
Euskal Herrian Euskarazek urteroko manifestazioa egingo du abenduaren 6an Durangon, ostegun honetan egin duen prentsaurrekoan jakitera eman duenez. Gogora ekarri dute iaz ohartarazi zutela, «euskalgintzako eragile nagusien adostasunarekin», hizkuntza larrialdi egoeran dagoela Euskal Herria. Gaineratu dute ordutik igaro den urtebetean antzera batean jarraitu duela egoerak: «Politika publikoei erreparatuz gero, euskararen biziberritzea ez dago lehentasunen artean».
Herri mugimenduak adierazi du azken bi hamarkadetan euskal komunitatearen «nazio nahiz hizkuntza kontzientziak ahuldu» egin direla eta horren erruduntzat jo dituzte «asimilazioa» eta «euskara salbatuta dagoenaren uste faltsua». Halaber, salatu dute instituzioek uste horren «zabalpen interesatua» egin dutela, errealitatea bestelakoa bada ere.
EHEk azaldu du euskaldunak «erlaxatuta» egon izanak «kontrako indarrak bizkortu eta indartu» egin dituela, eta horren ondorio direla zenbait esparrutan ematen hasi diren «atzerapausoak». Egoeraren larritasunaren kontzientzia hartu beharra azpimarratu dute.
Halaber, eragile euskaltzaleak nabarmendu du mundu globalizatu honen parte bezala ulertu behar dela Euskal Herria, ez «gainerako herrialdeetatik eta joeretatik at dagoen lurralde gisa». Testuingurua hori izaki, euskara aldarrikatu dute «askapenerako eta justiziarako tresna» moduan.
«Euskararen aldeko borroka beste borroka askatzaileekin batera ulertzen dugu», adierazi dute, eta, horregatik, «euskaltzaleen artean azkenaldian ugaritu diren diskurtso arrazista nahiz xenofobo oro irmotasunez gaitzesten» jarraituko dutela gaineratu dute.
Era berean, estatu propioa izatea euskararen normalizazioarentzako ezinbesteko pausoa dela berretsi dute: «Baliabide mugatuak ditugu Euskal Herrian euskara biziberritzeko eta frantziar nahiz espainiar estatu supremazistak eta genozidak, borrokaz irabazi izan ditugun tresnak kamusten dihardute, uneoro».
Aldarrikapen horiek denak kalera aterako dituzte abenduaren 6an, 13.00ean, Durangoko Landako gunean, ‘Euskaraz bizitzeko, Euskararen Errepublika’ lelopean

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

Expectación tras hallarse un planeta similar en tamaño y órbita a la Tierra

Dos años de prisión para el jefe de operaciones de la Ertzaintza en Durango por corrupción


