
Ekainean ekin zioten mobilizatzeari Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako langileek. Egoera irauli ezin, sektoreko langileek iraileko lehen greba eguna izan dute asteazken honetan. Hori dela eta, manifestazio jendetsua egin dute Donostiako Gipuzkoa Plazatik abiatuta, Gipuzkoako Aldundiari eskatzeko «langileen artean dagoen soldata arrakalarekin amaitzeko, eta lan jardun osoko kontratuak ezartzeko».
ELAk salatu duenez, Gipuzkoako erresidentzietako langile publikoen eta azpikontratatuen artean 10.000 euro baino gehiagoko soldata arrakala dago. Izan ere, ELA sindikatuak aztertutako datuen arabera, egun sektorean langile gehien biltzen dituen erizain laguntzaileen kasuan, %25eko soldata arrakala dago lan berdina egiten duten erizain laguntzaile publiko edo azpikontratatuen artean. Guztira, 10.000 euro baino gehiagokoa, sindikatuaren arabera.
Horrez gain, «arrakala bikoitza» jasaten dutela aditzera eman dute: «Arrakala hori are handiagoa da langileen ia erdien kasuan, kontratu partziala izateagatik desberdintasun nabarmenagoa baita».
Azaldu dutenez, «kontratazioa ere aldatzea gakoa da horretarako». Haien ustez, «partzialtasuna eta azpikontratazioa baitira soldata arrakaleran aldagai nagusienak».
«Gogora dezagun 5.000 bat langile biltzen dituen sektore honetan, partzialtasuna %45ekoa dela eta azpikontratazioa %93koa. Kontuan izanda langile gehienak emakumeak direla, genero arrakalan txapeldun da sektorea, langileen ia erdiak borondatezkoak ez diren kontratu partzialak izaki», azpimarratu dute ELA sindikatutik.
Beste bi greba egun
Gipuzkoako zahar-egoitzetako eta eguneko zentroetako langileak beste bi greba egun egingo dituzte irailaren 25ean eta 26ean, hitzarmenaren negoziazioen harira.
Hori dela eta, ostegunean, irailaren 25ean, grebako mobilizazioak eskualdeetan hedatuko dira. Adibidez, Ordizian 11:30ean elkarretaratzea egingo dute Foruen Pasealekuan. Berriz, 10:45ean Irungo Gurutze Gorriko erresidentzian egingo dute aurreneko kontzentrazioa.
Greba deialdiari amaiera emateko, irailaren 26an, ‘Zaintzaldia’ egingo dute Donostiako Catalunya plazan. Bertan, ‘Gipuzkoako Erresidentziak borrokan’ film laburra estreinatu eta sari banaketa egingo dute, alfonbra morea eta guzti.
Pentsiodunen atxikimendua
Ildo horretatik, Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen elkarteak babes osoa eman die egoitzetako langileei. Hain ustez, «egoera jasanezina» da: «Adinekoen zaintzak ezin du jarraitu erosotasun instituzionala eta enpresa-onura egoiliar eta profesionalen duintasunaren aurretik jartzen dituzten erabaki politikoen mende. Batzuek aberastasuna pilatzen dute eta beste batzuek enplegu prekarioekin irauten dute, baina benetan sufritzen dutenak gure adinekoak dira, merezi duten arreta bero eta kalitatezkoa jasotzen ez dutenak».
Duintasuna Gipuzkoako Erretiratu eta Pentsiodunen elkarteak borondate politikoa eskatu die erakundeei. Ildo horretan, aurpegiratu diete «pertsonak erdigunean jarriko dituen kudeaketa behar dela, eta ez negozioa».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años
