Ion Telleria
NAIZ Irratia. Programazio arduraduna
Elkarrizketa
Mertxe Urtuzaga
Anjel Otaegiren lehengusua

«Sarjentuak aitari eskatu zion modu on bat izebari esateko semea hil behar ziotela»

Anjel Otaegiren familiaren testigantza Mertxe Urtuzaga lehengusuak eman du urte luzez. 1975eko egun mingarriak dakartza gogora eta izandako aitortza instituzional berantiarra, baina ez du eskari berezirik, «jendeak eman digun babesarekin konformatzen gara». [Entzun ‘Haustura ala erreforma’ podcasta]

Audio_placeholder

«Sarjentuak aitari eskatu zion modu on bat izebari esateko semea hil behar ziotela»

Loading player...
12 urte zituen Urtuzagak lehengusua hil zutenean baina detaile asko gordetzen ditu gogoan iltzaturik.
12 urte zituen Urtuzagak lehengusua hil zutenean baina detaile asko gordetzen ditu gogoan iltzaturik. (Gorka Rubio | Foku)

Irailaren 27a gerturatzen den bakoitzeko barruak mugituko dira…

Bai, bakarren bat urtero etortzen da galderak egitera egun hartaz eta bai, pixka bat ezberdina izaten da gauza berdinak aipatzea…

Zer oroitzapen duzu gertatutakoaz edo gero etxean kontatutakoaz?

Nik orduan 12 urte nituen, 13 egiteko eta ondo akordatzen naiz. Sarjentua etorri zenean izebari esatera semea nola hil behar zioten gure etxean zegoen.  Abisua etorri zenean, noski, izeba oso gaizki jarri zen. Erizaina etorri eta lasaigarriak eman zizkioten eta prestatu ziren denak Burgosera joateko. Etorri ziren beste izeba, lehengusuak eta Anjelen lagunak eta hiru kotxe edo joan ziren Burgosera. Han, izeba kotxetik irten zenean ez zen gauza bera bakarrik ibiltzeko eta bi soldaduren artean sartu zuten barrura eta han funtzionario batek goitik behera miatu zuen. Horrek min handia eman zion.

Gero, kapitan batengana-edo pasa zuten eta hark egin zizkion galdera batzuk eta esan zion ia Anjel hiltzen zutenean gorputza Nuarbera eramatea nahi zuen, eta esan zion baietz, «lo que yo no quiero es dejarlo en Burgos», eta orduan esan zion gorputza eramaten zutenerako 50.000 pezeta prest izateko, ehorztetxeko gastuak ordaintzeko eta «ez dadila egon ezen iskanbilarik, ze hartuko dugu gorputza, eramango dugu eta ez duzu jakingo sekula non dagoen zure semea», esan zioten.

Burgosen Anjelekin hitz egiteko aukerarik izan zuten senideek?

Ez, amak soilik, eta etxera etorri zenean garbi utzi zion sarjentuak, «ez du balio ez zaudela ondo, aitzakiarik ez du balio, zuk bakarrik daukazu aukera, beste inork ez dauka ikusterik», eta ez zieten utzi. Apaizak ere joan ziren, ea eurek eskatuta utziko ote zieten, baina ez zioten inori utzi.

Eta Anjel atxilotu zutenetik hil zuten arteko tarte horretan, etxekoek izan zuten berarekin hitz egiteko aukerarik?

Bai, Martutenera eraman zuten lehenbizi eta hara joaten ginen, gu umeak ere bai, izeba eta gu normalean igandetan joaten ginen, eta nire ama eta Urretxun bizi ziren beste lehengusu batzuk asteazkenetan. Astero izaten genuen aukera bisitatzeko. Gero, Burgosera eraman zutenean jada zailagoa izan zen, Burgosen igandetan ez zen bisitarik izaten, aste egunetan bakarrik eta ama eta izeba eta ibiltzen ziren... jende gutxiago…

Eta berak zer esaten zuen?

Gu umeak ginen eta guri galdera normalak egiten zizkigun, ‘attitte eta amama zer moduz’ eta halakoak…

Etxekoekin ariko zen, ez dakit egoeraren larritasunaz zer esaten zuen, nola bizi izan zituen berak egun haiek?

Berak ez zuen esaten inoiz hilko zutenik, amari esaten zion ez zutela hilko, nire ama-eta joaten zirenean sekula ez zien esaten hilko zutenik, nik pentsatzen dut berak pentsatuko zuela baina ama agian lasaiago egoteko ez zuen esaten.

Nola iritsi zen etxera hil egingo zutenaren abisua?

Gaueko bederatziak aldera etorri zen. Gertu bizi ginen eta nire izeba egunero etortzen zen gure etxera. Han zegoen eta uste ez genuen notizia bat izan zen. Etorri zen sarjentua eta nire aitaren bila joan zen eta aitari esan omen zion ia modu on bat amari esateko semea hil behar ziotela, eta nire aitak esan zion ‘ba al dago ba modu on bat ama bati semea hil behar diotela esateko?’. Ezustekoa izan zen, ez genuen pentsatzen momentu hartan… nahiz eta epaiketak eginda zeuden, sorpresa izan zen.

«Hilko zutela esan zutenean sorpresa izan zen guretzako, ez genuen pentsatzen momentu hartan... nahiz eta epaiketak eginda zeuden»


Hilotza Nuarbera ekartzeko baldintzak jarri zituzten, nola pasa zen hura?

Anjel ikusi zuenean izeba gaizki zegoen eta etxera etorri zen gauean bertan. Burgosen geratu ziren nire ama, aita eta bere Nuarbeko lagunak. Han egon ziren hurrengo egunera arte. Kartzela ondora joaten ziren eta ez zieten uzten egoten inguruan eta orduan, han inguruko leku batean egon ziren. Bueltaka ibili zituzten mareatu beharrean, orain etortzeko, gero joateko… Beno, azkenean hirurak aldera behintzat abiatu ziren gorputzarekin.

Hartu zuten ez dakit zenbat landroverren artean ehorztetxeko autoa gorputzarekin eta atzetik nire ama, aita bere lagun batekin eta bi kotxe edo hiru. Abiatu zirenean hurrengo herrian semaforo bat gorrian jarri zen eta orduan alde egin zieten. Nire ama eta gainerakoak bide guztian bila jardun zuten, baina ez zituzten aurkitu. Pentsatu zuten nonbait egon zirela edo beste bideren bat hartu zutela edo… auskalo.

«Azkenean gaueko hamarrak aldera iritsi ziren, ilundu eta gero. Hori zen eurek nahi zutena, jenderik ez egotea, baina hala eta guztiz ere jende pilo bat zegoen»

Azkenean gaueko hamarrak aldera iritsi ziren, ilundu eta gero. Hori zen eurek nahi zutena, jenderik ez egotea, baina hala eta guztiz ere jende pilo bat zegoen. Hemen arratsaldean kontrolak eta ipini zituzten eta ez zioten uzten pasatzen jendeari, baina jende asko etorri zen menditik bueltan, jende asko zegoen, asko, eta gauean iritsi zirenean jendeak hemen segitzen zuen. Kanposantura iritsi zirenean, beno, apurtu zituzten kristalak eta hil kutxarenak baina ez genuen ikusterik izan.

Nolakoak izan ziren hurrengo egunak, sentitu zenuten ingurukoen babesa?

Bai, handia. Nere izebaren etxean izan ziren egun batzuk egun osoan jendea zegoena, etorri eta joan, Euskal Herri guztiko jendea, Nafarroatik etortzen ziren, Bizkaitik ere bai, hemen ingurukoak ere bai, jende pilo bat. Ondoreneko egun askotan. Eta kazetariak ere bai, asko, belgiarrak, frantziarrak… nik uste izebari horrek asko lagundu ziola, jende asko pasa zen izebaren etxetik.

Handik oso gutxira hil zen Franco, ez dakit etxean ere aipatzen ote zenuten, ba «hilabete atzeratu balitz…»

Bai, hori askotan esan izan genuen. Hilabete batengatik begira! Jada hiltzear zegoen Francok baina begira zer nolakoak egin zituen azkenean. Nik uste dut bera gaizki sentitzen zela eta halako mendeku bat zela eta nahi zuela azkeneko akzioa egin eta bost lagun hil zituen.

Urtero izaten dira oroimen ekitaldiak, horiek familiarentzako garrantzitsuak izan dira…

Bai, urtero-urtero gogoratzea eskertu egiten da. Hemen, Azpeitiko ezker abertzaleak urtero egin izan dio omenaldia eta udaletik ere alkatea eta zinegotziak eta urtero etortzen dira kanposantura, loreak bidaltzen dituzte… Orain dela urte gutxi arte herrian bertan egin izan diote omenaldia eta orain badira bi edo hiru urte Azpeitian egiten zaiola, beharbada jende gehiagorentzat errazagoa delako bertaratzea edo… Baina urtero-urtero egin diote omenaldia eta oso eskertuta daude alde horretatik.

Instituzionalki aitortza iritsi zen orain urte batzuk, une hori garrantzitsua izan zen familiarentzako?

Bai, oso. Behin ere ez genuen pentsatuko aitortza hori iritsiko zenik, berandu iritsi zen, baina ezustea izan zen eta oso gustura hartu genuen. Bazen garaia aitortzeko ere.

 

Anjel Otaegi, atxilotu aurreko ospakizun batean. (Euskal Memoria Funtsa)


Urte hauetan guztietan biktimez hitz egiten entzungo zenuten, horrek zuen etxean ere zer pentsatua eragingo zuen…

Bai, hori asko entzun dugu eta beti sentitu izan dugu biktimak besteenak zirela, baina hemen biktima asko egon dira beste aldean ere. Horrek pixka bat gaizki sentiarazten zigun, pentsatuz haiek beste alde batekoak bai, baina gure lagunak ere biktima asko izan dira

Gaur, 2025, 50 urte pasa dira, familiaren aldetik ba al dago eskari berezirik?

Ez, nik uste dut jendeak eman digun babesarekin konformatzen garela.