Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

«Herriagatik bizitzeko» prest, bost mila bihotz Anaitasunan taupaka, Sorturen ekitaldian

‘Askatzera lotuak’ ekitaldia ondu du larunbat arratsalde honetan Sortuk Iruñean, goraino bete da Anaitasuna Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50.urteurrenean. Azken bost hamarkaden errepaso hunkigarria egin dute, eta aurrera begira nazio berpizkunde baten beharra aldarrikatu dute.

Milaka lagun bildu dira Ainatasuna kiroldegian.
Milaka lagun bildu dira Ainatasuna kiroldegian. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Oteagi eta Txikiren omenez egindako lore-eskaintza.
Oteagi eta Txikiren omenez egindako lore-eskaintza. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia.
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Palestinari elkartasuna adierazi diote.
Palestinari elkartasuna adierazi diote. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Itziar Aizpurua ekitaldian.
Itziar Aizpurua ekitaldian. (jagoba MANTEROLA | FOKU)
Kristiane Etxaluzek hartu du hitza.
Kristiane Etxaluzek hartu du hitza. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Xabier Amuriza ere izan da gaurko ekitaldian.
Xabier Amuriza ere izan da gaurko ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Sortuk Iruñean egindako ekitaldia.
Sortuk Iruñean egindako ekitaldia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Anaitasuna, jendez lepo larunbat honetako ekitaldian.
Anaitasuna, jendez lepo larunbat honetako ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Jon Paredesen senideak ere egon dira.
Jon Paredesen senideak ere egon dira. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)
Arnaldo Otegi, David Fernandez eta Tasio Erkizia.
Arnaldo Otegi, David Fernandez eta Tasio Erkizia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Xabi Larralde Iruñean.
Xabi Larralde Iruñean. (Aitor KARASATORRE | FOKU)
Eneko Etxeberria, ‘Naparra’-ren anaia.
Eneko Etxeberria, ‘Naparra’-ren anaia. (Aitor KARASATORRE | FOKU)

«Aberria ala hil esan zuen Txikik. Aberria eta bizi, diogu guk. Herriagatik behar baita bizi, behar da irabazi». Irabazteko eta bizitzeko milaka kide elkartu dira larunbat arratsalde honetan Anaitasunan, Sortuk Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50.urteurrenaren kari antolatutako ekitaldian. Goraino bete da Anaitasuna, eta zirraraz eztanda egin dute milaka bihotzek taupaka.

16.30ak pasata ireki dira ateak, ekitaldia hasi baino ordubete lehenago, baina lagun zaharren besarkadak ikusi besterik ez da behar izan guztia askoz lehenago hasi zela jakiteko, mugimendu bati lotzerakoan bertan.

Harmailetan zein eserlekuen tartean, ikurrinak, nafar banderak eta Palestinako banderak, pantailan NODOko irudiak eta ikusleen txistuak Francisco Franco agertzen zen bakoitzean; NODOAren soinua isildutakoan iritsi dira txaloak eta oihuak, momentu sinbolikoa izanagatik, belaunaldi oso batentzat zer esan handia izan baitu.

Xabier Amurizak harro eta eskuak goratuz egin du oholtzarainoko bidea, txalo artean eta kantuan hasi da, frankismoaren garaia erretratu du, eguzkia irteten zen unetik bertatik, eta aurrera begira amaitu du: «Izan zirelako gira/ garena izanen dira/ hemen gaude haien arnasa/ bidaltzeko urrutira».

Besarkada batez eman dio Amurizak Kristiane Etxaluzi hitza. Kontalari ederra da Etxaluz, pasioz eta ziurtasunez kontatu du abertzaletasuna nola bizi izan zuen berak eta bere ingurukoek Ipar Euskal Herrian. Txiki eta Otaegiren heriotza zigorren aurkako nazioarteko mobilizazioa kontatu du, baita Paristik Hendaiara egindako emakumeen martxa ere; eta beraien memoria kolektiboan geratutako irudi hori egungo pastoralek berreskuratu izana txalotu du, belaunaldiarteko txirikordak.

Fusilamenduak agindu zituen diktadoreak, eta ekitaldira ere heldu dira, soinu bidez. Baina azkar egin du gora giroak, muxu bat bidali du publikora Itziar Aizpuruak, eta Anaitasuna zutik jarri da, indarra sumatu da hiri buruzagiko pabiloiaren barnean ‘independentzia’ oihuekin batera. Kartzelan jakin zuen Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru militanteen exekuzioen agindua. Kontatu du nola sentitu ziren «hutsaren hurrena», baina ez zutela borrokatik aldentzea lortu, «borroka baita, lagunok, gure herriarekiko sena, maitasuna eta grina bideratzeko lanabesa». Eta jarraian gehitu nola ziegan zegola ezin zituen burutik kendu bi Mariak, Maria Manot eta Maria Otaegi, Txiki eta Otaegiren amak: «Ama maiteok, ze samin ikaragarri izan behar zuen beren sabeleko semeak hil behar zituztela jakitea, zer eta Euskal Herria maitatzeagatik. Hemendik gudari guztien amei eta familiei izen, zuen maiteak gureak ere badirenak, betiko biziko dira gure baitan, bizitzari argia ematen, herriari bidea erakusten». Txaloak eta txaloak. Presoak ere gogora ekarri nahi izan ditu, «kemenez borrokatuko dugu, laster gure artean izan zaitezten, gu guztion maitasunezko besarkada handiena». Anaitasuna lehertu da Aizpuruarekin, ohi duen dotorezia eta pasioz, bihotzetik mintzatu baita larunbat honetan ere.

50 urteko bidea, euskal herritarrena

Elkarrizketan jardutea omen da askapen mugimenduren ezaugarrietako bat, eta halaxe aritu dira Sustrai Colina eta Irantzu Idoate bertsolariak. Colina: «Memoria ez da soilik generazionala/ joskura ere izan leike arrakala/ feminismoa euskara, justizi soziala/ gure korapiloak gaur atzo bezala/ askatasun haizean libratu ditzala». Idoate: «Gazteriaren oihu eta udaberri/ askatasunerantza joan da mendi erdi/ elgarri lot gaitezen gazte, zahar, berri/ zor diogu hamaika borroka ederri / hola eginen gaitu memoriak herri».

«Independentzia ta sozialismoa» oihuen artean iritsi dira Garazi Esnaola eta Maddi Ane Txoperena oholtzara. Lurdes Iriondoren «Gazte gara gazte, ta ez gaude konforme...» kantuan hasi da Esnaola pianoarekin, eta Txoperenak jarraitu dio gaztetasunaren inguruko hausnarketa poetizatu batekin, «Oroitzen ote gara zenbat urte zituzten hil zituztenean? 21 eta 33. Emanen ote genioke egun halako balioa eta ardura adin horretako militante bati? Eta geronek gure guruari? Kritiko baino kristalezko deitzen gaituzte orain, hauskor, sentsible, emozioak erakustea bera ez bailitz gisan mailu bat». Txaloak eta txaloak, buruarekin baietz esaten zuen publikoak, «gazte gara gazte» doinuaz.

Lur Albizu Sorturen Nafarroa Garaiko arduradun politikoak askapen mugimenduaren historiaren geografia marraztu du hitzez, orbainak gogoratuz, gure tokiak goraipatuz, bideak eta bidean galdutakoak...«borrokarako geografia oso bat daukagu, bideak egiten bagaitu, gora bideak».

Lepoan hartu eta segi aurrera kantuaren doinua oraindik ahoan, Kattalin Miner oholtzara igo eta ekitaldiko lelo nagusia izan den ‘Askatzera lotuak’ esamoldea hartu du hausnarketarako, batzuek ondo lotuta utzi nahi zutenetik, bestelako lotura batzuk eraiki dituela nazio askapen mugimenduak azaldu du, «ez dago dena hain lotuta, horregatik erabaki dugu hau dela askatasunaren dantza, askatzera lotuak». Bitartean hiru eskalatzailek Sahatsa Jauregik ekitaldirako egindako altzairuzko obran «askatzera» idatzi dute soken bidez.

Nazio berpizkunde baterantz

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak bere hitzartzean ohoratu du Txiki eta Otaegi fusilatuta, herri honen «askatasun egarria itotzen» ahalegindu baziren ere, ez zutela lortu, eta horren lekuko argia izan direla Anaitasunan elkartutako milaka abertzale, independentista eta ezkertiarrak. «Hemen gaude, haien banderekin, haien ametsekin, haien askatasun grina eta herri gogo berdinarekin», esanez txalotu dute.

Ekitaldian zehar militante antifrankistak gogoratzen ari baziren ere, Rodriguezek nabarmendu du «bakarren batzuk haien memoria kriminalizatzen eta jazartzen» jarraitzen dutela eta hori faxismoari «alfonbra gorria» jartzea dela. Eta, bestalde, Europan «omenaldi instituzionalak» egingo lizketela.

Iragana, oraina eta etorkizuna lotuta daudela behin baino gehiagotan adierazi izan du Sortuk, eta larunbat honetako ekitaldian ere Nazio Askapen Mugimenduaren egitasmo politikoan berretsi dira: «Nazio zapaldua izaki, Euskal herrian klase borrokak, borroka feminista eta gainontzeko borroka askatzaile oro, nazio askapen borrokatik pasatzen da. Txiki eta Otaegiren belaunaldiaren proiektuak inoiz baino gaurkotasun handiagoa dauka, subiranotasuna inoiz baino beharrezkoagoa da».

Denborak arrazoia eman die Rodriguezen hitzetan, «esan genuen, apurketa demokratikorik ezean, frankismoak estatu egituretan gotortuta iraungo zuela». Duela 50 urte «aukera handi bat galdu» zela ohartari du, baina 50 urte geroago, aukera berri bat badagoela azaldu du ilusioz: «Parez pare daukagu gure nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea eskuratzeko aukera eta erronka». Haren arabera, ez dago Estatu espainolaren demokratizazio sakona egiterik Euskal Herriaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea aitortu eta errespetatu gabe: «Espainiako Gobernuak- Estatua beste gauza bat da- aukera berri bat du, historikoa esango nuke, Espainiako arazoari irtenbide demokratiko bat emateko. Eta bai, ondo diot: Espainiako arazoa. Arazoa ez delako Euskal Herriarena eta Kataluniarena, arazoa bere izaera plurinazionala demokratikoki aitortu eta kudeatu ezin duen Estatu batena da».

«Une gako» bate aurrean gaudela ohartarazi du Rodriguezek, eta bloke erreazkzionarioa gobernura iristea edota agenda autoritario eta neofaxista bat martxan jartzeko arriskuaren aurrean, irtenbidearen norantza argi dute Sortuko kideek : nazio susperraldi berri bat martxan jartzea.

Bide luzea egin du Nazio Askapen Mugimenduak gaurdaino, konpromisoa, elkarlana eta konfiantza, Horiek belaunaldien arteko loturan irauteko ezinbesteko osagaiak. Horiek haragiztatu zituzten Arantza Arrutik, Mila Idiakezek, Kristiane Etxaluzek edota Itziar Aizpuruak: «Konpromisoa, kolektibotasuna, herri sena, apaltasuna, eskuzabaltasuna, diziplina, leialtasuna eta bereziki, konfiantza, gure indarrengan eta gure herriarengan».

Irmo onartu du Rodriguezek, «herri gisa hona iritsi baldin bagara, da, duela 50-60 urte, belaunaldi oso batek herri hau bizkar gainean hartu zuelako». Euskal Herrian milaka seme alaba izango zituela esan zion fusilatu bezperan Txikik bere ama Antonia Maria Manoti, eta horri erreferentzia eginez amaitu du, «guk ez dugu etsiko euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera ekarri arte; eta, bereziki, guk ez dugu etsiko euskal estatu independente, sozialista, feminista eta euskalduna eraiki arte».