.
«Batzuei agudo ahaztu zaie zer izan zen frankismoa. Fusilamenduek arrasto kolektibo sakona utzi zuten Euskal Herrian, eta gaur arte iraun du. Guk argi dugu frankismoaren biktimek, kasu honetan Txikik eta Otaegik, begirunea, oroimena eta gorazarrea merezi dutela. Frankismoa zuritu edota onartzen duten jarrera faxistarik ez dugu onartuko», segurtatu dute.
Txupinazoa bota zen momentuan plazan aditu ziren oihu eta errespetu faltak ere gaitzetsi dituzte.
Erasotzaile eta konplizeei mezua
Aipatutako guztiak gaur egungo besta eredua zalantzan jartzea eragin die eragileei. «Batzuek ongi pasatzeko bertzeak azpiratu behar badituzte, ez da guztiontzako besta. Nahikoa da!», erran dute ozen.
Erasotzaileei erran diete ez dutela haien indarkeriaren aurrean amore emanen eta aitzinean izanen dituztela. «Zuen jarrera biolentoak alde batera utzi arte eta zuen maskulinitate eredua deseraiki arte, ez dugu etsiko!».
Indarkeria erakustaldirik egin ez, baina babesten dituztenei, aldiz, hala oroitarazi diete: «Ez bazara konponbidea arazoaren parte zara! Herri batean, herritarrek onartzen dituzten biolentziak daude. Jarrera bortitz horiek justifikatzeak eta pertsona horiek babesteak konplize egiten zaitu. Erasotzaileak babesteak erasotzaile egiten zaitu. Beraz, hartu dagokizun erantzukizuna!», egin dute dei.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

