Pertsona bat ezagutzeko modu asko egon daitezke, horietako bat izan daiteke berak zapaldutako lekuak zeharkatzea. Beste bat, bere bizitzan mugarri izan diren uneak gogoratzea; edo ezagutu zutenen begietatik nolakoa zen entzutea. Horiek gurutzatuz ezagutu du ehunka lagunek igande goiz honetan Juan Paredes, ‘Txiki’, bere herrian, Zarautzen.
1975 herri ekimenak antolatuta sei geldialdi egin dituzte, eta bakoitzean une jakin bat antzeztu dute, bidean zehar audio batzuk entzun dira, bera eta bere garaia ezagutu zutenen istorioak. Jendetza bildu da ia bi ordu iraun duen kale ikuskizun ibiltarian.
Azken Portu. Egaña kalean hasi da ikuskizuna, Extremaduratik iritsi eta bertan hartu baitzuen aterpe Paredes Manot familiak, auto batean iritsi eta maletak eskuan igo da Txiki etxera ama Maria eta anaia Mikelekin. Che Guevararen kamiseta beltza, alkandora laukiduna zabalduta, bakeroak eta mendiko botak, horrelaxe irudikatu dute Txiki. Maletekin etxera sartzerakoan Jon Benito poetak poesia bat errezitatu du: «Zure izenik ez duten zure kaleetan (...) Ez al zenekien Paredes hormak zirela?». Eta Andoni Egaña bertsolariak orduko Azken Portu auzoaz hausnartu du kantuan: «Eta kanpotik heldutakoak/ herrian ez zuten ezer/ hori nahasketa handia genun/ zer espero zitekeen zer/ komunitate bat egin dugu/ zuen ereduei esker».
Txikik lanean hasi nahi duela kontatu dio amari, izan ere, zazpi anai arreba eta gurasoak bizi ziren etxean, amak, bazkaltzeko bokata bana eman eta bizikletan lanera abiatu dira Paredes anaiak. Ibilbidean garaia eta Txiki ezagutu zuten kideen audioak entzun dira: Euskal identitatearen ukazioa izan zen frankismoa / Bidean langileekin elkartzen dira bizikletekin/ Txiki oso aktiboa zen, beti batera eta bestera, eta gehien bat mendian/ Gure denbora futbolinetan pasatzen genuen, Zarautzera neska kanpotarrak etortzen ziren estudiatzera eta haiekin de vacile ibiltzen ginen.../ Gure kuadrillakoa izan zen, Mikelen bidez ezagutu nuen eta segituan lagun mina izan zen...
Plaza Gorria. Bidean beste hainbat langilerekin elkartu eta lantokira bidea irudikatu dute, Plaza Gorrian langile asanblada irudikatu dute, eta grebarekin bat egingo dutela adierazi dute eta hilabeteko greba martxan jarri dute. Uxue Alkorta, Julen Zulaika eta Egañak egin dute bertsotan borroka horien inguruan; Egañaren hitzetan «grina handiko» auzoa zen, «baina argirik gabea». Eta ondoren, bi garai konparatzea zaila dela aitortuz, orduko eta oraingo borrokak ekarri ditu gogora: «...Garaipenaren sinonimo da/ intsumisioa hitza/ feminismoa ere ez al da/ mundu hobe baten giltza/ Baina justizi sozialean/ lehen bezain justu gabiltza».
Bidean offeko ahotsak berriro ere: Oso baikorra zen, ilusioz betea / Umoretsua zen, kezka handiak zituen lan egiten zuen lekuan bazuen lagun bat bera baino zaharrago eta hemengo abertzaletasunaren kezka sartu zion /Ez zekien euskaraz eta indar handia egin zuen ikasteko/ Txikik asko maite zuen mendia, Santa Barbarako paretan makina bat ikurrina jarritakoa da.
Astazubi plaza. Motxila bizkarrean, ikurrina eskuan lagunekin mendirako plana irudikatu dute hirugarren geltokian. Dantzariak lagun, bidea denek elkarrekin egiteko oharra egin dute antolatzaileek, mendizaleei jarraiki, eta hortxe zeharkatu dugu trenbide zaharra ‘Ikusi mendizaleak’ kantatuz. Bidean, Txiki kiosko batera igo da, eta ikurrina jarri du.
Frontoi Txiki. Burgosko prozesuaren eszena irudikatu dute bertan, epailea mahaian eserita, bost gazte bere aurrean, tartean, lore bat buruan, herrikidea zuten eta hil berria den Arantza Arruti. Epaiketari begira bertsolariak hasi dira, Zulaika: «...Burgosko epaiketa/ zer zen nere nota?/ Frankismoa zen, baina/ herri baten kontra»; eta Alkortak erantzun dio: « ...Eragin zuen beldurra/ ta barne krisia/ mantentzen dela oraindik/ eta da bitxia/ epaitegitan ez da/ egin justizia». Une horretako Alkortaren bertso batek jaso du ordura arteko txalo zaparradarik handiena: «... Baina hona begiratu/ ez joan urruti/ bertan izan baigenun/ Arantza Arruti». Antzezleek ‘Eusko Gudariak’ abestu eta bidean aurrera jarraitu da.
Kale Nagusia, Torreluze. Audioek kontatu digute testuingurua: Ia beti mozorrotuta etortzen zen, parean zenuen arte ez zinen konturatzen bera zela/ Ikusi nuen azken aldian Altsasura eramateko eskatu zidan/ Segobiako ihesaldia zela eta dirua behar zen eta Bartzelonan ginenok hor genbiltzan, banku bat ikustera joan ginen eta ateratzerakoan polizia kotxe bat agertu zen, eguerdia zen eta jendez lepo zegoen, tiroka hasi ginen, Txiki korrika hasi zen, farola baten aurka jo eta atxilotu egin gintuzten.
‘Itziarren semea’ abestu dute herritar guztiek batera, eta Guardia Zibilaren koartela izandakoan plaka bat jarri dute: «Hemen torturatu zituzten Itziarren semea eta beste hamaika herritar». Atxiloketa eta torturak antzeztu ostean, iritsi da antzerkiko une gogorrenetarikoa, fusilamenduen unea. Bere anaiaren ahotsetik entzun dugu adioa: Gogoratzen naiz kale nagusi bat igaro genuela polizia atzetik, eta hilerrira iristerakoan ez zutela sartzen uzten. Eskabadorarekin egindako goikalde bat zegoen, eta gogoratzen dut anbulatzia eta abokatuak igo zirela, gogoratzen dut hasieran ez zidatela igotzen utzi, eta azkenean nor nintzela esan eta utzi zidatela. Ni ere txiki xamar izaki guardiei begira zegoela justu-justu ikusten zidan eta begiratzen zuen esanez bezala: zer egingo duzue? Oso espresio berezia zen, ez zen beldurra. Eta nik garaipenaren keinua egin nion. Gora Euskadi askatuta esan eta kantuan hasi zen, lehen estrofan tiroa jo zioten.
Zarauzko Kale Nagusia ‘Eusko Gudariak’ kantatzen hasi da, eta jarraian ‘Al alba’ kantua euskaratuta abestu dute. Pankarta bat zabaldu eta mobilizazio bat irudikatu dute, Musika Plazara bidean aldarrien banderak bi izkinetan, Palestinako bandera, presoak etxeratzearen aldekoa, euskaraz bizitzeko aldarria, mugimendu feministaren banderolak, Ernairenak...
Eta audioan garaiko protestak: Txiki Otaegi, herria zuekin/ Zarautzen inoiz egin diren mobilizazio jendetsuenak izan ziren/ Polizia atzetik jendea korrika joan zen hondartzara, batzuk uretan, polizia atzetik, oso gogorra izan zen/ Nik Txiki pertsonalki ezagutzen nuen eta oso gogorra izan zen/ Egungo eskubideak hauek egindako borrokari esker ditugu, eta egungo borrokak sustraiak borroka horretan ditu.
Musika plaza. ‘Lepoan hartu ta segi aurrera’ kantatuz iritsi dira herritarrak azken geltokira. Bertan, etorkizunari begira jarri dira lehendabizi, eta ipuin bat irakurri dute, hemendik 50 urte barruko «Zarautz desiragarri» bat irudikatuz, 2075eko irailaren 27a.. Bertan, egungo gizarte eredu aldatua irudikatu dute, non etxe komunitarioan bizi diren belaunaldi ezberdinetako herritarrak, non zaintza familiaren nukleotik atera eta partekatua den, non euskara ez dagoen galbidean, non kartzelak eta poliziak ez diren existitzen, non Zarauzko Udalak Txiki eta Otaegiren erakusketarako herriko aretoa uzten duen, non Gudari Eguna ospatzen jarraitzen den, non askeak izateko borrokak dirauan.
Kelly family taldearen 1981eko ‘Txikia’ abestiaren bertsio eguneratu egin du Ane Arrutik, eta bertsolariak ere etorkizunera begira jarri dira. «Oroitzen ez dun herria ez da/ sekula herri izango/ ta amesten ez dun herria ere/ baietz enuke esango», bota du Egañak. Eta Alkortak gazteei begiratu die: «erreakzioak asko badira/ denei da erantzun beharra/ herri berriak jaso dezala/ haize berrien indarra».
Amaitzeko Txikiren senideak igo dira kioskora, eta herriak hunkiturik txalo zaparrada bero batekin hartu ditu, ukabilak goratu dituzte senideek eta eskerrak eman, bi hitz egitearekin batera: «Harrotasuna eta maitasuna sentitzen dugu, herriarengatik familiak jasotako maitasuna».

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

«Tienen más poder algunos mandos de la Ertzaintza que el propio Departamento»

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años













