Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Txiki eta Otaegi; bizi artean hil zuen Francok, duela 50 urte

Borrokan eman zuten bizitza Angel Otaegi eta Jon Paredes ‘Txikik’, eta borrokari eman zioten bizia. Fusilamenduek orban kolektibo sakon bat utzi zuten Euskal Herrian eta duela hamar urte errelatatu zituen ordukoak Gotzon Aranburu kazetariak, horiek bilduta sakondu dugu orbanean datozen lerroetan.

2022an Zarautzen egindako ekitaldian Txiki eta Otaegi gogoratu zituzten.
2022an Zarautzen egindako ekitaldian Txiki eta Otaegi gogoratu zituzten. (Gorka RUBIO | FOKU)

Hil zutenek bakarrik dakite nola egin zion aurre heriotzari Angel Otaegik 1975eko irailaren 27ko goiz hartan. Ez senideek, ezta abokatuek ere ezin izan zioten egunseti hartan lagundu, gaua militarrez inguraturik igaro zuen goizeko lehen orduetan zortzi polizia bolondresek fusilatu zuten arte. Jon Paredesen inguruan gehiago dakigu, bi abokatu eta bere anaia Mikel fusilamenduaren lekuko izan baitziren, Sardanyolan izan zen, guardia zibilen eta hainbat bolondresen eskutik: Txiki metrailatuta erori zen, baina ‘Eusko Gudariak’ abesten jarraitu zuen azken tiroa jaso arte.

Bizi artean hil zuen Francok. Ezin ahaztu bost urte lehenago indultua eman ziela Burgosko Prozesuan hiltzera kondenatutako ETAko militanteei. 1975eko irailean, aldiz, oniritzia eman zien FRAPeko hiru militante –Xose Humberto Baena, José Luis Sánchez Bravo eta Ramón García- eta Txiki eta Otaegi euskal herritarren exkuzioari. Gehiago ere baziren, hamaika zehazki, gerra-kontseilu ezberdinetan heriotza-zigorra ezarri zitzaienak, baina seiri kommutatu zitzaien heriotza zigorra espetxe-kondena luzeen ondorioz. Horien artean zeuden Jose Antonio Garmendia ‘Tupa’ abaltzisketarra, atxiloketan poliziak larri zauritu zuena, eta Manuel Blanco Chivite donostiarra, FRAPeko kidea.

Extremaduran jaio zen Txiki, baina hamar urte zituenetik Zarautzen bizi zen, oso gazte zelarik sartu zen ETAn, bere anaia Mikelek azaltzen duenez, garai hartan bera ere erakundeko kidea zen. Borboiko Pilar, orduko Juan Carlos printzearen arreba, zelatatzea zen bere hastapenetako zeregina, zeinak bere senar Luis Gomez-Aceborekin batera Zarautzen igarotzen zituen udak. Antza denez, ETAk Gomez-Acedo bahitu eta euskal presoengatik ordezkatzeko asmoa zuen, baina poliziak plan hura hondatu zuen, jada prestakuntza  lanak aurreratuta zeuden unean.

Jon Paredes ‘Txikiren’ erretratua.
Jon Paredes ‘Txikiren’ erretratua.

Bere bila zebiltzala jakitean, Jon Paredesek Ipar Euskal Herrian hartu zuen babes, 1974ko abuztuan; eta handik liberatu gisara itzuli zen, zazpi hilabetez azpiegitura lanetan ibili ondotik Jose Luis Bujanda donostiarrarekin batera. Poliziek ‘Tip eta Coll’ -  garaiko bi umorista ospetsu ziren-  izenez deitzen zieten bi kideek zutten altuera ezberdintasunagatik, biek ihes egin behar izan zuten 1975eko urtarrilean. «Ni, azkenean, Iruñean atxilotu ninduten, huts egindako hitzordu batean, hilabete geroago. Txiki Bartzelonara pasa zen, ETA-pm-ko komando bateko kide gisa», kontatzen du Bujandak.

Kataluniako hiriburura egindako tren bidaia egin zutenen artean Mikel Lejarza zegoen, erakunde armatuan infiltratutako polizia, ‘El Lobo’ ezizenarekin ezaguna. Poliziaren arabera, Txikik Donostiako inspektoreorde baten aurkako atentatu hilgarri batean hartu zuen parte, baita agente bat hil zen Condal hiriko lapurreta batean ere. 1975eko uztaila zen, eta Txikik 21 urte zituen.

Gregorio Posadas Zurrón guardia zibila 1974ko apirilaren 3an hil zen Azpeitian izandako atentatu batean. Materialaren erantzukizuna ETAko hiru kideri egotzi zitzaien, tartean Jose Antonio Garmendiari. Urte bereko abuztuan Hernanin atxilotua izan zen eta tiroketa baten eraginez burmuinean kalte larriak jasan zituenez, lobotemia bat egin behar izan zioten.

Azpeitiako Nuarbe auzoko Angel Otaegiri komandoari aterpea eman izana egotzi zioten, poliziak bere etxea inguratu zuen eta bere burua entregatzea erabaki zuen. Mertxe Urtuzaga lehengusuaren esanetan, operatiboaren buruak zera esan zion Otaegiri: «Lastima ez zarela ihes egiten saiatu. Hil egingo zintugun». 1974ko azaroa zen, eta Angelek 33 urte, Mariaren seme bakarra ez zen bizirik itzuliko Nuarbera.

Angel Otaegiren erretratua.
Angel Otaegiren erretratua.


Erregimen frankistak erabaki zuen 1974ean eta 1975ean hainbat atentatu leporatuta atxilotuak izan ziren ETAko eta FRAPeko militanteak gerra kontseiluetan epaitzea, hau da, auzitegi militarren eskuetatik pasaraztea. Garmendia eta Otaegiri dagokienez, epaiketa 1975eko abuztuaren 28an egin zen, Burgosko Artilleria Erregimentuko 63. zenbakian. Bost ordu igarota hartu zuen Jose Urtubia koronela buru zuen auzitegiak biak hiltzera kondenatzeko erabakia. Senideek ezin izan zuten epaiketa gelara sartu, ezta giza eskubideen aldeko taldeek bidalitako begiraleek ere.

Txikik Garmendiaren eta Otaegiren zigorraren berri Bartzelonako Modelo kartzelan izan zuen, Kataluniako hiriburuan izandako lapurretarekin lotutako epaiketaren zain zegoen bitartean. Bere kasuan ere aski izan zen bistako egun bakarra akusatua heriotzara kondenatzeko, Antonio Vergés Artilleriako koronelak sinatu zuen epaia irailaren 19an, bertan egotzi zitzaion Joni tiroen egiletza materiala. Defentsa abokatuek, Marc Palmések eta Magda Oranichek, hasieratik aurreikusi zuten Txiki exekutatuko zutela, «haren aurka bakarrik zuzendutako sumarioa zen. Denok genekien hil egingo zutela», adierazi zuen Oranichek. Miguel Castells abokatu donostiarrak idatzitako idazki bati sinadura eranstea besterik ez zuten lortu,  zitalki ez hiltzeko eskatuz.

Bitartean, Euskal Herria masiboki mobilizatzen ari zen heriotza-mehatxupean zeuden gazteen alde. Abuztuaren 28an esaterako, greba orokorra egin zen, sei manifestari tiroz zauritu ziren. Abuztuaren 31n, polizia batek tiro batez hil zuen Jesús García Ripalda gazte donostiarra, Euskadiko Mugimendu Komunistako militantea, Grosen egindako manifestazio batean. Greba orokorra errepikatu zen Txikiren epaiketa zela eta, eta jarraipen handia izan zuen, nahiz eta EAJk berariaz baztertu. Ezarritako zigorren berri izan ondoren, mobilizazioak bata bestearen atzetik etorri ziren Europan, eta Espainiako enbaxadei ere erasotu zieten, Lisboakoa, esaterako, sutan jarri zen.  Paulo VI aita santuak eta Kurt Waldheim NBEko idazkari nagusiak telegramak bidali zizkioten Francori, heriotzara kondenatutako hamaika lagunentzat errukia eskatuz. Diktadoreak bost kondena berretsiz erantzun zuen.

Baena, Sánchez Bravo eta García Sanz Hoyo de Manzanareseko tiro-poligonoan fusilatu zituzten, Madrilgo mendilerroan. Otaegi, Burgosko Villalon espetxean, eta Txiki, Sardanyolako hilerriaren ondoan, Bartzelonatik gertu. Espetxeko kideen arabera, Otaegiren agur-hitzak honakoak  izan ziren: «Euskadirengatik hil behar naute. Ez nago damututa. Gora Euskadi askatuta! Iraultza ala hil !». Paredesek bere anaia Mikelekin igaro zuen exekuzioaren aurreko gaua; bere lau anaia txikien argazki baten atzealdean Euskal Herria ahoz aho zeharkatu zuen Che Guevararen poema bat idatzi zuen: «Bihar hiltzen naizenean/ez etorri negar egitera/Ez naiz inoiz lurpean egongo/askatasun haizea naiz». Exekuzio pelotoiaren tiroak jaso zituenean, Txikik ‘Eusko Gudariak’ abestu zuen. Haren gorputzak hamaika bala-zulo zituen ordurako.

Txikik hil aurretik, argazki baten atzean idatzitako Che Guevararen poema.
Txikik hil aurretik, argazki baten atzean idatzitako Che Guevararen poema.


Fusilamenduen ondoren ere, errepresioa kalean

Izugarrizko zirrara eragin zuen Euskal Herrian –baita hemendik kanpora ere– Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru kideren hilketak. Ez bakarrik fusilamenduak gertatu izanak, baita erregimenak hauek burutzean erakutsitako ankerkeriak ere.

Otaegiren ama bost minutu egon zen semearekin Burgosko kartzelan; ondoezik jarri zen eta alde egin behar izan zuen. Izebak eskatu zuen orduan Angel ikusteko baimena, eta ukatu egin zioten behin eta berriz. Hil eta gero ere ez zioten utzi.

Txikiren gorpua Euskal Herrira ekartzea debekatu egin zuen Bartzelonako kapitain jeneralak. Zarautzen hileta egin zion apaiza atxilotu egin zuten, baita Txikiren ama ere. Antonia Manotek mikrofonoa hartu zuen hiletan, bere hitz laburrak «Gora Txiki!» ozen batekin bukatzeko. Bi urte geroago baizik ez zuen jaso gorpuzkiak herriratzeko baimena familiak.

Heriotzen berri izan bezain laster protestak hasi ziren Euskal Herriko kaleetan. Grebak, manifestazioak… eta indar errepresiboen erantzun bortitza. Bizkaian balaz zauritutako sei lagun utzi zituen poliziak, beste bi Guardia Zibilak Pasaian, eta zortzi urteko ume bat Donostian.

Europan ugariak izan ziren mobilizazioak, esaterako Kopenhage, Stockholm, Erroma edo Atenasen. Ankaran Espainiako Enbaxadaren aurkako bonba jaurti zuten, eta Parisen militar espainol bat oso larri zauritu zuen, tiroka, «Brigada Internacional Juan Paredes Manot» izeneko batek.

Madrilen lau polizia hil zituen urriaren 1ean GRAPOk, horietako batzuk labankadaz. Egun berean, jendetza bildu zen Orienteko Plazan, Francori eta erregimenari babesa erakusteko. Diktadoreak balkoitik eman zizkien eskerrak bildutakoei, orduan printze zen Juan Carlos Borboikoa ondoan zeukala. Erakutsitako pankarta batek zioen ‘Más ejecuciones’, eta beste batek ‘Los extranjeros son unos hijos de puta’.

Franco bera handik bi hilabetera hil zen.