Kazetaria, surfean espezializatua / Periodista, especializado en surf

Munduko tituluak eta ereduak: zenbat «munduko surf txapeldun» daude?

Munduko txapeldun titulua emateko legitimazioa duten bi erakunde daude, International Surfing Association (ISA) eta World Surf League (WSL). Zein dira bien arteko desberdintasunak? Ikurrinarekin lehiatuz, munduko titulu bat irabaz al daiteke? 

Janire Gonzalez Etxabarri, ISAko irabazlea, Espainiako banderarekin.
Janire Gonzalez Etxabarri, ISAko irabazlea, Espainiako banderarekin. (ISASURF.ORG)

Azkenaldian “munduko txapeldun” titulua irabazi dutenen albisteak iristen zaizkigu, baina aldi oro izenak desberdinak dira. Adibidez, irailaren bian Molly Picklum australiarra munduko txapeldun izendatua izan zen Fijjin. Ordea, bi aste geroago, Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra ere munduko txapeldun izendatu zuten El Salvadorren. Nor da egiazko txapelduna?

Biak dira munduko txapeldunak, baina Mollyk WSLko munduko zirkuitua irabazi zuen, eta Janirek ISAko munduko txapelketa. Hortaz, zein dira bi tituluen arteko desberdintasunak?

Galdera horri erantzuteko, WSL eta  ISA erakundeen arteko desberdintasunak ulertu behar dira. Oso labur esanda, WSL enpresa pribatu bat da, eskumen juridikorik gabea; baina surflarien artean prestigio gehien duen erakundea da. Ostera, ISAk ez du prestigio handia surflarien artean, teorian ez da enpresa pribatu bat, eta araudia kudeatzeko eskumena du. Alegia, WSLko zirkuituko irabazleak, munduko zale guztien babesa duen heinean, legitimazio zabala du, baina ez du legitimitaterik, zeren legez munduko titulua emateko eskumena duen erakundea ISA da. Hortaz, legez, Kelly Slater ez da inoiz izan munduko txapelduna, baina bai WSL zirkuitukoa.

Molly Picklum eta Yago Dora, WSL zirkuituko irabazleak. (ISASURF.ORG)

Surflari bati galdetuz gero azken bost urteetan munduko txapeldunak nor izan diren, WSLko txapeldunak aipatuko ditu, inork gutxik ezagutzen baititu ISA txapelketetako irabazleen izenak.

Bi eredu kontrajarri

Desberdinak dira WSLren eta ISAren txapelketa ereduak. Olatu gainean egiten dena epaitzeko irizpide berberak erabiltzen dituzte; alegia, puntuatzeko eredua berdina da, baina txapela eskuratzeko egin beharreko bidea oso desberdina da. WSL erakundeak hiru mailatan (QS, CS eta CT) sailkatzen ditu mundu osoko surflariak eta maila bakoitzean zirkuituak osatzen ditu, lehiakideek erakutsi dezaten olatu mota desberdinetan ongi ibiltzeko gai direla. Lehen mailako itzulia irabazten duena «munduko txapeldun» izendatzen dute. Adibidez, John John Florence hiru bider izan da WSLko munduko txapelduna, eta Hawaii ordezkatu du. Aukera hori ez dago ISAko lehiaketetan, Hawaii, AEBren kolonia baita.

Aitzitik, ISAko eredua kode olinpiarretara egokituta dago, bera baita Olinpiar Jokoetako surf txapelketak antolatzen dituena. Olinpiar Jokoetara joateko tartean beste txapelketa batzuk egiten dira, baina eredua beti berbera da: soilik ISAk onartzen dituen selekzioek parte har dezakete (Hawaii, Tahiti edo Euskal Herria ezin dira ordezkatu), selelekzio bakoitzak hiru ordezkari izaten ditu kategoria bakoitzean, eta txapelketa bakar batean erabakitzen da munduko txapelduna nor den.

Israelgo ordezkariak, nazio guztien hondarrak nahasteko zeremonian. (ISASURF.ORG)

Kontuak honela, sarrerako galderari erantzunez, WSLko titulu mundiala irabaz daiteke euskaldun gisa, ikurrina ordezkatuz, baina ez ISAk ematen duen «munduko txapeldun» titulu ofiziala.
Bada beste desberdintasun garrantzitsu bat; WSLko zirkuituan surf maila askoz handiagoa da ISAko lehiaketetan baino. Horren adierazlea da ISAko finaletako surflari asko ezezagunak direla.

Erakunde bakoitzaren genealogiari dagokionez, oso antzekoak dira, biak dira kapitalistak, inperialistak, Israelen lagunak, eta abar. Baina bietan muturrekoena ISA da, eta bere adierazle nagusia Fernando Aguerre da, 1994tik ISAko presidentea den argentinarra. Hark du botere osoa, eta, jipi itxurarekin ibiltzen den arren, hitzetan eta ekintzetan eskuin muturra ordezkatzen du. El Salvadorko txapelketan egin zuen hitzartze oso laburrean, esaterako, Bukele goratu zuen.

Fernando Aguerre, 1994tik ISAko presidentea, sionisten laguna, Bukeleren aldekoa eta Euskal Selekzioaren kontrakoa. (ISASURF.ORG)