NAIZ

Amnesty International taldeak berriro ere CAFi «Israelen konplize» ez izateko eskatu dio

Txosten berri bat argitaratu du Amnesty International taldeak; kasu honetan Gazako genozidioa «errazten» duten enpresak seinalatu ditu, tartean CAF gipuzkoarra. Jerusalemen egiten ari diren proiektua gelditzeko eskatu du gobernuz kanpoko erakundeak.

2023an jada Amnesty International taldeak seinalatu zuen CAF enpresa.
2023an jada Amnesty International taldeak seinalatu zuen CAF enpresa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Amnesty International taldeak ‘Israelen krimenak errazten dituen ekonomia politikoa deskonektatu’ txostena argitaratu du, eta berriro ere CAF enpresa seinalatu du «Israelek palestinarrei urraturiko eskubideekin konplizitaztez» jarduteagatik.

Ekonomiaren alorrari begiratzen dio Amnesty Internationalen ikerketa berriak, «Ordua da oraintxe estatuek, erakunde publikoek, enpresek, unibertsitateek eta estatuarenak ez diren beste eragile batzuek amaiera jar diezaioten beren irabazi egarri hilgarriari, eta utz diezaioten kosta ahala kosta etekin ekonomikoak ateratzeko adikzioari. Legez kanpoko 57 urteko okupazioari eta hainbeste urteko apartheid-ari eusteko, Israelek laguntza sendoa eta etengabea jaso du harreman ekonomikoen eta merkataritzaren bitartez», adierazi du Agnes Callamard idazkari nagusiak.

Mundu osoan zehar dituen kide eta jarraitzaileei eskaera bat egin die gobernuz kanpoko erakundeak: exiji dezatela berehala gelditzeko Israelen nazioarteko Zuzenbidearen aurkako krimenetan laguntzen duen ekonomia politikoa. Txostenean bertan hainbat neurri proposatzen dizkie estatuei. Besteak beste, Israelen krimenetan laguntzen duten eta horrekin lotura zuzena duten enpresak debekatzea eta inhabilitatzea, lege eta arau eraginkorrak ezartzea eta desinbertsioak egin eta erosketak eta kontratuak etetea. Enpresek bete beharko lituzketen ekintzak ere zerrendatzen ditu, hala nola salmentak eta kontratuak etetea eta desinbertsioak egitea.

Hamabost enpresa jopuntuan, tartean CAF

Agiriak modu batean edo bestean genozidioaren konplize diren hamabost enpresa izendatzen ditu: Estatu Batuetako Boeing eta Lockheed Martin multinazionalak; Israelgo Elbit Systems, Rafael Advanced Defense Systems eta IAI Israel Aerospace Industries arma enpresak; Txinako Hikvision enpresa; Gipuzkoako CAF Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles; Hego Koreako HD Hyundai enpresa taldea; Estatu Batuetako Palantir Technologies software enpresa; Israelgo Corsight teknologia enpresa, eta Israelgo Mekorot, Estatuko uren enpresa.

CAFek Jerusalemen egiten ari diren tren arinaren proiektuan laguntzen duela adierazi du, «horrek israeldar kokalekuen hedapenari mesede eginez». Horregatik, CAFek ezin duela «beste aldera begiratzen» jarraitu ohartarazi du: «Amnesty Internationalek urteak daramatza CAF enpresari gogorarazten tren arinak legez kanpoko kokalekuak indartzen laguntzen duela, legez kanpoko okupazioari eusten eta Israelen partetik Jerusalem Ekialdea anexionatzen. CAFi beste behin eskatzen diogu alboratu ditzala proiektu hau eta Israelgo Gobernuak Palestinako lurralde okupatuetan sustaturiko edozein lizitazio».

Bestalde, gogoratu du 2019az geroztik CAFen partaidetza zuzena duten akziodunei (Lakua, Kutxabank eta Mayoral), eskatu dietela CAFi giza eskubideekin dituzten obligazioak betetzeko eta proiektua alboratzeko erreklamatzeko.