Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskal herritarrei hitza ematea, elkarrizketa nazionala proposatu du EH Bilduk

Umiltasunez, herritarrei hitza ematea, elkarrizketa nazionala proposatu dio EH Bilduk Euskal Herriari, indargune eta ahulguneak ongi detektatzeko, baliabideak kokatzeko, diagnostiko konpartitu bat osatzeko. Egin den ariketarik masiboena egin nahi dute, erronkak identifikatu eta aukerak sustatzeko.

Arnaldo Otegi Mondragon, EH Bilduren Konferentzia Politikoaren hitz-hartzean.
Arnaldo Otegi Mondragon, EH Bilduren Konferentzia Politikoaren hitz-hartzean. (FOKU)

Eraketa herritar eta kolektibo bat hastea proposatu du EH Bilduk, herriak egina eta gidatua. «Herritarrei hitza ematea, elkarrizketa nazionala» abiatzea. Zertarako? Indargune eta ahulguneak ongi detektatzeko, baliabideak ongi kokatzeko, diagnostiko konpartitu bat egiteko herri eragileekin eta etorkizuna gurekin egin nahi duten guztiekin. «Egin den ariketarik masiboena» egin nahi dute, erronkak identifikatzeko eta gero aukerak garbi sustatzeko.

Hala adierazi du Arnaldo Otegi Mondragon EH Bilduko idazkari orokorrak larunbat honetan Donostiako Tabakaleran egin den Konferentzia Politikoan.

Azaldu duenez, Hego Euskal Herriko markoa izanen du ariketa honek. EH Bilduk bere diagnostikoa mahai gainean jarriko du apaltasunez, herriarekin osatzeko. Ahalik eta partekatuena den proiektu bat eraikitzeko eta hala «herri honek behar duen erreakzioa sustatzeko». Bestalde, «bere indar militante guztia eskuzabaltasunez herri honen zerbitzura» jarriko du koalizio abertzaleak. «Herritik herrira eta herriarekin. Hori da egin nahi dugun ibilbidea, lasaitasun guztiarekin, begirada sakonarekin, konfiantza osoarekin», erran du Otegik.

Lehenbiziko argazkia

EH Bilduko idazkari orokorrak aitortu duenez, begirada larrituarekin begiratzen diote Euskal Herriko eta munduko egoerari. Hala ere, bertze begirada mota bat proposatzen dute: «Sendoa, arduratsua, lasaia, pazientzia estrategikoz osatua, indar bozkatuenari tokatzen zaiolako larritasunean bizi den mundu honetan begirada pausatua, sendoa, esperantzaz betea ematea».

Azpimarratu duenez, 2025ean argazki bat dago larritasunik handienera eraman behar gaituena. Lehen hitzak argazki horri eskaini dizkio hitzaldian: Palestinako eta Israelgo argazkiari. «Israelek hautu estrategiko bat hartu du, eta hautu horren izena genozidioa da, palestinar herriarekin bukatzea». EH Bilduko idazkari orokorrak defendatu du Israelgo estatuari aplikatu behar zaizkiola bere garaian Hegoafrikari aplikatutako neurri guztiak. Bertzalde, harrotasuna azaldu du «Euskal Herria abangoardia izaten ari delako munduan Palestinarekiko elkartasunean». Konferentzia Politikotik ere elkartasun osoa bidali die, txalo zaparrada bero batek lagunduta.

«Europa ez da existitzen»

Bigarren argazki bat, «funtsezkoa eta oharkabean pasa dena», Von der Leyen eta Trumpen arteko topaketa izan da koalizio abertzalearentzat. Bertan, «Europa AEBen kolonia deklaratu da, energia eta armak erostearen truke. Argazki horrek islatzen du Europa ez dela existitzen proiektu gisa. Ez zaigu gustatzen Europa hori; guk nahi dugun Europa autonomia duena da, herriena, langileena», agertu du.

Eskuin muturrarekin eta elite ekonomikoen arteko eztabaidarekin lotuta, Imanol Pradalesek adierazi du gure autonomia, hizkuntza eta nortasuna arriskuan egon daitezkeela, denbora gogor eta ilunak datozela. Araba, Bizkai eta Gipuzkoatik egin ditu hitzok, baina Euskal Herri osorako balio duen diagnostikoa da Otegiren arabera. «Gu aspaldi esaten ari ginen salbuespenezko egoera baten aurrean salbuespenezko neurriak hartu behar direla. Ezin da hori esan eta gero ezer pasako ez balitz bezala ohiko politikagintzan aritu», ohartarazi du.

Egiturazkoak diren dinamika horietan guztietan, gainera, Euskal Herria burujabetzarik gabeko herri bat dela oroitarazi du. «Palestina herri ukatua, zatitua, okupatua da. Eta Euskal Herria ere bai. Beraz, ez da harritzekoa abangoardia izatea elkartasunean, guk ere babesa behar dugulako. Babes hori eraiki egin behar dugu».

Hirugarren eraldaketa handia

Azken kongresuan Euskal Herrian jarri zuten esperantza: «Gure proiektu nazionalean, herri langilegoan, intelektualengan, emakumeengan, gazteengan. Hirugarren eraldaketa handia martxan jartzeko gai izango gara, gure herriak behar duena: gaurko arazoak ekarri dizkiguten politika poblikoek ez dituzte gaurko arazoak konponduko. Politika publikoak aldatu behar dira», nabarmendu du.

Estatus politikoari buruz, segurtatu du Euskal Herriaren luze-zabalean gai izanen direla «oinarrizko kanpalekua igotzeko» eta erronkei aurre egiteko tresnak emateko.

«Denbora da korronte erreakzionarioaz ohartarazten ari garena. Horri aurre egiteko formula bakarra dago: indarrak batzea, aliantzak zabaltzea, minimoen programak osatzea. Arrakastaz frogatu dugu formula hori», baloratu du.

Ziurtasuna bertze faktore historiko batetik ere badatorkiela azaldu du Otegik: «EHk ez du inoiz kale egin, erronka handiak izan dituenean beti erantzun du, irudimen, determinazio, militantzia eta eskuzabaltasun handiz. Hala izango da orain ere. Herri hau ez dago nostalgia edo porrot ariketak egiteko, alternatiba bat eraikitzeko baino», adierazi du.

50 urte bete dira Francoren azken fusilamenduetatik. «Espainiako ezkerrean arazo bat dute: aberri kontzeptua eskubiak eta eskuin muturrak lapurtu die. Gu ez gaude ados, aberria ez da eskubiaren kontua. Txikik bere idazkian ‘aberri ala hil’ idatzi zuen. Tupamaroek fronte zabalean denentzako aberria izango dela diote. Salvador Allendek ere Txilen fedea zuela esan zuen. EH Bilduk gauza bera dio: gure aberriaren langilegoan konfiantza, ziurtasun eta fede osoa daukagu. Aberria guztiontzat izango da eta Euskal Errepublika baten forma hartuko du», aldarrikatu du.

Lanerako deia eginez eta «Gora Palestina askatuta! Baita gora Euskal Herria askatuta ere!» oihuarekin amaitu du.

Elkarrizketaren dimentsioak

Bere militantziaren ordezkaritza zabal baten aitzinean eta bere erreferente instituzional eta sozial nagusien parte-hartzearekin aurkeztu du koalizioak elkarrizketa nazionalaren ekimena. Datozen hilabeteetako lan-ardatz estrategikoa izanen da.

Diagnostiko partekatu bat adostea eta herri-proiektu komun bat eraikitzea du xede. Kontraste hori bideratzeko, EH Bilduk proposamen-marko bat jarriko du mahai gainean: oinarrizko diagnostiko bat –lau orri eskaseko dokumentu batean jasoa–, eztabaidarako balioko duena, «kontua ez baita soilik entzutea, baizik eta elkarrizketa sakon bat jorratzea».

Zehaztu dutenez, elkarrizketa nazionala hiru dimentsio osagarritan hedatuko da. Lehenak, tokiko dimentsioak, gizarte-eragileekin, erreferentziazko pertsonekin eta herritarrekin batera, zer gizarte-mota osatzen ari den jakiteko asmoa du. Bigarrenak, dimentsio nazionalak, gure herriak erronka nazionalari aurre egiteko behar duen jauzia proiektatzea, eragile nagusiekin eta pertsona esanguratsuekin. Hirugarrenak, dimentsio aditu-instituzionalak, jauzi horrek eskatzen dituen politika publiko estrategikoak identifikatzea eta diseinatzea bilatuko du, jasotako ekarpenak sistematizatuz.