Amalur Artola
Amalur Artola Kulturako koordinatzailea / coordinadora de Cultura

‘Las corrientes’, hitzen atzean gordetzen den isiltasuna

Linaren pausoei segika jarriko gaitu Milagros Mumenthaler argentinarraren ‘Las corrientes’ filmak. Suitzara sari bat jasotzera doanean bere barruan zerbait zartatu dela sentituko du, eta sentipenari bere bidea egiten uztea erabakiko du.

‘Las corrientes’-eko lantaldearen zati bat, Milagros Mumenthaler erdian dela.
‘Las corrientes’-eko lantaldearen zati bat, Milagros Mumenthaler erdian dela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Linaren bizitzak perfektua dirudi. Senar ulerkorra du alboan, alaba xarmangarria, egoera ekonomiko erosoan bizi da eta ibilbide profesional oparoa du diseinatzaile bezala. Baina Suitzara sari bat jasotzera egindako bidaia batek dena aldatuko du: zerbait gertatu da Linaren barruan, interpretatzen ez dakien zerbait, eta ilunpetan galtzeko arriskua bere eginda sentitzen duen horri eskutik heltzea erabakiko du. Hala zeharkatuko ditu Suitzako kaleak, zerbaiti segika, bide berri bat bilatu nahian. Buenos Airesera itzultzen denean, ez du ezer esango. Isiltasunezko harresi bat eraikiko du bere inguruan.

Horrela abiatzen da ‘Las corrientes’, Milagros Mumenthalerren hirugarren film luzea eta Zinemaldiko Sail Ofizialean lehiatzen dena. Filmak Lina pertsonaiaren atzetik eramango gaitu metraje guztian zehar, apurka apurka nor den eta nondik datorren erakusteko, eta horrela nora doan (edo nora iritsi nahi ez duen) ulertzera iristeko.

Isilunearekin jolasten duen filma da –hasierako 6-7 minutuetan ez da ahots bakar bat ere entzuten– baina, Mumenthalerrek prentsa aretoan ziurtatu duenez, «pertsonaiaren isiltasunak asko hitz egiten du». Hala uste du protagonistaren rola jokatzen duen Isabel Aime Gonzalez Solak ere: «Nire sentsazioa da hitz egiten duenean ere badagoela isiltasun bat beregan, barruan baduela zerbait gotortua eta hitz egiten duenean bere barruan beste zerbait ari dela gertatzen», esan du.

Zuzendariaren hitzetan, Linaren pertsonaian garrantzia duena bere iragana da –ikusleak amaierara arte ezagutzen ez duena–, «atzean iragan bat utzi eta bere burua berrasmatu izanak ematen dio halako pisu bat. Bere jatorria garrantzitsua da». Horrela, filmak bi bide argi dituela azaldu du, batetik pertsonaiaren egunerokotasuna jarraitzea, «nola egiten duen aurrera, arduratzen duen ezer ez balego bezala», eta bestetik bere barruan gertatzen den hori erakustea, «alderdi intimo hori, nora gidatzen duen, non jartzen duen bere begirada: estatua bat ikusten du eta bat-batean horrek museo bat zeharkatzera darama. Linaren bi bide horiek batzea erronka handia izan zen», aitortu du.   

Gidoia lantzea «urte askotako lana» izan dela ere nabarmendu du, baina horrek pertsonaia aberastu egin duela iritzi du, urte horietan zehar jaso dituen estimulu ezberdinak txertatu egiten direla protagonistaren pertsonaian. «Pertsonaien filmeetan asko gertatzen da hori. Zuretzat estimulu diren liburuak, erakusketak... lagundu egiten dute pertsonaia, bide berriak irekitzen dizkiote, baina gidoiak irekiagoak dira eta, beraz, idazten zailagoak», esan du. Linaren kasuan, diseinatzaile izatea ez da ausazkoa adibidez, pertsonaiak baduelako «nonbaitekoa izateko eta profesionalki gora egiteko nahia», eta bere ustetan modak badu alde azalekoago bat, itxurakeriazkoa, baina aldi berean «gutako bakoitzaren aurkezpen orria» da. «Interesgarria iruditzen zitzaidan Linak bere bizitza aldatzeko eta bere senarraren mundutik kanporago dagoen bide bati ekiteko duen behar hori, eta baita, gauza bat irudikatzen badu ere, barruan daraman zaugarritasun, iluntasun eta baita indar hori ere, zein egoera zaila du aurrean eta berak bakarrik zeharkatzea erabakiko du, geratu, medikuarenera jo eta ‘zer ari zait gertatzen?’ galdegin zezakeenean», kontatu du.

Pertsonaien biografiak 

Mumenthalerrek kontatu du, filmean Linaren iragana ikusten ez bada ere, hamar orrialde dituela idatzita haurtzarotik bere amarekin izan zuen harremanaz. «Pertsonaian pentsatu eta bere iragana asmatzea gustatzen zait, dibertigarria ere bada, eta aberastu egiten du istorioa. Une batean, pertsonaiak bizitza propioa hartzen du eta bakarrik doa, gidoia idazten ari zara eta... ‘Linak hau egingo luke’, pentsatzen duzu».

Zentzu horretan, Esteban Bigliardi eta Jazmin Carballo aktoreek –Linaren senarrra eta laguna, hurrenez hurren– pertsonaiak garatzen eta entseatzen emandako orduak filmaketarako oinarrizkoak izan zirela ziurtatu dute. «Orriak eta orriak zituen idatzita gure pertsonaiez, posturak zuzentzen zizkigun... filmaketara iritsi ginenean gure egina genuen informazio hori dena, eta horrek lana asko erraztu zigun».

‘Las corrientes» Argentina eta Suitzaren arteko koprodukzio bat da, eta horretaz ere mintzatu dira. «Argentinan bizi dugun egoera ikaragarria da eta asko eragin zuen filmean. Administrazioak asko zigortu du zinema argentinarra eta pelikula hau ez litzateke existituko une horretan genituen funtsak izan ez bagenitu. Batu eta aurrera nola egin ikusi behar izan genuen, Milagros genituen baliabideetara egokitu zen filma aurerra ateratzeko. Gu gaur hemen egotea pozgarria da, zailtasunen gainetik zinema egiten ari garelako».