NAIZ

«Konponbidean sakontzeko beharra» nabarmendu dute iraileko azken ostiralean

Iraileko azken ostiralean Euskal Herriko auzo eta herrietan egindako elkarretaratzeetan, Sarek eta Etxeratek «positiboki» baloratu dituzte ematen ari diren urratsak, baina oraindik salbuespenezko neurriak pairatzen dituzten asko daudela ekarri dute gogora. 

Azken ostiraleko mobilizazioa, Bilbon.
Azken ostiraleko mobilizazioa, Bilbon. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Aurrean ditugun erronka eta egin beharrak hezurmamitzeko ordua da eta eman beharreko urratsak zehazten ari gara dagoeneko», adierazi dute Sarek eta Etxeratek iraileko azken ostiraleko elkarretaratzeetan egindako irakurketan. Adierazi dutenez, «garrantzia handiko uneak ari gara bizitzen» gatazkaren ondorioen konponbideari dagokionean.

Zentzu horretan, euskal presoen eta beraien egoerari dagokionean datuen eguneraketa bat egin dute. Egun zigorrak betetzen ari diren 126 presoetatik 64 dira zigorrak erregimen irekian betetzen ari direnak, hau da, egunerokotasunean kalea zapaltzen ari dira. «Honek, euskal presoen erdia egunerokotasunean kalea zapaltzen ari dela esan nahi du eta noski, positiboki baloratu beharreko datuak dira hauek», adierazi dute.

«Hala ere, beraien zigorrak erregimen itxian betetzen ari diren presoen kopurua zehazten duen zifrak, are txikiagoa beharko luke beste edozein arrazoirengatik espetxean dagoen edozeini aplikatzen zaizkion lege eta espetxe politikak aplikatuko balitzaizkieke euskal presoei. Zer esanik ez, oraindik orain erbestean jarraitzen duten 15 iheslari eta 3 deportaturen egoerak sufrimendu izugarria eragiten jaraitzen duela», gehitu dute.

Horregatik, «bide horretan sakondu beharra dagoela» azpimarratu dute, «salbuespena ezin delako gehiago luzatu, sufrimenduak ezin direlako gehiago luzatu eta konponbideak, bakeak eta elkarbizitzak ezin duelako gehiago luzatu».

Urriaren 18ko konferentzia

Zentzu horretan, gogora ekarri dute Bilboko Euskalduna Jauregian urriaren 18an egingo duten II. Konferentzia. «Aurretik aipaturikoei behin betiko konponbidea emateko bezain besteko beharra baitago urte luzez iraun zuen gatazkak eragindako sufrimenduen biktimek egia jakiteko, errekonozimendua izateko, aitortza instituzionala jasotzeko eta erreparazio duin bat izateko. Prozesu guzti honi ekarpena egiten saiatuko gara beste behin goi mailako hizlari eta herri honetan bizituriko gatazkak utzitako zenbait lekukorekin».

Konponbidearen norantzan falta diren urratsak emateko garaia dela insistitu dute. «Zubiak eraikitzeko momentua da eta zubiak egun batetik bestera eraiki ezin daitezkela jakin badakigu ere, zubiari falta zaizkion piezak jartzen jarraituko dugula berretsi nahi dugu. Orain arteko bidean, behin betiko konponbidea, bakea eta elkarbizitza lortu arte jarraituko dugu lanean. Ezin baita gehiago luzatu».