NAIZ

Hego Euskal Herrian 204 pertsona hil dira suteen ondorioz XXI. mendean

OPRA behatokiak argitaratutako azterlan batek azkeneko 25 urteetan Hego Euskal Herrian sute eta leherketen ondorioz izandako biktimak 204 direla ondorioztatu du. 3,4 heriotza milioi biztanleko izan dira mende honetan.

Ezkerretik eskuinera, Pablo Mongelos, Naiara Larrea eta Javier Larrea azterlanaren aurkezpenean
Ezkerretik eskuinera, Pablo Mongelos, Naiara Larrea eta Javier Larrea azterlanaren aurkezpenean (Monika DEL VALLE | FOKU)

Observatorio de Prevención de Riesgos y Accidentes (OPRA) behatokiak argitaratutako ‘Suteetan hildakoak EAEn eta Nafarroan (2000-2024)’ txostenean ikusi ahal denez, 204 izan dira azkeneko 25 urteetan Hego Euskal Herrian sute eta leherketen ondorioz hil diren pertsonak. Azterlanak lurralde-eremuan eraikinetan edo eremu publikoetan gertatutako egoerak erregistratu eta aztertu ditu, zenbait xehetasun ezberdin kontuan hartuz. 

Zenbakiak altua dirudien arren, behatokiak azpimarratu nahi izan du lurraldean oso arrisku txikia dagoela horrelako gertaera batean bizitza galtzeko, beste herrialde eta leku batzuekin alderatuta. Azterlanean adierazten denez, milioi biztanleko 3,4 heriotza gertatu dira Hego Euskal Herrian mende honetan.

Txostenaren aurkezpena Bilbon izan da, bertan dagoen Laboral Kutxaren egoitzan. Han izan dira azterlanaren bi egileak, Javier Larrea eta Naiara Larrea, OPRA behatokiko presidente eta zuzendaria, lortu diren emaitzak azaltzeko. Seguros Lagun Aroko zuzendari nagusi Pablo Mongelosekin batera errepasatu dituzte datuak, elementu esanguratsuenen inguruan jorratuz. 

Txostenaren ondorioak

Sute kezkagarrienak Bizkaia eta Nafarroan gertatu ziren. Bizkaia agertu da heriotza gehien izan dituen herrialdea bezala, 94 hildako izan baitituzte mende honetan zehar. Datuek erakutsi dutenez, EAEko suterik larriena Zorrotzan, Bilbon, gertatu zen, 2017ko maiatzaren 27ko goizeko 6etan. Bertan familia bateko bost kide hil ziren eta. Nafarroan antzeko egoera errepikatu zen Puiun, 2006ko martxoaren 17an, izan ere, familia bateko lau kideak hilda aurkitu zituzten landetxe batean. 

Sute eta leherketak eragin zituzten arrazoiei dagokionez, azterlanak hiru garrantzitsu zehazten ditu: erretzeko ohitura, elektrizitatea eta beroa sortzen duten gailuak. Azkenekoak hotz gehiago somatzen den garaiekin lotura zuzena dauka, izan ere, txostenak erakutsi duenez, heriotzen %50 baino gehiago neguko hilabeteetan gertatzen dira: abenduan, urtarrilean, otsailean eta martxoan.

Horrez gain, datuen arabera, herria zenbat eta txikiagoa izan, orduan eta handiagoa da sutean hiltzeko arriskua. Etxebizitzetan gertatzen ohi dira istripu gehienak, bereziki gauean zehar, izan ere, hiru heriotzatik bi gauez gertatzen dira. Hori dela eta, aurkezlariek ke-detektagailuak prebentzio-tresna oso baliotsuak izan daitezkeela ondorioztatu dute.