NAIZ

Hizkuntza gutxituak dituzten dozenaka komunitateko ordezkariak Euskal Herrian bisitan dira

Garabide elkarteak antolatzen duen Aditu programaren baitan, hizkuntza gutxituak dituzten mundu osoko komunitate desberdinetako hogei bat ordezkari inguru Euskal Herrian egonaldia egiten ari dira. Ekimenaren xedea hartu-emana sustatu eta euskararen biziberritze prozesuaren berri ematea da.

Aretxabaletako Udalean egin zieten harrera.
Aretxabaletako Udalean egin zieten harrera. (GARABIDE)

Urtero bezala, hizkuntza gutxituak dituzten komunitate ezberdinetako 20 pertsona inguru Euskal Herria bisitatzen ari dira euskararen biziberritzean egindako ibilbidea ezagutzeko, Garabide elkartearen Aditu programaren baitan. Hilabete eta erdiz, Aretxabaleta izango dute egoitza hizkuntza aktibistek. Handik, Euskal Herrian zehar mugituko dira gizarte zibiletik sortutako zein administraziotik bultzatutako esperientziak bizitzera.

Besteak beste, ekintzaileek Bizkaiko Euskararen Etxea eta bertan dagoen Interpretazio Zentroa ezagutuko dute; Nafarroako zonalde ‘ez-euskaldunean’ dagoen Tafallako Ikastola bisitatuko dute; Gipuzkoako Ikastolen Kilometroak jaian izango dira, Azpeitian; eta Kanaldude hedabidea ezagutuko dute.

Horrez gain, ia 100 klase ordu ere jasoko dituzte euskalgintzako aditu eta arituen eskutik. Helburu nagusia da hizkuntza berreskurapenaren inguruan lanean ari diren munduko hainbat komunitatetako erakundeak indartzea eta inspirazio iturri izan daitezkeen esperientziak ezagutaraztea.

Aditu Ikastaroa, Garabide Elkarteak gauzatzen duen formazio proiekturik garrantzitsuena da, eta baita hizkuntzen berreskurapen arloan munduan egiten den bakarrenetarikoa ere. Historian zehar, gutxi dira biziberritzea lortu duten hizkuntza gutxituak, eta euskara da horietako bat.

Harrera Aretxabaletan

Aditu programan parte hartuko duten hizkuntza komunitateetako ordezkaritza Aretxabaletako Udalean izan zen atzo. Bertan, harrera instituzionala egin zieten Gari Iturbe alkateak eta Iñaki Martinez de Luna, Garabideko lehendakariak, besteak beste. Alkateak adierazi zuen hizkuntzen aniztasuna aberastasuna dela munduarentzat. Gogora ekarri zuen Euskal Herriko eremu batzuetan euskara galdu egin zela, eta gerora ere atzera berreskuratzeko gai izan dela, eta era berean, gaur eguneko erronkak aipatu zituen. Martinez de Lunak eskerrak eman zizkion alkateari eta Aretxabaletako herriari, eta herri-elkarteen eta erakunde publikoen arteko elkarlanaren garrantzia azpimarratu zuen.